2010/12/20

BERBATALDEAK. Sariaz gozatzen

Ezkerretik eskumara, aurrealdean jarrita, Nerea, Angel, Eva, Ismael eta Ana daude; atzean Jose dago; eta zutik -eskuman- Jose Inazio. Berbalagun hauek maiatzean berbalagun guztien artean egin zen kultur-lehiaketa irabazi zuten eta azaroaren 27an saria disfrutatzera, hau da, Plateruena Kafe Antzokira bazkaltzera joan ziren. Jose Inaziok diñoskunez, Laurak eta Josefinak osatzen dute berbataldea, baina ez zuten afarira joaterik izan.

Angelek eta Jose Inaziok menuaren xehetasunak eman gura izan dizkigute, baina ez batak ez besteak, ez dute menua zehatz-mehatz gogoratzen. Dena den, bapo bazkaldu zutela eta zerbitzaria (singularrean) oso jatorra zela baieztatu digu Angelek. Jakin ahal izan dugunez, Kafe Antzokiko ospakizun hau ez da berbatalde honek aurten egin duen ospakizun bakarra, beste afari bi gehiago ere egin baitituzte, dagoeneko.

2010/12/14

LASTER. Gabonetako afaria


Barikuan, hilak 17, Berbaroren txokoan euskara-ikasleok eta berbalagunok sasoi honetan ohikoa den afaria egingo dugu. Aurtengoa kantu-afaria izango da eta denok izango dugu abesteko nahi beste aukera. Trikitixa ere izango dugu lagun afalaurreko poteoa bitartean.

Trikiti-poteoa egin, jateko gozoa dastatu eta euskal kantei ekiteaz gain, bestelako helburu batzuk ere betetzen ditu Gabonetako afari honek; berbalagunok eta euskara-ikasleok elkar ezagutzea eta harremanetan jartzea, besteak beste.

Beraz, ez iezaiozu ezetzik esan, ikaskide edo berbalagunkide hori, urteari amaiera ona emateko daukazun eskaintza honi. Dei ezazu lehenbailehen Berbalagun-en telefonora eta eman ezazu izena.

2010/12/10

BERBATALDEAK. Igerilekuan

"Ez daukagu beti zertan tabernan geratu; beste nonbaiten ere bil gaitezke... eta datorren astean igerilekuan batzen bagara...?" Esan eta egin. Horrelaxe egin zuten Durangoko berbataldekide hauek. Eta gure lagunen aurpegi irribarretsuak ikusita, bete-betean asmatu zutela pentsa dezakegu. Bai horixe!

Igerilekuko ur beroak eragindako lurrunez inguratuta ageri da gure "sirena-taldea" argazkian. Maite taldekidea ere bertan egon zen, baina berari argazkilari-beharrak egitea egokitu zitzaionez... bada, lasai, Maite, beste baten harrapatuko zaitugu eta.

2010/12/09

LASTER. Ardo-dastaketa ikastaroa


Adi! Adi, Zaldibarko eta Abadiñoko berbalagunok! Zeuontzat bereziki ardo-dastaketa tallerra antolatu baitugu, ardoari buruz apur bat gehiago ikas eta jakin dezazuen. Astelehenean, hilak 13, arratsaldeko 7etan Goierriko txokoan izango duzue zaldibartarrok txanda; abadiñarrok, ordea, asteartean, hilak 14, arratsaldeko 7etan Matienako Errota Kultur Etxean.

Ikastaroan ardoek dauzkaten ezaugarriak antzematen eta bereizten, baita klimak eta lurrak ardoaren osaketan daukaten eragina ere erakutsiko digu Ana Larrañaga adituak.

Beraz, badakizue lagunok. Ardoa dastatu eta berari buruz zeozer gehiago ikasi nahi baduzue, dei ezazue lehenbailehen Berbalagun-en telefonora, izen-ematea dohainik da, baina erreserba aldez aurretik egin behar baita.

2010/12/08

EGUNOKAZ. Xabier Lete hil da

s
Pasa den larunbatean Donostia ospitalean zendu zen Xabier Lete, 66 urte zituela, urteetako gaixotasun larri baten ondorioz.

Xabier Lete oiartzundarrak eragin handia izan du euskal kantagintza modernoan. Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen musikari hau. Baina idazlea ere -idazle ekina, izan ere- izan da Xabier Lete eta, horregatik, kantari askok bere hitzak erabili dituzte. Euren artean, Lourdes Iriondorekin eta Antton Valverderekin, batez ere, elkarlan estuan ibilia da Xabier Lete. Bertso zaharrak berreskuratzen ere lan handia egin zuen Letek.

Xabier Letek sortutako poema eta abesti asko oso ezagunak dira, Ez dut amets haundirik, Izarren hautsa, Itsasoan urak haundi, Haizea dator ifarraldetik eta Xalbadorren heriotzean, esaterako.

2010/12/01

LASTER. Euskal Liburu eta Disko Azoka


Zapatuan zabalduko ditu Gerediaga Elkarteak Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokako ateak. Aurtengo edizioa 45. edizioa da eta, urteroko moduan, nobedadez josita dator aurten ere. Ondotxo dakizuenez, Euskal Herrian ekoiztutako musika eta literaturaren erakusleiho erraldoia izateaz gain, leku guztietako euskaldunen topagunea da Durangoko Azoka.

Aurtengo Argizaiola saria Imanol Urbieta musikari eta idazle emankorrak jasoko du; Imanol Urbieta pedagogoa eta musikaria da eta oso ezaguna, batez ere, umeentzako abesti ospetsu askoren egilea delako. Bestalde, aipatu ere egin behar da aurtengo Liburu eta Disko Azokaren gaia "erotismoa" dela eta herrialde gonbidatua Kurdistan.

Giro sanoan eta euskaldunean murgilduta ibiltzeko nahiko aitzakia ederra eskaintzen digu berez Liburu eta Disko Azokaren gertakizun garrantzitsu honek; baina hau gutxi balitz, Esne Beltza, Gatibu, Ken Zazpi eta Bide Ertzean musika-taldeen kontzertuak izango ditugu Plateruena Kafe Antzokian entzuteko eta ikusteko moduan.

Zapatura arte, lagunak!

2010/11/30

EUSKARA-IKASLEAK. Mintzodromoa

Durangon mintzodromoa eraiki dute. Bai, min-tzo-dro-mo-a! Eta ezetz asmatu non? Bada, Udal Euskaltegian, lagunak. Beno, egia esanda, eraiki, eraiki... ez dute egin behar izan. Maila eta ordutegi ezberdinetako ikasleak elkartu daitezen eta hainbat gairi buruz berba egin dezaten moldatu berri dute gune bat Udal Euskaltegikoek. Gune horretan -mintzodromoan- ikasleek elkar ezagutu eta elkarrekin euskaraz hitz egiteko aukera daukate.

Argazkian ikus ditzakezue Udal Euskaltegiko ikasleak eta irakasleak mintzodromoan. Kafetxoa eta galletak ez dira falta izan, "ez portzierto", mintzodromoaren inaugurazioan.

Urte askotarako!

2010/11/29

BERBALAGUNAK. Isa

Isa Aguilera Moyak bi urteko eskarmentua dauka Berbalagun egitasmoan eta, halere, hirugarrenari ekiteko zalantzarik ez du izan. Berrizen jendeak euskaraz berba egiten zuela konturatuta, orain dela bi urte euskaltegian eman zuen izena lehenengoz santurtziar honek. Ondoren Berbalagunen apuntatu zen. Harrezkero, 1. eta 2. mailako euskara-tituluak lortu ditu eta egun 3. mailan dihardu.

30 urteko gazte honek ingeniaritza ikasketak egin zituen Bilbon. Titulua lortuta ez ezik, gizonaz maiteminduta ere utzi zuen Isak unibertsitatea, ikasketok amaitutakoan. Gerora, Zaldibarren lana topatu zuenez, Iker bere senarrarekin etorri zen honantza. Bost urte daroaz Isak Berrizen eta dagoeneko berriztartuta dago.

Musika, zinema, txakurrarekin paseatzea eta bidaiatzea ditu gustuko Isak. Batez ere, bidaiatzea: beste kultura eta leku batzuk ezagutzea... Oporretako unerik atseginena horrela deskribatzen digu Isak: "Leku lasai eta galdu baten, autokarabana ondoan etzanda, senarra alboan dagoela, liburu on bat irakurtzen".

2010/11/25

GOGORATU! Berbalaguneko partaide izatearen abantailak

Berbalaguneko kidea izateagatik zein abantaila eta deskontu dauzkazuen gogorarazi nahi dizuegu oraingo honetan.
  • Berria egunkariaren asteburuetako harpidetzan deskontua. (info)
  • AIZU! aldizkariaren harpidetzan deskontua. (info)
  • UEUko (Udako Euskal Unibertsitateko) ikastaroetan deskontuak. (info)
  • EHUko (Euskal Herriko Unibertsitateko) aukera askeko kredituak. (info)
On dagizuela!

2010/11/21

LASTER. Osteratxo bat Himalayan barna

Ostegunean, hilak 25, iluntzeko 7,30etan Pinondo Etxean "Osteratxo bat Himalayan barna" diaporamaz gozatzeko aukera izango dugu.

Estik eta Josebak Himalayako mendietan zehar egindako "trekking"-aren ondorioa da muntaia hau. Ibilaldian izandako bizipenak, ikusitako parajeak, bisitatutako herriak eta ezagututako jendea ditu ardatz diaporama honek.

Himalaya aldea ezagutzeko abagune ezin hobea eskaintzen digu Estik eta Josebak prestatutako diaporama eder honek.

Elorrioko, Abadiñoko eta Zaldibarko herritarrak ere berba-lagun

Elorrion martxan hasi ziren -gogotsu hasi ere- 6 berbatalde pasa den astean. Bihartik aurrera -Elorriokoek bezain gogotsu- Abadiñon 4 berbataldek eta Zaldibarren 3k ekingo diote aurtengo jardunaldiari.

Berbalagun egitasmoak berbataldeetan dauden hainbat euskaldun-laguntzaileren parte hartze barik ez leukakeela aurrera egiterik aipatu barik ezin dugu utzi. Doala hemendik eurengana, bada, gure eskerrona.

Bestalde, Iurreta ere Berbalaguneko atean joka dabilela esan behar dugu. Berbalagunen laster izango dugu, beraz, iurretarren berri.

2010/11/18

LASTER. Euskal zinema

Azaroaren 22tik abenduaren 2ra, Berrizko Kultur Etxean, Euskal zinema ikusgai. Hona hemen egitaraua:

- Azaroaren 22an, 19:00etan: Zorion perfektua
- Azaroaren 23an, 19:00etan: Itsasoaren alaba
- Azaroaren 24an, 19:00etan: 80 egunean
- Azaroaren 25ean, 19:00etan: Palabras que vienen del mar
- Azaroaren 26an, 20:00etan: Ander
- Azaroaren 28an, 19:00etan: Izarren argia
- Azaroaren 29an, 19:00etan: Sagarren denbora
- Azaroaren 30ean, 19:00etan: La máquina de pintar nubes
- Abenduaren 1ean, 19:00etan: Checkpoint rock
- Abenduaren 2an, 19:00etan: Querida Bamako

2010/11/15

EUSKARA-IKASLEAK. San Martin kiniela

Atzo jaso zuten saria "San Martin kiniela"ko asmatzaileek. AEK-k urtero ikasleen artean zabaltzen duen galdetegia da "San Martin kiniela". Txarrien eta txarriboden gainean gehien dakienak neguari aurre egiteko besteko otzara ederra irabazteko aukera izaten du. Izan ere, jakin ahal izan dugunez, txarrikiez gain, Tolosako zigarroak eta Gorrotxategiren turroiak ere ez dira falta izan aurtengo otzaran.

Argazkian, sarien ondoan, irabazleetako bat ageri da bere taldekideekin batera. On dagiela!


2010/11/12

LASTER. Xabier Amurizarekin solasaldia


Asteazkenean, hilak 17, goizeko 10etan Durangoko udal liburutegian aukera ezin hobea izango dugu literaturaren munduan murgiltzeko Xabier Amurizaren eskutik.

Bertsolari eta idazle handi hau hobeto ezagutzeko parada edukiko dugu, hortaz, asteazken goizean udal liburutegira hurreratu ahal garen guztiok. Xabierrek, gainera, "Euskara batuaren bigarren jaiotza" liburuari buruz berba egingo digu.


Berrizko berbalagunak prest



Atzo izan zen Berrizen Berbalagun egitasmoaren aurkezpen-batzarra. "Anbulatorio zaharrean" izan zen batzarra, eta oso giro atsegina egon zen (berbalagun batzuen umeek zerikusi handia izan zuten horretan). Astelehenean ekingo diote Berrizko berbalagunek aurtengo jardunaldiari.

Aurtengo berbalagun bat gorra dela ere ezin da aipatu barik utzi. Hori da meritoa, hori, Gorettik daukana!

2010/11/05

Durangoko berbalagunak euskararekin bat



Hainbat berbalagunkide batu ziren atzo Pinondo Etxean izandako aurkezpen-ekitaldian. Bertan, egitasmoaren gaineko xehetasunak jasotzeaz gain, berbataldeen osaketa eta taldekideak ezagutu ahal izan zituzten. Berbalaguneko parte hartzaileek gogor ekingo diote, astelehenetik aurrera, euskaraz egiteko eta zabaltzeko konpromisoari.
Hasi, 12 berbatalde hasiko badira ere, oraindik izena emateko aukera dagoenez, baliteke berbataldeen kopurua handitzea.

2010/10/28

Nor ote da?


Hementxe dugu Ziortza, Berbalagun egitasmoaren arduradun berria. Berarengan ohikoa denez, ingurua aztertuz ... iluntasunetik argia bilatuz... Hau da gure mintza-praktika programa hau kudeatuko duena, berbalagunak harremanetan paratuko dituena eta berbataldeak babestuko dituena. Ilunpetik, batzuetan... argitan, besteetan. Enfin! Hau da arduradun berria!
Posted by Picasa

Aurkezpen-batzarra Durangon



Ostegunean, azaroak 4, iluntzeko 7,30etan Berbalagun egitasmoaren aurkezpen-batzarra izango da Pinondo Etxean. Bertan programari buruzko informazio zehatzagoa emango da. Halaber, berbataldeen aurkezpena ere egingo da.

Proiektuan izena emanda daudenez gain, interesa edo jakinmina duen oro etor daiteke batzar honetara eta ongi etorria izango da.

Durangaldeko BERBALAGUN, abian




"Atera arbela kalera" lemapean, ondoko egunetan emango dio hasiera AEK-k aurtengo ekitaldiari.

Aurten Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoa osatzen duten herri guztietako biztanleek parte hartzeko aukera izango dute Berbalagun egitasmoan; dohainik, gainera. Horrela, bada, Elorrion, Zaldibarren, Berrizen, Durangon eta Abadiñon ez eze, Atxondon, Izurtzan, Mañarian eta Iurretan ere, herrian bertan, partu hartu ahal izango da Berbalagun mintza-praktika programan. Udalerri hauetako euskara-zerbitzuak, euskara-elkarteak, euskaltegiak, Hizkuntza Eskola eta Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoa dira programa honen sustatzaileak.

2010/07/16

BERBALAGUN ARGAZKIAK

Aurten Durangaldeko berbalagunetan ibilitakoen lekukoa!!

Irailean ere berriz elkar ikusiko dugulakoan jaso ezazue agurrik beroena durangaldeko egitasmoetan ibili garen dinamizatzaileon aldetik!!!



DIAPORAMA ELORRION

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren babesarekin eta Elorrixoko euskara zerbitzuarekin elkarlanean, diaporama emanaldi interesgarri bat izan genuen Elorrion ekainaren 3an.

Iturri kultur etxean, Himalayan zehar egindako bidaia baten gorabeherak ezagutzeko aukera izan genuen Estiren eskutik.

20-30 lagun bildu ginen bertan, tartean, berbalagunak, euskara ikasleak eta herritarrak. Batek baino gehiagok uda parteko oporrak antolatzeko ere aprobetxatu zuen ekitaldi hau!

Berbalagun azken bazkaria

Durangaldeko Berbalagunek Ekainaren 19an egin genuen jaitxoarekin eta plateruenean egin genuen bazkari oparo batekin eman genion aurtengo edizioari bukaera.
Durangoko kaleak "dangiliske" taldearekin alaitzen ibili ondoren-dultzainak, soinua,...- durangaldean talde ezberdinetan ari garen berbalagunak plateruena kafe antzokiara abiatu ginen. Bazkaldu ondoren, kantaldia ere izan genuen.

Hala ere, honekin dena ez da bukatu eta berbalagun taldeetan ere afaritxoak, etab..prestatu zituzten ekainean zehar oporraldia ondo baino hobeto hasteko eta iraila-urrirako itzulia gogotsu hartzeko.
Hona hemen jaitxoaren lekuko rgazki bilduma…



2010/06/07

DURANGALDEKO BERBALAGUN BAZKARIA

DURANGALDEKO BERBALAGUNAK

Berbalagunak Ekainaren 19an plateruenean egingo dugun bazkari oparo batekin emango diogu bukaera aurtengo edizioari . Hala ere, dena ez da bukatu eta berbalgun taldeetan ere afaritxoak, etab..prestatu dituzte ekainean zehar oporraldia ondo baino hobeto hasteko eta irailerako itzulia gogotsu hartzeko.

Izena emateko azken eguna ekainaren 15a izango da. Dagoeneko berbalagunak izena ematen hasi dira.

ZABALA da; berbalagun, ikasle, irakasle, lagun, euskaltzale,burkide,maitale,auzokide, amona.......euskaraz aritzeko gogue besterik ez da biher!

2010/05/28

DIAPORAMA ELORRION


DURANGALDEKO BERBALAGUNAK
ANTOLATUTAKO EMANALDIA
Durangaldeko berbalagunak amankomunazgoaren babesarekin eta Elorrioko euskara zerbitzuarekin elkarlanean, diaporama-hitzaldi bat antolatu du Elorrion, datorren ekainaren 3an.
Bertan Estik Himalayan bizi izandako esperientzia interesgarria kontatuko digu.

Danok zaudete gonbidatuta!!

2010/05/20

MINTZA EGUNA ARRASATEN


DURANGALDEKO MENUAK ELORRIO

Antzerkia Elorrixoko Arriola Aretoan
"XABINEITOR superheroi euskalduna"
Datorren ostiralean Elorrion izango dugu Gorringo antzerki taldeak eskeintzen digun antzaslanerako gonbitea egin nahi diegu Durangaldeko berbalagunei.
Berba egin, lan egin, oparitu, jolastu, gozatu, barre egin, maitatu, dantzatu...euskaraz!!!


DURANGALDEKO MENUAK BERRIZ

Berrizen ere adin guztietarako ikuskizunak
euskaraz bizi!

DURANGALDEKO MENUAK ZALDIBAR


Zaldibarren antolatutakoak hile hauetan

DURANGALDEKO MENUAK DURANGO

Hona hemen Durangon antolatutako hainbat ekitaldi interesgarri, gainean klikatu eta bertatik bertara ikusi ahal izango dituzu...Ekainerako San Agustin kultur gunean izango ditugun ikuskizunak.
Berbalagun eta euskara ikasleentzat prezio bereziak.
Parte hartu! eta gozatu euskaraz!!

DURANGALDEKO MENUAK ABADIÑO

Bidaiei buruzko programa Abadiñon

Herrialde exotikoak eta bidaiatzeko moduak

Guztira, erakusketa bat eta zortzi hitzaldi izango dira maiatza eta ekainean Errota eta Txanportako kultura-etxeetan

Familiakoekin batera Europan barrena bizikletan ibilaldi bat egitea, Irango exotismoa eta merke bidaiatzeko trikimailu batzuk…, horra hor Abadiñoko Udalak maiatz eta ekainean Txanporta eta Errotako kultura-etxeetan antolatu duen bidaiei buruzko programako hitzaldi batzuen ardatza.

Bidaiatu TAN TAN TAN! (Bidaiatu egueneTAN zazpieTAN Kultur EtxeeTAN)". Horren bidez, bidaietan izandako hainbat bizipenen berri eman nahi zaie herritarrei, beste lur batzuk ezagutu ditzaten eta munduan barrena egin nahi dituzten ibilaldiak hobeto hautatu ditzaten. Guztira, zortzi hitzaldi eta proiekzio izango dira. Horien bidez, Abadiñoko herritarrek eta Euskal Herriko beste toki batzuetako bidaiariek beste lurralde batzuetan izandako bizipenen berri emango dute.

Programa maiatzaren 6an hasiko da: Donostiako familia bateko kideek –Mikel Bringas-ek, Rosa Lizasok eta Eki eta Lur seme-alabek– Europako hainbat herrialdetatik bizikletaz egindako ibilaldia kontatuko dute. Maiatzaren 13an, Asier Aranzabal eta Mila Gallastegi zornotzarrek klixeetatik ateratzen den herri batean izandako bizipenak azalduko dizkigute: Irango bizipenak.

Maiatzaren 20an, Mertxe Bilbao bilbotarrak gomendioak emango ditu munduan barrena diru gutxirekin ibili ahal izateko; eta, hurrengo ostegunean, Maite Blanco elorriarrak eta Aitor Huici iruindarrak Txinan izandako bizipenak kontatuko dituzte.

Ekaineko saioak ekainaren 3an hasiko dira, eta, horrenbestez, Bruselako Alice Goffart-ek eta Andoni Rodelgo eibartarrak mundu osoan barrena hiru urtez bizikletan egindako bidaiaren berri emango dute.

Astebete geroago, Eneko Espino gasteiztarrak eta Oscar Martinez abadiñarrak Maliri buruz hitz egingo dute; eta, ekainaren 17an, Amaia Ardanza abadiñarrak Indian eta Nepalen izandako bizipenak azalduko ditu. Azkenik, maiatzaren 24an, Amaia Huarte abadiñarrak bere herritik Norvegiaraino furgonetaz egindako ibilaldia kontatuko du.
Ekainean, Udalak erakusketa bat antolatuko du, parte-hartzaile guztien bidaietako argazkiak bilduta.

Informazio gehiago nahi izanez gero klikatu hemen.

MINTZA EGUNA



Berbalagun eguna edo Mintza eguna ARRASATEn

Euskaraz gozatzeko, ondo pasatzeko, beste herrietako edo egitasmoetako berbalagunak ezagutzeko eguna dugu hau.

Proiektu honetan parte hartzen dugun guztiontzako omenaldia eta saria.

Aurten Arrasaten izango da, eta bertako kaleak berbalagunez betetzea espero dugu, zorionez, gero eta berbalagun gehiago baitago.

Durangaldeko Berbalagunak AUTOBUSA JARRIKO DUGU joan nahi duzuen guztiontzat. Autobuserako, izena eman besterik ez da egin behar, Durangaldeko Amankomunazgoak diruz laguntzen baitu.

Goizeko 9:30ean Zaldibarren, Berrizen 9:45an, Durango10:00etan Madalenako autobus geltokian, Abadiñon 10:15etan, Zelaietan eta Elorrixon 10:30ean Interren.

Mintza eguneko egitaraua honako hau duzue:

11:00etan Ongi etorria berbalagun guztioi eta hamaiketakoa denontzat plazan.

12:00etan Ibilaldi gidatua Arrasatetik

13:30etan Kalejira ( berbalagun guztiok dantzan herria zeharkatuko duen kalejiran)

14:30etan Bazkaria herriko plaza nagusian (20 eurotan)

15:30etan Sari banaketa berezia

16:00etan Erromeria KATAIA taldearekin

Autobusean izena emateko azken eguna maiatzaren 28an bukatuko da. Bazkari txartelak nahi dituenak lehenebailehen bidali mezu bat berbalagun helbidera durangaldea@aek.org edo deitu 639400786 zenbakira.

Gogoratu! bazkaria : 20 euro

Izena emateko:
Durangaldeko AEK euskaltegietan edo 946817349
Durangoko Udal euskaltegian 946030040
Berbaro euskara elkartean 946201918
Durangoko euskara zerbitzuan 946030016

Izena ematearekin batera idatzi/eman telefonoa

2010/05/13

NAFARROAN EUSKARAZ BIZITZEKO ESKUBIDEA

Nafarroako euskalgintzak, maiatzaren 15ean Iruñean egingo den
manifestaziora deitu du. Euskarak Nafarroan bizi duen egoerarekin
kezkatuta eta Nafarroako Gobernuak euskararekiko duen kontrako
jarrera salatzeko.
Durangotik Berbaro euskara elkarteak autobusa antolatu du
Iruñeara joateko. Durangaldeko berbalagun dinamizatzaileok,
berbalagun taldeetan ari diren kideei, euskara ikasleei, euskaldun zaharrei,..
bertan parte hartzeko gonbitea egin nahi diegu.