2011/03/31

KORRIKA 17. Korrikaren aldeko Jaia

Bihar, apirilak 1, gaueko 10etan hasita, Elorrioko Arriola antzokian, musika eta bertsoa biltzen dituen jaialdia izango da. Udalak, Arriola kulturguneak eta AEK-k elkarlanean jardun dute Korrikaren aldeko egitaraua prestatzen.

Bertsoak izango du jai honi hasiera emateko ardura. Saioan Durangaldeko lau bertsolarik hartuko dute parte: Gorka Lazkano berriztarrak, Eneko Abasolo "Abarkas" iurretarrak, Beñat Ugartetxea mallabitarrak eta Eñaut Uruburu abadiñarrak. Bertsolariok Maite Berriozabal-ek jarriko dizkien gaiei erantzuten saiatuko dira.

11etan Ateneoan Sorkun-en kontzertua izango dugu. Azken hilabeteetan jorratzen ari den formatoan eskainiko digu Sorkunek kantaldia. Kontzertu akustikoa eskainiko digu, beraz, baina oso giro lasai eta intimoan.

2011/03/28

LASTER. 1000 milla

Ostegunean, hilak 31, arratsaldeko 6,30etan Iurretako Ibarretxe Kultur Etxean munduan zehar ibiltzeko parada ezinhobea izango dugu Urdin eta Izaroren eskutik. Durangaldeko gazte hauek mundu zabalean zehar bizikletaz egin duten bidaiaren ingurukoak azalduko dizkigute ikus-entzuneko emanaldi honetan.

Goiko argazkian, Urdinen ondoan, Thailandiaren hegoaldeko telebista-saltzaile ibiltari bat ikus dezakezue bere saltokiaren aurrean. Thailandiarrari Urdinen bizikleta gustatu zaiola ohartzeko, bizikletari heltzeko duen moduari erreparatzea baino ez dago. Ez dakigu asiarra truke egiten saiatu zen, baina ez litzaiguke arraro egingo pare bat telebistaren truke bizikleta erosi nahi izana. Hamaika ikusteko jaioak gara!

2011/03/25

KORRIKA 17. "Izan, egin, eragin. EHE" dokumentalaren aurkezpena

Asteartean, hilak 29, iluntzeko 8etan Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz dokumentalaren aurkezpena izango da Plateruena kafe-antzokian. Korrika Kulturaleko ekitaldi hau Euskal Herrian Euskaraz euskararen aldeko taldeak ekoiztutako dokumentala da.

Dokumental hunkigarri honetan hainbat EHEko kide eta euskaltzalek hogeitaka urtetan izandako bizipenak, hausnarketak eta iritziak batzen dira, beti ere euskara ardatz, hizpide eta irizpide hartuta. "Ez daude bi ur tanta berdin, baina denek dute euskaraz biziko den herriaren alde izan, egin eta eragiteko konpromisoa".

*Aurkezpenera joaterik ez baduzu:

2011/03/17

ORAINTSU. Sagardotegian

Autobus bete berbalagun izan ginen joan den hilean Aginagako Urdaira sagardotegian. Sagardotegira bidean, Getarian, egin genuen "derrigorrezko" geldialdia. Bertan, giro onean, "nahitaezko" poteoari ekin genion, trikitixaren aireek alaituta. Getariako txakolina dastatu eta gero autobusean sartu eta sagardotegirantz abiatu ginen.

Sagardotegian aurtengo Gipuzkoako sagardoa edan ahal izan genuen, baita sagardotegikoa ohikoa den menua jan ere. Afaldu ondoren kupelik kupel eta dantzarik dantza ibili ginen sagardotegian zehar (beno, egia esanda, batzuk ondoren, bitartean eta orduko ibili ziren).

Bada, dena den, sagardotegitik bueltan, eusko labeldun gutiziak dastatzearekin ase ez edo konforme ez, eta lo egitera joan baino lehen, kebab izeneko janari turkiarrari "eraso" egin zionik. Ezta, Endika?

2011/03/15

KORRIKA 17. Euskalaketa

Barikuan, hilak 18, gaueko 8,30etan Plateruena kafe-antzokian Euskalaketa bakarrizketa-lehiaketa izango dugu ikusteko eta entzuteko moduan.

Korrika Kultural barruan antolatutako ekitaldi honetako lehiakide bakoitzak lan bi egin beharko ditu. Lehenengo lana aurrez prestatutako gai libreko bakarrizketa bat izango da; bigarrena, berriz, euskalakari hitza gai hartuta garatu beharreko bakarrizketa izango da.

Apirilaren 17an Donostian finala izango duen euskalaketa lehiaketa honen lehenengo kanporaketa da Durangon barikuan egingo den kanporaketa hau.

2011/03/09

KORRIKA 17. Neu ere euskalakaria naiz

Euskal Herrian bizi dena euskal herritarra bada eta euskalduna euskaraz dakiena, zelan deitu ahal diogu euskara maitatu, ikasi eta erabili egiten duenari? Bada, horiei guztiei izena ipini nahi die Korrikak: EUSKALAKARIA.

Euskalakaria da lehenengo berba euskaraz egiten duena, euskaraz sortzen duen artista, euskaraz lan egiten duena, euskara ikasten dabilena eta umeari euskaraz egiten dion gurasoa. Euskalakaria neu naiz, eta euskalakaria zeu ere bazara!

2011/03/07

ORAINTSU. Berbertan

Oraintsu amaitu den Berbertan elkarrizketa-zikloaren bideoak dauzkazue ondoren; Benito Lertxundi eta Pako Aristi-rena, Jon Sarasua eta Amets Arzalluz-ena, eta Edurne Brouard eta Maddalen Iriarte-rena dauzkazue, hurrenez hurren.

2011/03/01

LASTER. Edurne Brouard, Maddalen Iriarteren eskutik


Eguenean, hilak 3, iluntzeko 8etan Plateruena kafe-antzokian Maddalen Iriarte kazetariak Edurne Brouard AEKkidea elkarrizketatuko du, berbertan elkarrizketa-zikloari amaiera emanez.

Edurne eta Maddalen, Maddalen eta Edurne. Nortasun handiko emakume bi, aurrez aurre, euskal kulturaren erakusgarri.