2011/12/15

Lehiaketako irabazlea



Aurtengo edizioan 200 bat lagunek esku hartu dute lehiaketan: gehienek berbataldeetatik koordinatzaileari orria entregatuz, 30 batek Anboto astekariaren bitartez, eta banaka batzuek blog honen bitartez. Beraz, partehartze polita egon dela esan dezakegu. 

Nerea Mandaluniz, argazkiko berbalaguna, izan da aurtengo Kultur Lehiaketako irabazlea. Abadiñar honek Anboto astekarian argitaratutako galdetegia bete zuen, eta ez edozelan bete; izan ere, lehiaketako hamasei galderentzako erantzun zuzenak aukeratu zituen. Liburu-sorta, beraz, Zelaietara doa aurten.

Zorionak, bada, Nerea! Eta ea liburuak gustatzen zaizkizun!


* Lehiaketako erantzunak:
1. Zein da Durangoko mendirik garaiena? (a) Pagasarri.
2. Durangaldean eztegu berba erabiltzen da; baina zer esan nahi du? (c) ezkontza.
3. Zein herritako armarrian ikus daitezke lehoiak? (c) Elorrioko armarrian.
4. Zelan esaten zaio erbinudeari Durangaldean? (a) ogigaztaia.
5. Zaldibarko bainuetxea 1846. urtekoa da; baina nork eraiki zuen? (b) Peñafloridako konteak.
6. Zein zarata egiten du tiroak? (b) danba.
7. Zein da Amanita Phalloides perretxikoaren izen arrunta? (a) hiltzaile berdea.
8. Iurretako Kofradien Eguna Laixiarren ospatzen da, baina noiz? (a) iraileko  bigarren domekan.
9. Zertan dabil jendea, drogan dihardunean? (a) borrokan.
10. Zein da Durangoko elizarik zaharrena? (c) Tabirako San Pedro.
11. Zer da itsuskia? (a) erratza.
12. Zein da Berrizko markesaren benetako titulua? (a) Berrizko markesa.
13. Txantxurrika bagabiltza, zelan gabiltza? (c) hanka baten gainean.
14. Noiz erosi zuen Durangoko Merindadeak Astolako Etxea? (a) 1576an.
15. "Abadearen lapikoa, txikia baina..." (b) gozoa.
16. Zein da Berbalagunen aurtengo kanpainaren leloa? (a) "euskara atsegin dut".

2011/11/29

Lehiaketako galderak


Liburu-sorta ederra daukazu zain: klikatu hemen, eta bidali erantzunak, izen-abizenak eta telefonoa.

LASTER. Sentiberatze tailerra


Ostegunean, abenduak 1, iluntzeko 6,30etan, euskararen erabilera soziala bultzatzeko ikastaroa antolatu du Berbalagunek Pinondo Etxean. Ikastaroa dohainik da eta 12 lagunentzat egokitua.

Euskararen erabilera sozialaren inguruan hausnartzea du helburu ikastaroak. Aurrez aurreko elkarrizketetan hizkuntzari eusteko teknikak baino, hausnarketarako arrazoiak eta gakoak jorratzen dira ikastaroan. Hizkuntzaren aldeko argudioak eskaintzen dira; eta, bide batez, partehartzaileen hizkuntzaren aldeko jarrerak indartu.

Tailerra interesgarria iruditzen bazaizu, eman izena lehenbailehen, Berbalaguneko telefonora deituz, edo posta elektronikoz.

2011/11/24

LASTER. Kultur Lehiaketa


Dagoeneko antolatua dugu Durangaldeko Berbalagunen III. Kultur Lehiaketa. 16 galdera, 48 balizko erantzun (3 aukera galdera bakoitzeko) eta betiko gaia (Durangaldea) dira lehiaketa honen osagaiak. 

Orain arte, lehiaketan parte hartzeko era bakarra izan dugu: berbataldeen bitartez (lehiaketa-orriak berbataldeetan izan dira banatuak eta jasoak). Aurten, berriz, kultur lehiaketan parte hartu ahal izatea erraztezko asmoz, esku hartzeko era "klasikoa" gainditu nahi izan dugu, eta, ondorioz, lehiaketa Anboto astekarian (bihar) eta blogean (datorren aste osoan) jarriko dugu eskuragarri, erabilia izateko prest.

Ah! Ez ahaztu liburu-sorta ederra zain daukazula. 

2011/11/09

Berbataldeak abian Durangaldean

Asteon jo du Berbalagunek abiatzeko banderakada Durangaldean. Banderakada jotzeaz batera, Durangaldeko berbalagun gehienak hasi dira asteon lehenengo hitzordua lotzen. Badaude, hala ere, berbatalde batzuk irailetik, eta beste batzuk urritik, martxan daudenak. Eta datorren astean ere izango da lehendabiziko hitzordua izango duen berbatalderik.

Ongi etorri, berbalagunok!

2011/11/02

Berbalagunen aurkezpena Durangon

Bihar, iluntzeko 7,30etan, Durangoko Berbalagunen aurkezpena izango da Pinondo Etxean. Aurkezpenean egitasmoari buruzko informazioa emateaz gain, berbataldeen ordutegiak eta berbalagunak batzeko tokiak ere zehaztuko dira.

Durangon Berbalagun egitasmoa abian dago, beraz. Halaber, Zaldibar, Berriz, Abadiño, Elorrio eta Iurreta ere prest daude datorren astean Berbalagun egitasmoari hasiera emateko.

Oraindik izena eman barik bazaude, jarri zaitez lehenbailehen gurekin harremanetan eta lekutxo bat egingo dizugu.

2011/10/30

Euskara atsegin dut!


Berbalagun egitasmoa euskaraz berba egiteko ohitura duten pertsonak euskaraz berba egiteko ohiturarik ez duten pertsonekin batzean datza; batzuek zein besteek euskara maite dute eta euskaraz berba egitea, euskaraz komunikatzea eta euskara lau haizetara zabalzea dute helburu.

Euskal Herriko Berbalagunekook, EUSKARA ATSEGIN DUGUNEZ, ondoan izan nahi zaitugu, zeuk ere euskara maite eta atsegin duzulako. Ongi etorri Berbalagunera!

2011/10/27

Prentsaurrekoa, bertatik bertara


Hemen daukazue pasa den astean Ibarretxe Kultur Etxean eman genuen prentsaurrekoaren laburpena.
Serioegi gaude, ezta? Zer deritzozue?

2011/10/17

Prentsaurrekoa

Etzi, hilak 19, goizeko 11etan Iurretako Ibarretxe Kultur Etxean, Durangaldeko Berbalagunen 2011-2012 ekitaldiko aurkezpen ofiziala egingo dugu egitasmoaren arduradunok. Iazko jardunaldiaren balorazioa, aurtengo kanpainari buruzko informazioa eta aurtengo helburuak eta erronkak izango ditu berbagai prentsaurreko honek.

Egitasmoari buruzko informazioa zuzenean jaso nahi baduzu, etorri zaitezke, bada, etzi Ibarretxe Kultur Etxera eta saiatuko gara zure jakingura asetzen.

2011/07/15

Gero arte

Geuk ere euskara atsegin dugu, zer esanik ez! Bai, lagunak, euskara maite dugu eta ezin gara bera barik bizi. Ez dakigu bera barik lan egiten, ezin dugu oporretara joaten garenean etxean utzi, ezta une goxoetan edo haserretzen garenean bazter baten ahaztu ere. Badakigu, jakin ere, euskara zeuetako askoren bizilaguna dena eta zeuek ere euskara atsegin duzuena. Eta horregatik gu denok zorioneko gara, euskara bera ere gure laguna delako eta bere ondoan nahi gaituelako.

Beno, lagunak, laguntasunak atsedenik ez ei du hartzen, baina gure blog honek bai. Blogak udan atsedenaldi txiki bat hartuko du eta irailean berriro izango dugu erabilgarri. Bide batez, agur xume hau aprobetxatuz, doala hemendik besarkada handi bat euskara maite duzuen guztiongana Berbalagun egitasmoko dinamizatzaileon partez. Gero arte.
Ziortza eta Julio

2011/06/28

Errepasoa egiteko sasoia. Berbalagunak

Iurreta
10 berbalagun 2 taldetan


Elorrio
30 berbalagun 6 taldetan


Berriz
21 berbalagun 3 taldetan


Durango
99 berbalagun 12 taldetan


Abadiño
20 berbalagun 4 taldetan


Zaldibar
19 lagun 3 taldetan

2011/06/23

Errepasoa egiteko sasoia. Ekitaldiak

Osteratxo bat Himalayan barna ikus-entzunezkoa
Joseba eta Estiren eskutik
azaroaren 25ean Pinondo Etxean.
Muntaia bitxia.


Ardo-dastaketa ikastaroa
Ana Larrañagaren eskutik
abenduaren 13an Zaldibarko Goierriko txokoan.
Berbalagunez josita.


Ardo-dastaketa ikastaroa
Ana Larrañagaren eskutik
abenduaren 14an Matienako Errota kultur etxean.
Partaide beste aditu!


Gabonetako afaria
abenduaren 17an Berbaroren txokoan.
Kantu kantari.


Sagardotegira irteera
otsailaren 26an Aginagako Urdaira sagardotegira.
Txotx!


1000 milla ikus-entzunezkoa
Urdin eta Izaroren eskutik
martxoaren 31n Iurretako Ibarretxe kultur etxean.
Bidaiarien barne-barnetik emandako saioa.


Talogintza tailerra
Nieves Aranoa gidari
apirilaren 12an Elorrioko Alkartu txokoan.
Ikasi, egin eta jan!


RAM memoria argazki-erakusketa
Zaloa Fuertes argazkilariak aurkeztuta
ekainaren 1ean Zelaietako mediatekan.
Polita eta hunkigarria.


Alaskatik Ushuaiara bizikletaz bidaia-diaporama
Endika Fernandez-en eskutik
ekainaren 9an Zaldibarko liburutegi "zaharrean"
Interesgarria bezain sentimentala.


Ikasturte amaierako jaia
Erromeria.com-ekin
ekainaren 11n Plateruena kafe-antzokian.
Giro atseginez.


"Erdi aroko Durango eta Kurutzesantu museoa" bisita gidatua
ekainaren 14an.
Arratsaldeko saioa, hobea.

2011/06/16

Euskaldunon dena ospatu beharra!

Begi bat zabalik eta bestea zabaltzeko pronto da uda; berbalagunon aurtengo jardunaldia, alderantziz, begi bat itxita eta bestea ixteko gertu. Bai, lagunok, elkar agurtzeko sasoia ailegatu zaigu berbalagunoi. Baina lasai, lagunok, udak ere begiak itxiko ditu eta udazkena keinuka izango baitugu zain berbalagunok, datorren ikasturteari hasiera emateko.

Eta, jakina, ez dago euskaldun izaterik, behin elkar agurtzeko sasoia helduta, ospakizunik egiten ez bada. Eta horixe da, hain zuzen, gure berbalagunak garai honetan egiten dabiltzana: Ospatu! Ospatu eta... ospatu! Edozelan, baina ospatu! Beno, edozelan... edozelan... Gehienetan janaria tarteko dela egiten dugu euskaldunok ospakizuna. Hamaiketakoa, bazkaria, afaria, askaria edo pintxo-poteoa; edozein erak balio du ospakizunetarako, baina janaria eta edaria lagun, hori bai!

Zelaietako berbalagunek, esaterako, ez dute ospatzeko aukera hau galdu nahi izan eta atzo Soloa jatetxera joan ziren bazkaltzera. Argazkian antzeman daitekeenez, gainera, ez du ematen oso despedida tristea izan zutenik. Ez horixe!

2011/06/14

Durango ezagutuz

Gaur Durangoko berbalagunok herria hobeto ezagutzeko aukera paregabea izan dugu Turismo Bulegoarekin batera antolatu dugun "Erdi Aroko Durango eta Kurutzesantu museoa" ibilbideari esker. Bisitaldi bi izan dira gaurkoak: goizeko 10etan, bata; eta arratsaldeko 6etan, bestea.

Jon eta Uxue bisita-gidariek Durango uriaren sorreraren eta garapenaren berri eman eta hainbat eraikin historikoren gaineko ezaugarri eta berezitasunak azaldu dizkigute. Argazkian ikusgai dagoen Uribarriko Andra Mari basilikari buruz, esaterako, makinatxo bat kontu eta bitxikeria kontatu digute Jonek eta Uxuek.

Turisten moduan ederto baten ibili gara gaur makinatxo bat durangar. Eta herritik irten ere egin barik!

2011/06/07

LASTER. Euskara-ikasleen eta berbalagunen jaia

Zapatuan euskara-ikasleek eta berbalagunok ikasturte amaierako jaia ospatuko dugu. Ordu batean poteotxoa egingo dugu Goienkaletik Plateruena kafe antzokira, trikitixak girotuta. Ordu bi eta erdietan bazkaria izango da Plateruenan bertan, eta bazkalostean Erromeria.com arituko da bere musika eta kantuak lau haizetara zabaltzen.

Plan hoberik egongo da, egon; asko, gainera; baina hauxe ere ez da makala, ezta?

2011/06/05

LASTER. Alaskatik Ushuaiara bizikletaz

Ostegunean, hilak 9, arratsaldeko 7,30etan, Zaldibarko liburutegi "zaharrean" "Alaskatik Ushuaiara bizikletaz" bidaia-diaporamaz gozatzeko aukera izango dugu.

Berbalagun-ek antolatutako ekitaldi honetan Endika Fernandez ermuarrak Ameriketan zehar bizikletaz egin zuen abentura-bidaian izandako bizipenak kontatuko dizkigu, musikaz eta irudiz lagunduta.

Bidaiaren datu solte batzuk ematearren:
- Anchorage (Alaska) - Ushuaia (Argentina)
- 2005eko maiatzetik 2006ko ekainera
- 22.115 km. bizikletaz
- 176.584 m. aldapan gora

Beno, ez dugu uste ekitaldia erakargarria dela ziurtatzeko informazio gehiago ematea beharrezkoa denik, ezta? Eta zuek?

2011/06/04

LASTER. Bolo-txapelketa

Asteazkenean, arratsaldeko 7etan, Berrizko Ganekoetxe pareko bolatokian bolo-txapelketa izango da, Berrizko AEK-k antolatuta. Ekitaldia lehiaketak ez ezik, lehiaketaren ondoko luntxak ere osatuko du.

Bertaratutakoen artean taldeak egin eta txapelketaren epailea izendatu ondoren, bolo-txapelketari ekingo diote parte hartzaileek. Parte hartzaile bakoitzak botaldi bi egin ahal izango ditu eta helburua zutik dauden "txirloak" lurreratzea izango da. Azkenean, puntu guztiak batu eta puntu gehien lortu dituen taldeak luntxa doan izango du, gainontzeko partaide guztiek euren lepo hartuko baitute luntxaren ordainketa.

Bolo-txapelketaren antolatzaileek txapelketa honetan edozein euskara-ikaslek, berbalagunek edo euskaltzalek parte har dezakeela adierazi digute, parte-hartzea zabala izan dadin nahi dute eta.

2011/05/27

LASTER. "RAM memoria" argazki-erakusketa

Datorren asteazkenean, ekainak 1, arratsaldeko 7,30etan Zelaietako liburutegian RAM memoria izeneko argazki-erakusketaren aurkezpena egingo du Zaloa Fuertes argazkilariak. Aurkezpenean Zaloak argazkien sormen-prozesuari buruz egingo digu berba bertara joango garen guztioi.


Berbalagunek antolatu duen argazki-erakusketa hau ez da Zaloak egin duen lehendabiziko erakusketa, ez; beste bi gehiago ere eginda dauzka aurretik Queretaron (Mexikon), bere jaioterrian. Bai, lagunak, Zaloa Abadiñon bizi da, euskalduna da, guraso euskaldunen alaba, baina Mexikon jaioa eta bizi izandakoa.


Zaloa aurten hasi da Berbalagunen eta Abadiñoko Soloa tabernako hitzordura joaten da asteazkenetan euskera lantzera eta hobetzera. Hemen daukazue, bada, berbalagunok, beste kide bat ezagutzeko modukoa. Ah! Beste kontutxo bat: asteazkenean aurkezpenera joaterik ez daukazuenok aukera izango duzue ekainaren 10era arte erakusketaz gozatzeko.

2011/05/17

LASTER. Ibilaldia 2011


Maiatzaren 29an, Boga! aurtengo Ibilaldia 2011 Ondarroan. Ondarrutarrek "aurrera jo" esan nahi dute BOGArekin. Aurrera, indarrez, guztiok batera. BOGA euskararen alde, BOGA beraien proiektua ezagutarazteko, BOGA Ikastola-eredua indarberritzeko, BOGA beraien seme-alabengatik.

Denok ikastolarekin batera: BOGA!

2011/04/11

KORRIKA 17. Badator! Korrika badator!

Korrika 17 Durangaldera helduko da asteazkenetik ostegunera bitarteko gauean. Korrikari ongi etorria emateko hainbat ekitaldi antolatu dira eskualdeko herrietan: bertso-afariak, trikitixa-saioak, batukadak... Korrika-urteetan ohi denez, txikiek ere hartuko dute parte eskolek eta Korrika-batzordeek antolatu dituzten Korrika Txikietan.

Korrika 17ren ibilbidea eta orduak:
- Mallabia: 01:37
- Zaldibar: 01:50
- Berriz: 02:06
- Abadiño-Traña: 02:33
- Durango: 02:50
- Iurreta: 03:13
- Durango: 03:32
- Abadiño: 03:38
- Atxondo: 04:00
- Elorrio: 04:15

Ongi etorri Durangaldera, Korrika!

2011/04/09

LASTER. Talogintza tailerra

Martitzenean, hilak 12, arratsaldeko 6,30etan talogintza-tailerra izango da Elorrioko Alkartu txokoan. Berbalagun-ek antolatu duen tailer honetan taloak egiten ikasi ez ezik, dastatu ere egin ahal izango ditugu.

Arto-irinez egindako "euskal pizza" hauei laguntzeko, txistorra, idiazabal-gazta eta txokolatea izango ditugu eskuragarri; egarrirako ere Gipuzkoako sagardoa izango dugu edangai. Beraz, badakizue... etor, ikas, egin eta goza!

2011/04/04

KORRIKA 17. Korrika-bazkaria

Zapatuan, hilak 9, Plateruena kafe-antzokian korrika-bazkaria izango da eguerdiko ordu bi eta erdietan. Bazkal aurretik triki-poteoa izango da Santa Anan hasita, eta bazkalondoan erromeria egongo da Aiko taldearekin.

Har ezazu txartela lehenbailehen!

KORRIKA 17. Kriskitin hurbiletik

Ostegunean, hilak 7, goizeko 10,30etan Durangoko udal bibliotekan Kriskitin hurbiletik hitzaldia izango da Egoitz Esturoren eskutik. Ekitaldi hau Durangoko Udal Euskaltegiak antolatu du Korrika Kulturalaren barruan.

KORRIKA 17. Ipuin berotikoak

Asteazkenean, hilak 6, goizeko 10,30etan Durangoko udal bibliotekan Ipuin berotikoak helduentzako emanaldia izango da Kandelen argipean ipuin-kontalarien taldearen eskutik. Korrika Kulturaleko ekitaldi hau AEK-k antolatu du Durangoko udal bibliotekarekin batera.

2011/03/31

KORRIKA 17. Korrikaren aldeko Jaia

Bihar, apirilak 1, gaueko 10etan hasita, Elorrioko Arriola antzokian, musika eta bertsoa biltzen dituen jaialdia izango da. Udalak, Arriola kulturguneak eta AEK-k elkarlanean jardun dute Korrikaren aldeko egitaraua prestatzen.

Bertsoak izango du jai honi hasiera emateko ardura. Saioan Durangaldeko lau bertsolarik hartuko dute parte: Gorka Lazkano berriztarrak, Eneko Abasolo "Abarkas" iurretarrak, Beñat Ugartetxea mallabitarrak eta Eñaut Uruburu abadiñarrak. Bertsolariok Maite Berriozabal-ek jarriko dizkien gaiei erantzuten saiatuko dira.

11etan Ateneoan Sorkun-en kontzertua izango dugu. Azken hilabeteetan jorratzen ari den formatoan eskainiko digu Sorkunek kantaldia. Kontzertu akustikoa eskainiko digu, beraz, baina oso giro lasai eta intimoan.

2011/03/28

LASTER. 1000 milla

Ostegunean, hilak 31, arratsaldeko 6,30etan Iurretako Ibarretxe Kultur Etxean munduan zehar ibiltzeko parada ezinhobea izango dugu Urdin eta Izaroren eskutik. Durangaldeko gazte hauek mundu zabalean zehar bizikletaz egin duten bidaiaren ingurukoak azalduko dizkigute ikus-entzuneko emanaldi honetan.

Goiko argazkian, Urdinen ondoan, Thailandiaren hegoaldeko telebista-saltzaile ibiltari bat ikus dezakezue bere saltokiaren aurrean. Thailandiarrari Urdinen bizikleta gustatu zaiola ohartzeko, bizikletari heltzeko duen moduari erreparatzea baino ez dago. Ez dakigu asiarra truke egiten saiatu zen, baina ez litzaiguke arraro egingo pare bat telebistaren truke bizikleta erosi nahi izana. Hamaika ikusteko jaioak gara!

2011/03/25

KORRIKA 17. "Izan, egin, eragin. EHE" dokumentalaren aurkezpena

Asteartean, hilak 29, iluntzeko 8etan Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz dokumentalaren aurkezpena izango da Plateruena kafe-antzokian. Korrika Kulturaleko ekitaldi hau Euskal Herrian Euskaraz euskararen aldeko taldeak ekoiztutako dokumentala da.

Dokumental hunkigarri honetan hainbat EHEko kide eta euskaltzalek hogeitaka urtetan izandako bizipenak, hausnarketak eta iritziak batzen dira, beti ere euskara ardatz, hizpide eta irizpide hartuta. "Ez daude bi ur tanta berdin, baina denek dute euskaraz biziko den herriaren alde izan, egin eta eragiteko konpromisoa".

*Aurkezpenera joaterik ez baduzu:

2011/03/17

ORAINTSU. Sagardotegian

Autobus bete berbalagun izan ginen joan den hilean Aginagako Urdaira sagardotegian. Sagardotegira bidean, Getarian, egin genuen "derrigorrezko" geldialdia. Bertan, giro onean, "nahitaezko" poteoari ekin genion, trikitixaren aireek alaituta. Getariako txakolina dastatu eta gero autobusean sartu eta sagardotegirantz abiatu ginen.

Sagardotegian aurtengo Gipuzkoako sagardoa edan ahal izan genuen, baita sagardotegikoa ohikoa den menua jan ere. Afaldu ondoren kupelik kupel eta dantzarik dantza ibili ginen sagardotegian zehar (beno, egia esanda, batzuk ondoren, bitartean eta orduko ibili ziren).

Bada, dena den, sagardotegitik bueltan, eusko labeldun gutiziak dastatzearekin ase ez edo konforme ez, eta lo egitera joan baino lehen, kebab izeneko janari turkiarrari "eraso" egin zionik. Ezta, Endika?

2011/03/15

KORRIKA 17. Euskalaketa

Barikuan, hilak 18, gaueko 8,30etan Plateruena kafe-antzokian Euskalaketa bakarrizketa-lehiaketa izango dugu ikusteko eta entzuteko moduan.

Korrika Kultural barruan antolatutako ekitaldi honetako lehiakide bakoitzak lan bi egin beharko ditu. Lehenengo lana aurrez prestatutako gai libreko bakarrizketa bat izango da; bigarrena, berriz, euskalakari hitza gai hartuta garatu beharreko bakarrizketa izango da.

Apirilaren 17an Donostian finala izango duen euskalaketa lehiaketa honen lehenengo kanporaketa da Durangon barikuan egingo den kanporaketa hau.

2011/03/09

KORRIKA 17. Neu ere euskalakaria naiz

Euskal Herrian bizi dena euskal herritarra bada eta euskalduna euskaraz dakiena, zelan deitu ahal diogu euskara maitatu, ikasi eta erabili egiten duenari? Bada, horiei guztiei izena ipini nahi die Korrikak: EUSKALAKARIA.

Euskalakaria da lehenengo berba euskaraz egiten duena, euskaraz sortzen duen artista, euskaraz lan egiten duena, euskara ikasten dabilena eta umeari euskaraz egiten dion gurasoa. Euskalakaria neu naiz, eta euskalakaria zeu ere bazara!

2011/03/07

ORAINTSU. Berbertan

Oraintsu amaitu den Berbertan elkarrizketa-zikloaren bideoak dauzkazue ondoren; Benito Lertxundi eta Pako Aristi-rena, Jon Sarasua eta Amets Arzalluz-ena, eta Edurne Brouard eta Maddalen Iriarte-rena dauzkazue, hurrenez hurren.

2011/03/01

LASTER. Edurne Brouard, Maddalen Iriarteren eskutik


Eguenean, hilak 3, iluntzeko 8etan Plateruena kafe-antzokian Maddalen Iriarte kazetariak Edurne Brouard AEKkidea elkarrizketatuko du, berbertan elkarrizketa-zikloari amaiera emanez.

Edurne eta Maddalen, Maddalen eta Edurne. Nortasun handiko emakume bi, aurrez aurre, euskal kulturaren erakusgarri.

2011/02/21

LASTER. Sagardotegira

Zapatuan, hilak 26, berbalagunok Aginagako Urdaira sagardotegira joango gara. Euskaltegiek, euskara-taldeek eta oro har, euskaldunok sagardotegietara joateko dugun aspaldiko ohitura "bere" egin du Berbalagunek ere; izan ere, aurten Berbalagunek sagardotegira antolatu duen txangoa Berbalagunen zortzigarren txangoa da.

Bazkaldu ondoren -arratsaldeko 4retan- irtengo du Durangaldetik sagardotegira eroango gaituen autobusak. Bidean, ohi denez, geldialditxo bat egingo dugu Getarian kafetxoa hartu eta paseadatxoa egiteko.

Eta sagardotegian, badakizue lagunok: bakailao-tortilla, bakailao frijitua piperrekin eta txuleta. Eta intxaurrak, gazta eta irasagarra. Eta trikitixa. Eta... eta... eta TXOTX! (jakina!)

2011/02/15

LASTER. Jon Sarasua, Amets Arzallusek elkarrizketatua

Ostegunean, hilak 17, iluntzeko 8etan Durangoko Plateruena kafe-antzokian Amets Arzallus bertsolari ospetsuak Jon Sarasua bertsolari ohia eta soziologoa elkarrizketatuko du. Elkarrizketa-saio hau Plateruena kafe-antzokiak antolatutako Berbertan ekimeneko bigarren elkarrizketa-saioa da.

Euskal kultura geure esku.

2011/02/07

LASTER. Benito Lertxundi, Pako Aristik elkarrizketatua


Ostegunean, hilak 10, iluntzeko 8etan Durangoko Plateruena kafe-antzokian Pako Aristi idazleak Benito Lertxundi musikaria elkarrizketatuko du. Irekia izango ei da elkarrizketatzea, non entzuleek ere parte hartzeko aukera izango duten.

Elkarrizketa-saio hau Plateruena kafe-antzokiak antolatutako Berbertan elkarrizketa-zikloko lehenengoa da. Berbertan ekimenak elkarrizketatzaile zorrotzak eta zeresan handiko elkarrizketatuak batu nahi ditu, euskal kultura ardatz izanik.

Kultura eta euskara, bizirik eta zuzenean, toki zabal eta erosoan, kafeaz edo garagardoaz lagunduta. Ez dago gehiago eskatzerik, lagunok!

2011/02/04

Berbalagun. Formulak ondo funtzionatzen du

Atzo aurkeztu zituen Aztiker soziolinguistika-klusterrak Mintzapraktika egitasmoen eraginkortasuna neurtzeko ikerketaren emaitzak Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan. Eusko Jaurlaritzaren enkarguz egindako ikerketa hau Topagunea eta AEKrekin batera egin du Aztikerrek.

2004-2005 ikasturtetik 2008-2009 ikasturte artean jasotako datuak aztertuta, mintzapraktika, zalantza barik, eraginkorra dela ondorioztatu dute Aztiker taldeko teknikariek. Izan ere, parte-hartzaileen %95ek mintzapraktikari esker euskara maila hobetu duela dio. Gainera, euskara lehen baino gehiago erabiltzen duela baieztatu du %90ek eta lagun euskaldunekin euskaraz gehiago egiten duela %76k.

Horrez gain, Mintzapraktika egitasmoen parte-hartzaile kopuruaren hazkundea nabarmentzekoa da, 2004-05 ikasturtean 1.041 lagun izatetik ikasturte honetan 4.000 lagun inguru izatera heldu gara eta. Horrelako hazkundea izaten duten ekimenak oso gutxi direla eta masa-fenomeno baten aurrean egon gaitezkeela azaldu dute ikerketaren arduradunek.

ikus txostena

2011/02/03

Berbalagun-ek Iurreta lagun

Azaroan udalarekin elkarlanean hasi eta abian jartzeko lanak egin ondoren, martxan hasi da Iurretan Berbalagun egitasmoa. Euskaraz elkarren artean, elkarren ondoan eta elkarri egiteko asmoz batu dira lehenengoz aste honetan Iurretako berbalagun berriak.

Euskara hobetu eta lotsa barik kalean erabiltzeko aukera ematen duen Berbalagun gureak hazia jarri du, beraz, Iurretan ere. Hazia erne, garatu eta loratu artean, egitasmoa eta euskara zaintzen jarraituko dugu guk. Egon seguru!

Aitte San Migel Ijorretako
zeru altuko loria
agure zaharrak jantzan ikusi-ta
harek eitten jok barria.

2011/01/27

LASTER. Auzorik auzo

Domekan, hilak 31, Auzorik Auzo ibilaldia izango da Abadiñon. Hamabi Harri auzo-elkarteak antolatzen duen jarduera honek VI. edizioa beteko du domekan. Oinez egiten den martxa honen helburua xumea bezain aberasgarria da: Abadiñoko auzoak ezagutzea, ibilaldiaz gozatuz.

Goizeko 8,30etan Gerediagako plazan egingo den sinatze-ekitaldiak emango dio hasiera Auzorik Auzo ekimenari. Ordu erdi geroago, 9etan, 20 km. inguruko ibilbideari ekingo diote parte hartzaileek. Parte hartzaileen indarrak berreskuratzeko, gune bi egokitu dituzte antolatzaileek: Gaztelua auzoan fruta banatuko dute, eta 10,30etatik aurrera salda egongo da Irazola auzora heltzen direnentzat.

Ibilaldia amaitutakoan, Zelaietako kultur-etxean luntxa egongo da erromeriaz alaituta. Ezetz topatu plan ederragorik!