2010/11/30

EUSKARA-IKASLEAK. Mintzodromoa

Durangon mintzodromoa eraiki dute. Bai, min-tzo-dro-mo-a! Eta ezetz asmatu non? Bada, Udal Euskaltegian, lagunak. Beno, egia esanda, eraiki, eraiki... ez dute egin behar izan. Maila eta ordutegi ezberdinetako ikasleak elkartu daitezen eta hainbat gairi buruz berba egin dezaten moldatu berri dute gune bat Udal Euskaltegikoek. Gune horretan -mintzodromoan- ikasleek elkar ezagutu eta elkarrekin euskaraz hitz egiteko aukera daukate.

Argazkian ikus ditzakezue Udal Euskaltegiko ikasleak eta irakasleak mintzodromoan. Kafetxoa eta galletak ez dira falta izan, "ez portzierto", mintzodromoaren inaugurazioan.

Urte askotarako!

2010/11/29

BERBALAGUNAK. Isa

Isa Aguilera Moyak bi urteko eskarmentua dauka Berbalagun egitasmoan eta, halere, hirugarrenari ekiteko zalantzarik ez du izan. Berrizen jendeak euskaraz berba egiten zuela konturatuta, orain dela bi urte euskaltegian eman zuen izena lehenengoz santurtziar honek. Ondoren Berbalagunen apuntatu zen. Harrezkero, 1. eta 2. mailako euskara-tituluak lortu ditu eta egun 3. mailan dihardu.

30 urteko gazte honek ingeniaritza ikasketak egin zituen Bilbon. Titulua lortuta ez ezik, gizonaz maiteminduta ere utzi zuen Isak unibertsitatea, ikasketok amaitutakoan. Gerora, Zaldibarren lana topatu zuenez, Iker bere senarrarekin etorri zen honantza. Bost urte daroaz Isak Berrizen eta dagoeneko berriztartuta dago.

Musika, zinema, txakurrarekin paseatzea eta bidaiatzea ditu gustuko Isak. Batez ere, bidaiatzea: beste kultura eta leku batzuk ezagutzea... Oporretako unerik atseginena horrela deskribatzen digu Isak: "Leku lasai eta galdu baten, autokarabana ondoan etzanda, senarra alboan dagoela, liburu on bat irakurtzen".

2010/11/25

GOGORATU! Berbalaguneko partaide izatearen abantailak

Berbalaguneko kidea izateagatik zein abantaila eta deskontu dauzkazuen gogorarazi nahi dizuegu oraingo honetan.
  • Berria egunkariaren asteburuetako harpidetzan deskontua. (info)
  • AIZU! aldizkariaren harpidetzan deskontua. (info)
  • UEUko (Udako Euskal Unibertsitateko) ikastaroetan deskontuak. (info)
  • EHUko (Euskal Herriko Unibertsitateko) aukera askeko kredituak. (info)
On dagizuela!

2010/11/21

LASTER. Osteratxo bat Himalayan barna

Ostegunean, hilak 25, iluntzeko 7,30etan Pinondo Etxean "Osteratxo bat Himalayan barna" diaporamaz gozatzeko aukera izango dugu.

Estik eta Josebak Himalayako mendietan zehar egindako "trekking"-aren ondorioa da muntaia hau. Ibilaldian izandako bizipenak, ikusitako parajeak, bisitatutako herriak eta ezagututako jendea ditu ardatz diaporama honek.

Himalaya aldea ezagutzeko abagune ezin hobea eskaintzen digu Estik eta Josebak prestatutako diaporama eder honek.

Elorrioko, Abadiñoko eta Zaldibarko herritarrak ere berba-lagun

Elorrion martxan hasi ziren -gogotsu hasi ere- 6 berbatalde pasa den astean. Bihartik aurrera -Elorriokoek bezain gogotsu- Abadiñon 4 berbataldek eta Zaldibarren 3k ekingo diote aurtengo jardunaldiari.

Berbalagun egitasmoak berbataldeetan dauden hainbat euskaldun-laguntzaileren parte hartze barik ez leukakeela aurrera egiterik aipatu barik ezin dugu utzi. Doala hemendik eurengana, bada, gure eskerrona.

Bestalde, Iurreta ere Berbalaguneko atean joka dabilela esan behar dugu. Berbalagunen laster izango dugu, beraz, iurretarren berri.

2010/11/18

LASTER. Euskal zinema

Azaroaren 22tik abenduaren 2ra, Berrizko Kultur Etxean, Euskal zinema ikusgai. Hona hemen egitaraua:

- Azaroaren 22an, 19:00etan: Zorion perfektua
- Azaroaren 23an, 19:00etan: Itsasoaren alaba
- Azaroaren 24an, 19:00etan: 80 egunean
- Azaroaren 25ean, 19:00etan: Palabras que vienen del mar
- Azaroaren 26an, 20:00etan: Ander
- Azaroaren 28an, 19:00etan: Izarren argia
- Azaroaren 29an, 19:00etan: Sagarren denbora
- Azaroaren 30ean, 19:00etan: La máquina de pintar nubes
- Abenduaren 1ean, 19:00etan: Checkpoint rock
- Abenduaren 2an, 19:00etan: Querida Bamako

2010/11/15

EUSKARA-IKASLEAK. San Martin kiniela

Atzo jaso zuten saria "San Martin kiniela"ko asmatzaileek. AEK-k urtero ikasleen artean zabaltzen duen galdetegia da "San Martin kiniela". Txarrien eta txarriboden gainean gehien dakienak neguari aurre egiteko besteko otzara ederra irabazteko aukera izaten du. Izan ere, jakin ahal izan dugunez, txarrikiez gain, Tolosako zigarroak eta Gorrotxategiren turroiak ere ez dira falta izan aurtengo otzaran.

Argazkian, sarien ondoan, irabazleetako bat ageri da bere taldekideekin batera. On dagiela!


2010/11/12

LASTER. Xabier Amurizarekin solasaldia


Asteazkenean, hilak 17, goizeko 10etan Durangoko udal liburutegian aukera ezin hobea izango dugu literaturaren munduan murgiltzeko Xabier Amurizaren eskutik.

Bertsolari eta idazle handi hau hobeto ezagutzeko parada edukiko dugu, hortaz, asteazken goizean udal liburutegira hurreratu ahal garen guztiok. Xabierrek, gainera, "Euskara batuaren bigarren jaiotza" liburuari buruz berba egingo digu.


Berrizko berbalagunak prest



Atzo izan zen Berrizen Berbalagun egitasmoaren aurkezpen-batzarra. "Anbulatorio zaharrean" izan zen batzarra, eta oso giro atsegina egon zen (berbalagun batzuen umeek zerikusi handia izan zuten horretan). Astelehenean ekingo diote Berrizko berbalagunek aurtengo jardunaldiari.

Aurtengo berbalagun bat gorra dela ere ezin da aipatu barik utzi. Hori da meritoa, hori, Gorettik daukana!

2010/11/05

Durangoko berbalagunak euskararekin bat



Hainbat berbalagunkide batu ziren atzo Pinondo Etxean izandako aurkezpen-ekitaldian. Bertan, egitasmoaren gaineko xehetasunak jasotzeaz gain, berbataldeen osaketa eta taldekideak ezagutu ahal izan zituzten. Berbalaguneko parte hartzaileek gogor ekingo diote, astelehenetik aurrera, euskaraz egiteko eta zabaltzeko konpromisoari.
Hasi, 12 berbatalde hasiko badira ere, oraindik izena emateko aukera dagoenez, baliteke berbataldeen kopurua handitzea.