Pages

2012/01/26

LASTER. Talogintza tailerra Iurretan

Western-etako  behizainak, zaldiak kanpoan utzi ostean, salooneko barrara ailegatutakoan paratzen diren moduan, bata; eta beharra ondo egiten dabilen konfiantzak ematen duen lasaitasunaz, bestea. Horrela posatu zuten iaz gure lagunek -argazki kameraren begiari zirkinik egin barik, gainera-, Berbalagunek Elorrioko Alkartu txokoan antolatu zuen talogintza-ikastaroan.

Aurten, berriz, iurretarren txanda da. Martitzenean, arratsaldeko 6etan, Montosten, iurretar orok izango du taloak egiten ikasi eta dastatzeko aukera, Berbalagunen eskutik. Bai portzierto!. Beraz, taloak egiten ikasteko edo jateko gogotsu bazabiltza, etorri gugana lotsa barik. Ez zara damutuko!

2012/01/24

LASTER. Auzorik Auzo ibilaldia



Domekan, hilak 29, Auzorik Auzo ibilaldia izango da Abadiñon,  Hamabi Harri auzo-elkarteak antolatuta. Oinez egiten den martxa honen helburua xumea bezain aberasgarria da: Abadiñoko auzoak ezagutzea, ibilaldiaz gozatuz. 
Aurtengo edizioan, parte-hartzaileek Abadiñoko hainbat baselizetan zehar burutuko dute ibilaldia;  Salbadore, San Prudentzio, San Bizente, Aingeru Guarda, San Trokaz, San Martin, San Antolin, Santa Eufemia, Santa Luzia, San Kristobal, Andra Mari eta Aita Kurutzeko baselizetan zehar, hain zuzen ere. 
Goizeko 8,30etan Gerediagako plazan egingo den sinatze-ekitaldiak emango dio hasiera Auzorik Auzo ekimenari. Ordu erdi geroago, familia-argazkia atera ondoren, ibilbideari ekingo diote parte-hartzaileek. Hauen indarrak berreskuratzeko, gune bi egokitu dituzte antolatzaileek: Gazteluko San Martinen fruta banatuko dute, eta 10,30etatik aurrera salda egongo da Irazola auzora heltzen direnentzat.
Ibilaldia amaitutakoan, Zelaietako probalekuan, luntxa egongo da erromeriaz alaituta. Eta, gainera, hainbat sari zozketatuko dira ekitaldian izena eman dutenen artean artean. Ezetz domekarako plan hoberik topatu!

2012/01/11

Olentzero etorri zaigu...

Argazkian, Nerea Mandaluniz Kultur Lehiaketako irabazlea eta bere seme-alabak Hitz liburudendako arduradunekin, lehiaketako saria zen liburu-sorta ederra jaso ondoren.

Bejondeizula, Nerea.