2012/07/17

Udan ere euskaraz bizi nahi dugu


Oporrak hartzeko unea heldu zaigu, lagunok. Irailean elkarrekin egongo gara berriro ere, baina ordura arte euskara izango dugu lagun, udan ere euskaraz bizi nahi dugulako.

Ongi igaro uda, eta euskaraz egin!

2012/06/10

ORAINTSU. Elorrioko bisita gidatuak


Ekainaren 5ean eta 6an, Elorrio ezagutzeko aukera izan genuen Durangaldeko berbalagunok. Planoa eta audiogida-telefonotxoa eskuan hartuta, kalez kale ibili ginen Elorrioren historia apur bat ezagutu guran. 

Kanpokalen eta Errekakalen Erdi Aroan murgildu ginen; eta jauregi ederrei, basilika dotoreari, armarri ikusgarriei eta bizimoduari buruzko azalpenak adi-adi entzunda, sasoi hartako bizilagun bihurtu ginen une batez. 

Baina Iturrizoron tragoxka bat egin barik ezin amaitu txangoa, eta, horrela bada, Elorrioko iturri ospetsueneko ur gozoa dastatu genuen, bisitari bukaera emanez. Badakizue zer esaten duten iturri horretako ura edan dutenez, ezta? Z o Rat Xen   h As S i   oTte  GgaRa?

2012/06/05

LASTER. Bolo-txapelketa


Eguenean, hilak 7, bolotan egiteko aukera izango du gura duen guztiak. Hitzordua Berrizko bolatokian izango da, Ganeketxe tabernaren aurrealdean, arratsaldeko 7etan. Aurtengo txapelketan, gainera, bolotan estilorik onena erakusten duen jokalariak sari berezia jasoko du. 

Lehia jokatu ondoren, trikiti-soinua lagun, afari-legea izango da Ganeketxen bertan. Zer esanik ez dago, bada, euskara-ikasleek eta berbalagunok arratsaldea giro ederrean igarotzeko aukera polita dugula ekitaldi honetan.

2012/06/01

LASTER. Mintza Eguna


Aurtengo ibilbidearen amaierarantz abiatzen ari garen une honetan, Euskal Herriko berbalagun guztien jaia dugu azken geltoki. Aurten Santurtziko berbalagunek aukera ezin hobea eskaini nahi izan digute, egun ederra igarotzeko.

Hamaiketakoa, bisita gidatua, bazkaria, erromeria, kantu-triki-poteoa... Zeozer gehiago eskatzerik bai?

2012/05/28

LASTER. Erlaxazio-tailerra


Asteazkenean, hilak 30, arratsaldeko 7etan erlaxazio-tailerra antolatu dugu Matienako Errota Kultur Etxean.

Gaur eguneko bizimodu azkar eta estresanteari aurre egiteko atseden hartzea beharrezko dugu, zalantza barik. Hartu beharreko atseden hori ahalik eta eraginkorrena izatea du helburu tailer honek. Zer esanik ez dago gorputza eta burua estu lotuta daudela; horregatik da hain garrantzitsua gorputzari eta buruari lantzean behin atseden ematea. Eta atsedenaldiari errendimendu gehiago atera ahal badiogu, bada, askoz ere hobeto.

"Men sana in corpore sano".

2012/05/24

LASTER. Kantulagun


Kantulagun. Hauxe aukera ederra kantuan eta dantzan egiteko! Zapatuan Durangoko Santa Ana plazan batuko gara 13:30ean eta kalez kale kantari ibiliko gara Plateruena Kafe Antzokira iritsi arte. Bertan, 15:00etan bazkaria izango da, eta arratsaldeko 7etan dantzan egin ahal izango dugu Aiko taldearekin. 

Euskal kantuak eta dantzak praktikatzea eta gogoratzea nahi baduzu, ez duzu kantulagunena baino plan hoberik topatuko. Ez horixe!

2012/05/01

LASTER. Ipuin Berotikoak


Bihar, maiatzak 2, arratsaldeko 7etan, Elorrioko Iturri Kultur Etxean erotismoz betetako narrazio "bero"ez gozatzeko aukera izango duzu Bego Alabazan ipuin-kontalariaren eskutik.

Zentzumenak esnatuko zaizkizu eta  bihotz-taupadak bizkortuko, Bego Alabazanen istorioak entzutean. Irribarrea musutik ezabatzea ere lan nekeza izango zaizu; hain izango zaizu nekeza non irribarreari ez ezik, barre-algarari eustea ere ezinezko bihurtuko baitzaizu.

Hortaz, badakizu zer egin behar duzun, tarte atsegin bat igaro nahi izanez gero.

2012/03/31

... ETA GOZATU ERE, EUSKARAZ!


Tolosan, sagardotegian                                                 Zaldibarren, talotan












2012/03/23

LASTER. Zaldibarren, talotan.

"El conocimiento de idiomas es muy importante hoy en día porque facilita conseguir un buen puesto de trabajo, además de ser fuente de riqueza cultural. Tanto es así que mis hijos cursan estudios en un colegio alemán y en vacaciones van a Inglaterra a perfeccionar su inglés". Hau eta honen moduko esaldiak askotxotan entzuten ditugu gure herri eta hirietako kaleetan, gehienetan erdaraz, zoritxarrez. "Ni ez naiz hemengoa" esango luke baten batek.

Gu, ordea, hemengoak gara, eta hemengo kultura ezagutu eta garatu nahi dugu, euskaraz berba eginez, euskaraz ikasiz, lan eginez, jolastuz... eta gure arbasoen  ohiturei helduz. Eta euskaraz berba egin, ikasi, lan egin eta jolasteko aukera izango dute, hain zuzen, zaldibartarrek astelehenean; izan ere, arratsaldeko 7,30etan  Urdiñak elkartearen txokoan. taloak egiten ikasteko eta dastatzeko abagunea izango dute Zaldibarkoek, Berbalagunek antolatutako talogintza-tailerrari esker.

2012/02/29

LASTER. Sagardotegira goaz


Zapatuan, martxoak 3, berbalagunok sagardotegira goaz.

Eskualdeko hainbat herritako jendea autobusera batu ondoren, eguerdiko 12etan abiatuko gara Durangotik Tolosa alderantz.  Tolosan bertan egingo dugu aurten geldialditxoa; pare bat txakolin hartu eta Isastegi sagardotegira joango gara  bazkari-legea egitera. 

Bakailau tortilla, bakailaua piperrekin, txuleta ederra, gazta, intxaurrak eta urteko sagardo zoragarria izango dugu Isastegin dastatzeko prest. Uuummm! Hori bai, guztia trikitilariek alaituta. Barrualdeak jan-edanez beteta, arratsaldeko 7ak inguruan ekingo diogu bueltako bideari. Eta ondo bete ez denak, herrian jarraitu ahal izango du jai-giro atseginean. 

Txotx!

2012/02/23

ORAINTSU. Ai amatxo, surrandia naiz!














Ondo baino hobeto ibili ziren gure lagunak Kriskitinek eta Berbalagunek antolatutako mozorro-tailerrean. 40 bat lagun elkartu ziren tailerrean, eta "jo ta ke" aritu ziren surrandi-maskarak ahalik eta dotoreen egiten. 

Maskarak egin, eta besterik ez?  Ez horixe; ezagutzen dugu banakaren bat, gainera, inauteriko zapatuan ez ezik, inauteriko martitzenean ere surrandi mozorrotuta ibili zena. Hori da maskarari zukua ateratzea! Ezta, Idoia?

2012/02/10

LASTER. Mozorro-tailerra: surrandien maskarak



Datorren astean, astelehenean eta asteazkenean -hilak 13 eta 15-, surrandien maskarak egiteko tailerra antolatu dugu Berbalagunekook, Kriskitin dantza-taldekoekin batera. Tailerra Kriskitinen lokalean izango da, merkatu-plazaren ostean. Astelehenean, parte-hartzaileek surrandien maskarak egiteari ekingo diote, eta, aztekenean, maskarok margotzen arituko dira mozorrogileak.

Durangon sudur handiz mozorrotzeko ohitura hori antzinatik ei dator; bada, aurten ere tradizioari heltzeko aukera izango dugu durangarrok, Berbalagun eta Kriskitinen eskutik; izan ere, datorren zapatuan (zapatu karnabalean),  Kriskitinek antolatu duen bazkarira eta arratsaldeko kalejirara daude gonbidatuta tailerreko parte-hartzaileak eta durangar oro.

Gozatu inauteriak!

2012/01/26

LASTER. Talogintza tailerra Iurretan

Western-etako  behizainak, zaldiak kanpoan utzi ostean, salooneko barrara ailegatutakoan paratzen diren moduan, bata; eta beharra ondo egiten dabilen konfiantzak ematen duen lasaitasunaz, bestea. Horrela posatu zuten iaz gure lagunek -argazki kameraren begiari zirkinik egin barik, gainera-, Berbalagunek Elorrioko Alkartu txokoan antolatu zuen talogintza-ikastaroan.

Aurten, berriz, iurretarren txanda da. Martitzenean, arratsaldeko 6etan, Montosten, iurretar orok izango du taloak egiten ikasi eta dastatzeko aukera, Berbalagunen eskutik. Bai portzierto!. Beraz, taloak egiten ikasteko edo jateko gogotsu bazabiltza, etorri gugana lotsa barik. Ez zara damutuko!

2012/01/24

LASTER. Auzorik Auzo ibilaldia



Domekan, hilak 29, Auzorik Auzo ibilaldia izango da Abadiñon,  Hamabi Harri auzo-elkarteak antolatuta. Oinez egiten den martxa honen helburua xumea bezain aberasgarria da: Abadiñoko auzoak ezagutzea, ibilaldiaz gozatuz. 
Aurtengo edizioan, parte-hartzaileek Abadiñoko hainbat baselizetan zehar burutuko dute ibilaldia;  Salbadore, San Prudentzio, San Bizente, Aingeru Guarda, San Trokaz, San Martin, San Antolin, Santa Eufemia, Santa Luzia, San Kristobal, Andra Mari eta Aita Kurutzeko baselizetan zehar, hain zuzen ere. 
Goizeko 8,30etan Gerediagako plazan egingo den sinatze-ekitaldiak emango dio hasiera Auzorik Auzo ekimenari. Ordu erdi geroago, familia-argazkia atera ondoren, ibilbideari ekingo diote parte-hartzaileek. Hauen indarrak berreskuratzeko, gune bi egokitu dituzte antolatzaileek: Gazteluko San Martinen fruta banatuko dute, eta 10,30etatik aurrera salda egongo da Irazola auzora heltzen direnentzat.
Ibilaldia amaitutakoan, Zelaietako probalekuan, luntxa egongo da erromeriaz alaituta. Eta, gainera, hainbat sari zozketatuko dira ekitaldian izena eman dutenen artean artean. Ezetz domekarako plan hoberik topatu!

2012/01/11

Olentzero etorri zaigu...

Argazkian, Nerea Mandaluniz Kultur Lehiaketako irabazlea eta bere seme-alabak Hitz liburudendako arduradunekin, lehiaketako saria zen liburu-sorta ederra jaso ondoren.

Bejondeizula, Nerea.