2011/01/27

LASTER. Auzorik auzo

Domekan, hilak 31, Auzorik Auzo ibilaldia izango da Abadiñon. Hamabi Harri auzo-elkarteak antolatzen duen jarduera honek VI. edizioa beteko du domekan. Oinez egiten den martxa honen helburua xumea bezain aberasgarria da: Abadiñoko auzoak ezagutzea, ibilaldiaz gozatuz.

Goizeko 8,30etan Gerediagako plazan egingo den sinatze-ekitaldiak emango dio hasiera Auzorik Auzo ekimenari. Ordu erdi geroago, 9etan, 20 km. inguruko ibilbideari ekingo diote parte hartzaileek. Parte hartzaileen indarrak berreskuratzeko, gune bi egokitu dituzte antolatzaileek: Gaztelua auzoan fruta banatuko dute, eta 10,30etatik aurrera salda egongo da Irazola auzora heltzen direnentzat.

Ibilaldia amaitutakoan, Zelaietako kultur-etxean luntxa egongo da erromeriaz alaituta. Ezetz topatu plan ederragorik!

2011/01/19

LASTER. Kantulagun

Bihar, hilak 20, iluntzeko 8etan abiatuko da Berbaro euskara-elkarteak eta Plateruena kafe-antzokiak antolatutako Kantulagun ekimena. Kantulagun-i esker Durangaldeko euskaltzaleok, lagun arteko giroan, kantuaz gozatzeko aukera paregabea izango dugu. Bizkaiko kantak izango dira, besteak beste, landuko diren kantak.

Esan bezala, Kantulagun bihar abiatuko da, eta maiatzera arte izango du iraupena. Otsailaren 24an, martxoaren 24an eta apirilaren 28an izango dira hurrengo saioak, eta maiatzaren 27an kantu-afari batek emango dio amaiera ekimen polit honi. Kantulagun-en saio bakoitzak kantari, musikari edo letragile ezagun bat izango du gidari. Biharko saioak, esaterako, Xabier Amuriza.

Euskal kantei ekiteko gogoaz bazabiltza, bada, Plateruena kafe-antzokiko barran izena eman baino ez duzu egin behar.

2011/01/13

BERBALAGUNAK. Estelle

Argazkiko eskiatzailea Estelle Guillaume da. Estelle Suitzako mendietan, bere jaioterriko mendietan. Ederto aprobetxatu ditu, bai, Estellek Gabonetako oporrak. Bai, baiezkoan nago. Eta enbidia apur bat ematen du, ezta?

Estelle Durangoko berbalaguna da. 2004. urtean Durangora etorri zen gaztelania hobeto ikasi nahi zuelako eta, gaztelania ez ezik, euskara ere lantzen hasi zen. Berbalagun-en, berbalagunkide guztion moduan, euskara lanzen saiatzen da. Gainera, bizkaiera apur bat ere ikasi omen du berbataldean.

Estellek kontatu digunez, ama Erresuma Batukoa da eta aita Suitzakoa; eta bizi, Ginebra ondoan bizi izan da urteetan, baita Beirut-en ere. Alemaniara ere alemaniera hobetzera joana da. BAINA Estelleri bere ama-hizkuntza zein den (diren) kontatzea ahaztu zaio eta guk orain jakinmina daukagu (frantzesa ote? ala inglesa? ala biak? ala besteren bat, akaso?). Beno, Estelle, argitu egin beharko diguzu afera hau, bakean lo egin dezagun.

Zein zaletasun dituen kontatzea ere ahaztu zaio gure Estelleri, baina, bera apurtxo bat ezagututa, antzematen erraza dela esan genezake: hizkuntzak, bidaiak, eskiatzea... eta irakurtzea, agian?

2011/01/10

BERRIRO ERE ZUEKIN

Gabonetako oporraldia amaitu da eta zuekin gaude berriro ere, gorputza eta arima bizkortuta. Aurrerantzean, orain arteko moduan, berbalagunok osatzen dugun "familia handia" izango du blog xume honek hizpide, oinarri eta ardatz.

Beno, lagunok, gero arte. Eta baten batek esaten duen moduan: "Honekin edo harekin, baina egin".