2013/12/20

Bertso saioa Plateruenan


Urtea ondo amaitzeko, bertso saio mundiala Plateruenan. Hau bai hau kartela!!!!!
Joateko asmorik badekozue, bizkor ibili. Sarrerak laster baten amaittuko die eta!

2013/12/16

Diaporama Zaldibarren

Zaldibarko Euskara Zerbitzuak antolatutako diaporama interesgarria. Parapentearen inguruan jakinmina badaukazu eta hodei artean hegan ibilita zer sentitzen den jakin gura baduzu, ez galdu aukera!

2013/12/12

Piropo lehiaketa Abadiñon


Euskaldunok ez ei gara zurikeriatan ibitzen, gauza politak esaten ere ez gara oso trebeak izaten sarritan... ohitura falta izango ete da?
Eragin buruari eta esatea hainbeste kostatzen zaizkizun horiek idatziz bidali.

2013/12/09

Mari Domingiri eta Olentzerori gutuna




Mari Domingiri eta Olentzerori gutuna Berrizko Udalak antolatuta. Edonolako pentsamendu eta sentimenduak euskaraz adierazteko lehiaketa. Edonork parte har dezake. Gutuna entregatzeko azken eguna, abenduaren 16a. Animatu!!!!!!
 
http://www.durangaldeaeuskaraz.eu/euskara/albisteak/berrizko-udala-mari-domingiri-eta-olentzerori-gutuna

Dokumentala Abadiñon



Bihar, abenduak 10, martitzena, 81 AMAMA dokumentala proiektatuko da Abadiñon, Txanporta Kultur Etxean, iluntzeko 7etan. Sarrera doan.

2013/12/05

Finala pantaila erraldoian


Bertsolari Txapelketa Nagusirako sarrerarik gabe geratu zara? Hemen duzu finala jarraitzeko aukera aproposa.

2013/12/02

Euskararen Nazioarteko Eguna


Bihar Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Durangaldeko hainbat herritan ekitalditxoak:

Berriz:
- abenduak 2, astelehena, 19:00etan "Berrizko izenak" Toponimia liburuaren aurkezpena Kultur Etxean.
- abenduak 3, martitzena, 19:00etan Barry Barrez "Irish in Euskal Herria" Kultur Etxean. 21:00etan Berbalagun afaria + filma laburrak Gaztetxean.

Durango:
- abenduaren 2an, 3an eta 4an "Zergatik ez?" tailerrak Pinondo etxean, goizez eta arratsaldez.

Elorrio:
- abenduak 2, astelehena, "Euskarak 365 egun" kanpainaren pegada-poteoa, 19:30ean Parran hasita.


2013/11/28

Salto kalera pirata euskaldunok!


Berrizen euskararen eguna ospatzeko egitarau zabala aurkeztu dute. Bihar hasi eta abenduaren 17ra arte hainbat ekitaldi egingo dituzte herrian. Animatu euskara kalera ateratzen eta ospatu euskararen eguna!

2013/11/26

Kultur Lehiaketa

 
Hemen dugu beste behin urteroko Kultur lehiaketa. Ikertu, kuxkuxeatu, bete...denetarik egin dezakezue. Hori bai, hilaren 5a baino lehen.

2013/11/25

Euskararen kale erabileraren emaitzak Elorrion



Elorrion euskararen erabilera zenbatekoa den jakin nahi baduzu, hurbil zaitez bihar Iturri Kultur Etxera. Neurketa egin dutenek ateratako ondorioak ezagutzera emango dituzte.

2013/11/14

Zaldibar kantuz


Abestea gustuko baduzu, aukera paregabea duzu, ostiral honetan, Zaldibarren; arratsaldeko 7etan udaletxean hasita, kantu-poteoa izango baita, herriko tabernetan. Udaleko Euskara zerbitzuak antolatu duen ekintza honetan, Taberna ibiltaria taldea izango dute lagun kantu gogoz hurbiltzen diren guztiek.

Hasi eztarriak berotzen!

2013/11/07

Urteurren jaia







Joan den astezkenean, Durangoko eta Berrizko berbalagunen 10.urteurren jaia ospatu genuen. Bertan, 50 bat lagun elkartu ginen. Mikel Martinezen "denboraren korapiloak" bakarrizketaz gozatzeko aukera izan genuen, baita Zigor DZ dj.aren musikaz ere. Guzti honi nola ez, luntx gozo batek lagundu zion. Arratsaldea giro ederrean pasatu genuen. Eskerrik asko bertara gerturatu zareten guztioi!!!!!
Hemen dituzue ekitaldiaren pare bat argazki.



2013/10/29

berbalagunen 10.urteurrena

Berbalagunen 10.urteurrena bihar Plateruena kafe antzokian. Durangoko eta Berrizko Berbalagun egitasmoek 10 urte betetzen dituzte aurten. Hori dela eta, bihar, urteurren jaia ospatuko dugu. Mikel Martinezen, "Denboraren korapiloak" bakarrizketa, 2013-2014 ikasturtearen aurkezpena, Zigor DZ dj-a eta luntxa izango ditugu bertan. 10 urtetatik gaur arte gure egitasmoan parte hartu duzuen guztiak gonbidatuta zaudete bihar egingo dugun jaialdian parte hartzera. Animatu eta zatoz arratsaldea giro onean pasatzera!

2013/06/10

LASTER: Bolo txapelketa.


Eguenean, hilak 13, bolotan egiteko aukera izango du gura duen guztiak. Hitzordua Berrizko bolatokian izango da, Ganeketxe tabernaren aurrealdean, arratsaldeko 7etan. 
Lehia jokatu ondoren, trikiti-soinua lagun, afari-legea izango da Ganeketxen bertan. Zer esanik ez dago, bada, euskara-ikasleek eta berbalagunok arratsaldea giro ederrean igarotzeko aukera polita dugula ekitaldi honetan.

2013/06/03

Familia-argazkia eta pintxo-poteoa

Datorren eguenean, hilak 6, aurtengo ikasturteari agur esateko ekitalditxoa egingo dugu Durangon. Hitzordua 19:00etan izango da Plateruena Kafe Antzokian.

Bertan, familia-argazkia aterako dugu eta , ondoren, pintxo-poteoa egingo dugu trikitilariek lagunduta.

Anima zaitezte eta erdu!

2013/05/12

LASTER. Artile-tailerra Berrizen


Artilea oinarri hartuta, fieltrozko bitxiak egiten ikasi nahi duzu? Bada, asteazken honetan, aukera paregabea duzu.

Esan bezala, hitzordua asteazkenean, hilak 15, izango da, arratsaldeko seietatik zortzietara bitartean, Berrizko Anbulategi Zaharrean.

Bertara hurbiltzen bazara, Alluitz Naturako Alizia gure lagunaren eskutik, artilearen inguruko sekretutxo batzuk ezagutzeko aukera izango duzu. Baita zeuk egindako bitxiren batekin irtetzeko aukera ere.

Hori bai, oraingo honetan ere partaide kopurua mugatua izango da; beraz, 639 400 786 telefonora deitu edo sms-a bidali beharko duzu fieltrozko bitxiak egiteko.

Anima zaitez eta har ezazu parte tailerrean.

2013/04/17

Laster. Gatzatu-tailerra Abadiñon

Asteartean, hilak 23, beste ikastarotxo baten parte hartzeko aukera izango dugu Durangaldeko berbalagunok. Oraingo honetan, xaboiak, artileak eta enparauak alde batera utzita, gozogintzan arituko gara; gatzatuak egingo baititugu: zapore eta testura desberdinetako gatzatuak.

Horretarako, Alluitz-Naturak Abadiñoko Mendiola auzoan duen egoitzara hurreratuko gara eta, bertan, ikastaroa egiteaz gain, Aliciak eta Patxik ardiak nola gobernatzen dituzten ere ikusi ahal izango dugu.

Aurreko ikastaroetan bezala, honetan ere partaide kopurua mugatua izango da; beraz, 639 400 786 telefonora deitu beharko duzue ardi esnearekin esperimentuak egin nahi dituzuen guztiok.

Ez ezazue aukera galdu!

2013/04/15

Laster. Xaboigintza-tailerra Elorrion


Eguen honetan, berriro ere, xaboia egiten ikasteko aukera izango dute, hala nahi duten guztiek. Oraingo honetan, Elorrion izango da hitzordua; Abizari Euskaltegian, hain zuzen ere. Bertaratzen direnek, Alluitz Naturakoen eskutik, xaboia egiteko jarraibideak jasotzeaz gain, euren lehenengo xaboia egiteko aukera ere izango dute. 

Ikastaroan partaide kopurua mugatua izango denez, parte hartzeko, izena ematea ezinbestekoa izango da. Horretarako, 639 400 786 telefonora deitu edo sms-a bidali beharko du.

Animatu, bada, eta ostegunean, 18:30etik aurrera, erdu xaboiak egitera!

2013/03/08

LASTER. Artile-tailerra Iurretan


Ostegunean, hilak 14, Alluitz Naturako lagunekin beste hitzordu bat duzue Durangaldeko Berbalaguneko kideok. Oraingo honetan, artilearen inguruko ikastarotxoa eskainiko dizuete Iurretako Ibarretxe Kultur Etxera  hurbiltzen zareten guztioi.

Artile mota desberdinak ezagutu nahi badituzue, material hori nola landu ikasi nahi baduzue, fieltroa zelan egin jakin nahi baduzue, artilezko bitxiak egiten hasi nahi baduzue... Aukera paregabea duzue ostegun honetan egingo den artile-tailerrean.

Ikastaroa egiteko interesik izanez gero, 639 400 786 telefonora deitu edo sms-a bidali beharko duzue, partaideen kopurua mugatua da eta.

Animatu eta erdu!

2013/03/05

LASTER. Korrika kulturala Durangon






Datorren ostegunean, hilak 7, Korrika Kulturalaren barruan, ekitaldi bi izango dira Durangon:

Goizeko 11etan, Durangoko Udal Euskaltegiak antolatuta, Irati Jimenez idazlearen hitzaldian parte hartzeko aukera izango dute Udal Liburutegira hurbiltzen direnek. 

Arratsaldean, ordea, 8etan, hain zuzen ere, Bertso-Korrika saioa izango da Plateruenean, AEK-k eta Bertsozale Elkarteak antolatuta. Hori bai, bertso saioan gustura egoteko eta detailerik ez galtzeko, aurretik pintxo-jana egingo da.


Ea bada, gozatu Korrika!

2013/02/23

LASTER. "Kontako banizu..."


Datorren astelehenean, hilak 25, " Kontako banizu..." helduentzako aho narrazioaz gozatzeko aukera izango dute ipuin gogoz dabiltzanek. Hitzordua Zaldibarren izango da, bertako liburutegian, hain zuzen ere. Arratsaldeko zazpietan hasita, Bego Alabazanen eskutik tarte atsegina pasatu nahi duen orok badu astelehen iluntzerako plana.

2013/02/18

LASTER. Sagardotegira irteera


Martxoaren 2an, saguak ez, Durangaldeko Berbalagunok joango gara sagardotegira.

Goizeko 11ak inguruan irten, Tolosan bueltatxoa egin eta Isastegi Sagardotegian egingo dugu bazkaria: bakailao tortilla, bakailao errea, txuleta, gazta, intxaurrak.... hori guztiori urteko sagardo ederrak lagunduta!
Arratsaldeko 7ak inguruan ekingo diogu bueltako ibilbideari, eta, ondoren, bakoitzak erabaki dezala eguna zelan amaitu.

Ez dugu ez plan makala!

Izena eman nahi duenak hilaren 25a izango du azken eguna.

2013/02/15

LASTER. Bertso-Korrika


Korrika badator eta, berarekin batera, Korrika Kulturala ere bai.
Hori dela eta, datorren ostegunean, hilak 21, Bertso-Korrikako lehenengo saioa izango da Durangon; Pinondo Etxean, hain zuzen ere. Arratsaldeko 7etan, bertara hurbiltzen diren guztiek bertsolaritza-eskola hartzeko aukera izango dute.

Bertsoak zelan osatu ikasi nahi duzuela? Neurriak, oinak, doinuak... ez dira faltako eskualdeko bertsolarien eskutik. Beraz, bertsolaritzan apurtxo bat sakondu eta euskaraz gozatu nahi duenak, badauka ostegun iluntzerako plana.

animatu eta gerturatu bertsolaritzara! 

2013/01/28

LASTER. Xaboigintza-tailerra

Eguenean, hilak 31, xaboia egiten ikasteko aukera paregabea izango dute Berbaroren txokora hurbiltzen diren guztiek. Arratsaldeko 6etan hasita, Alluitz Naturako lagunek, xaboi naturalak zelan egin azaltzeaz gain, partaideei xaboia egiten ere lagunduko diete. 

Lehenengo xaboiok ikastaroan egin ondoren, etxean, nork bere kabuz, xaboia egiteko besteko jakinduria eta abilezia lortuko ote dute partaideek? Hori jakiteko, ikastaroan parte hartu behar!

Ikastaroa egiteko interesik duenak, 639 400 786 telefonora deitu edo sms-a bidali beharko du, partaideen kopurua mugatua da eta.

Animatu eta erdu!

2013/01/23

Euskaltasunaz eta euskalgintzaz berba egiteko kafe-tertulia

Herri-Ola egitasmoaren barruan EUSKALTASUNAZ eta EUSKALGINTZAZ berba egiteko kafe-tertulia antolatu dogu:
EGUNA:urtarrilak 31, eguena.
ORDUA:18:30
LEKUA: Bolalekua
IRAUPENA: 90 min.

HIRU GALDERA OROKOR egingo dira taldetan lantzeko:
- Zein izan behar da euskalgintzaren bidea Otxandion?
- Zelan bizi duzu euskalduntasuna herrian?
- Zelan lagundu belaunaldiz belaunaldiko transmisioa herrian?

Tertuliaren helburua da HERRI-OLA egitasmoa ezagutzea eta euskaltasunaz berba eginez etorkizunerako baliagarri izango diran jendearen iritziak batzea.

Otxandioko euskararen berreskurapen prozesuagaz interesatua dagoan edozein pertsonak parte hartu leike.

Etorri eta emon zure iritzia!

EUSKARA BATZORDEA

2013/01/22

Korrika 18. Ikasleen jaia Usurbilen


Datorren larunbatean, urtarrilak 26, Korrika omenaldi jaia izango da Usurbilen. Oraingo edizio honetan euskara ikasleak izango dira Korrikak omenduko dituenak, eta omenaldi jairako egun osoko egitaraua dago prestatuta: bertsoak, sagardoa, kopaua, kale animazioa, erromeria, kontzertua... 

Beraz, larunbatean Usurbil aldera joan eta egun pasa ederra egin nahi  baduzu, pasa zaitez AEK-ko euskaltegietatik, bertan aurkituko baitituzu sarrerak salgai 10 €ren truke (autobusa barne).

Anima zaitezte eta erdu Usurbilera!

2013/01/18

Kultur lehiaketa




Argazkian Belen Arrazola durangarra duzue, ikasturte honetako kultur lehiaketako irabazlea. Ikusi ahal duzuenez, argazkian sari eta guzti azaltzen da: liburu-sorta ederra eskuetan duela.

Belenek ez ezik, beste makinatxo batek ere asmatu dituzue galdera guztien erantzunak, baina saria ezin banatu, eta azkenean zozketa egin behar! Hala ere, gainontzekook horregatik ez etsi, hurrengoan zorte hobea izango duzue eta.

Zorionak, Belen. Gozatu saria.

2013/01/16

ORAINTSU. Otxandioko Berbalagunen urte amaiera.


Amaiaera bikaina eman diote Otxandioko Berbalagunek 2012 urteari. Horretarako, abenduaren 16an, herriko kanpandorreari bisita egin zioten baserritarren eguna zela aprobetxatuta. Herriko punturik altuenetik Otxandioz eta inguruez gozatzeko aukera izan zuten.

Hori gutxi balitz, abenduaren 26an, bost izarreko Berbalagun saioa izan zuten: ardo dastaketa. Berbalaguneko kide eta ardo kontuetan aditua den Amaiak gidatuta, hainbat ardoz gozatzeko aukera izan zuten.

Hori da hori urtea amaitzeko modua! Espero dugu hasi ere, berdin antzean egingo zutela.