2018/05/30

LEHIAKETARAKO ARGAZKI GEHIAGO

Argazkiak aurkezteko epea bihar bukatzen da, eta badirudi jendeak azken momentura arte itxoin duela. Hemen dituzue, bidali dizkiguten beste argazki batzuk.
Argazkilari profesional eta berbalagunak izango ditugu epaimahai.
Eta saridunaren izena datorren ostegunean jarriko dugu blog honetan. 


Dudarik gabe, Durangaldeko paisaiak aberastasun paregabea dauka. Gure ibaiak, ibarrak, mendiak, eta landak, basoak, fauna eta flora, baserriak, klima berezia... uste dut merezitako balioa behar duela. Argazki honetako txoko hau, horren adibide on bat da. Besaidetik Udalaitzera doan bidea Anboto atzealdean dugula... naturaren sentsazioa erabatekoa da. Hain paisaia ederra eta etxetik hain hurbil...





Nire argazkia Axpeko plaza ezaguna da. Plaza erdi-erdian dago eta bertatik bista ikusgarri zein ederrak ikus daitezke. Handik Anbotoko mendia ikusten da.Haren alboan jatetxe ospetsu bat dago, Etxebarri. Bertan jaten dutenek oso garestia dela esaten dute baina janariak merezi duela. Ez dago honelako beste lekurik edo txokorik!






 Intxorta tontorra (735m) Elgeta eta Elorrio artean kokatzen da, bakean sentitzen naiz han. Intxortan beti dabil haizea, batzuetan leun eta gozo eta bestetan bortitz eta busti. Bakarrik joatea gustatzen zait belarretan jarri eta egotera, horrela Intxorta sentitu egiten da. Nahi izanez gero mendiko oinetakoak jantzi, ogi koxkorra eta txorizo muturra sartu motxilatxoan eta han duzue zain. Ondo hartuko zaituztete!


Elorrio historiaz beteta dago. Bere jauregi eta kaleek Landa ingurune zoragarria egiten dute.  Argiñetako nekropolitik herriaren ikuspegi ederrak dauzkagu, nire herrialdeko oroitzapenak ekartzen dizkit. Mendiko ibilbideak naturaren artean daude. Herri honek ezagutzea merezi du.
Hau da nire etxetik hurbil dagoen paisaiarik ederrena. Eguraldia ona denean edo deskonektatzea nahi dudanean, gehien gustatzen zaidan lekua da. Beti hona etortzen naiz naturaren koloreak ikustera sasoi honetan oso bitxiak dira eta. Alde batetik, landareen berde ederra eta bestetik zeruaren urdina. Zerua hodei zuri-zuriekin betea dago mendiaren ondoan. Nahiz eta euria egin eta zerua laino grisekin bete, leku honek ez du bere edertasuna galtzen.

2018/05/29

Durangaldeko txokorik ederrena ARGAZKI LEHIAKETA

Hemen dituzue jasotako argazki batzuk. Gogoratu, argazkiak jasotzeko epea ostiralean, Ekainaren 1ean, bukatzen dela.
Oraindik garaiz zabiltzate zuen txoko gustukora joan eta klik batzuk egiteko. Idatzi hitz batzuk (30-40 hitz) zergatik duzuen gustuko azaltzen eta bidali.



 Atxondoko bailaran zehar ibilbide batean murgilduta nagoenean ANBOTO aurrez aurre ikustean sentitzen dudan lilura eta pasioa deskribaezina da. Neguan edurtuta dagoenean edota udan argi izpien distirarekin beti da ederra bere inguruan gozatzea eta erlaxatzea.






 

Arrazolatik hasi eta Anbotora bidean dagoen pagadia eta bertatik igarotzen den erreka magikoak dira. Edozein momentutan galtzagorriak, Lamiak edota Mari bera agertuko direla pentsatzen dut.




Nik Durangoko txoko hau dur gustuko nire etxeko sukaldetik ikusten diren bistak direlako. Argazkian, mendiak eta atletismo pista agertzen dira, eta hauek gehien gustuko ditudan gauzetatik batzuk dira. Nire ustez gainera, Durangoko lekurik eta orokorrean bistarik politenak dira eta  horregatik aukeratu dut txoko hau.
 

Bizitzak astintzen nauenean, Iruatxeta Goiko orratzera joaten naiz, bere aurrean jesartzen naiz eta isilean bere energiaz bustitzen naiz. Bere indarrak harritzen nau baita adoretasunak eta bakarlekuaren edertasunak ere. Han egoten naizenean, ezer ez da berdin, dena urrun geratzen da. Horregatik, bera da nire txoko xarmangarria. 

2018/05/24

AUSTRALIA BIDAIA KONTAKETA ZALDIBARREN

Izaro eta Urdin Elorriarrek Australian, bizikleta eta bere 3 urteko semearekin egindako bidaia kontatuko digute. Diaporama, hau da, argazki eta audioz uztartuta, bidaian izandako bizipenak kontatuko dizkigute.


2018/05/21

FOCACCIA ETA PIZZA SUKALDARITZA TAILERRA ELORRION

Oraingoan italiarrentzat oso bereziak diren 2 errezeta egiten ikasiko dugu: Focaccia eta Pizza. Focaccia, italiarren oso ogi berezi bezain tipikoa da, eta ezin goxoagoa. Eta pizza, dagoeneko gure jateko ohituretan oso sartuta daukagun elikagaia.
Tailerraren bukaeran, prestatutakoa lagun giroan dastatzeko aukera izango dugu.

2018/05/17

EUSKAL KANTUGINTZA HITZALDI-MUSIKATUA

Euskal Herriko historian zehar, musikaz eta magiaz beteriko bidaia hunkigarria egin genuen atzo, Mikel Markez eta Eñaut Elorrietaren eskutik.

Bidaia honetan, hamarkadaz hamarkada, egoera soziopolitikoa islatzen zuten irudiekin gure buruak behin eta berriz atzera egin zuen. Gure herriaren historian garai gogorrak izan arren, urte emankorrak eta sormen handikoak izan ziren. 60. hamarkadan sortu zen, adibidez, Ez Dok Amairu eta eztanda eragin zuen euskal musikagintzan. Haren errautsetatik hainbat egitasmo sortu ziren gerora: Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Benito Lertxundi...
Egoera politikoa aldatu ahala, kantagintza berria ere aldatzen joan zen. Gaur eguneko garaietara iritsi arte, baina nondik gatozen ahaztu gabe.
Musika entzuteko eta partekatzeko erabilitako gailuen errepasoa ere egin zuten: ahotsa, binilozko diskoa, kaseteak, CDak eta gailu elektronikoak.

Guzti hau eta askoz gehiago azaldu ziguten hitzez eta kantuz Mikel eta Eñautek.
Txoriak txori, Xalbadorren heriotza, Lau teilatu eta Baga biga higa bezalako kantu mitikoak entzuteko aukera izan genuen, han batu ginen denon gozamenerako.
 
Bideoan duzue emanaldiaren bukaeran abestu zuten Baga Biga Higa abestia, eta argazki batzuk.
















2018/05/11

DURANGALDEKO TXOKORIK EDERRENA ARGAZKI LEHIAKETA

Zein da zure durangaldeko txokorik gustukoena? Atera argazki-kamera edota mugikorra, eta hasi argazkiak ateratzen. Idatzi hitz batzuk zergatik duzun gustuko azaltzen eta bidali.



2018/05/10

EUSKAL KANTUGINTZA HITZALDI-MUSIKATUA

Datorren asteazkenean, Maiatzak 16, Mikel Markez eta Eñaut Elorrietarekin batera, euskal kantugintzaren historia errepasatuko dugu. Hitzez, kantuz, musikaz eta sentimenduz betea.
PLAZA MUGATUAK!
Deitu edo idatzi telefono honetara: 639 400 786


2018/05/09

GAZTANDEGIRA BISITA

Giro ezin hobea izan genuen atzo Sagasta auzoan, Aitor Urienek duen gaztandegian. Gazta egiteko ezinbestekoa den artaldea ezagutu genuen. Eta, hain gazta goxoa egiteko sekretua ezagutu genuen, Euskara!