2011/12/15

Lehiaketako irabazlea



Aurtengo edizioan 200 bat lagunek esku hartu dute lehiaketan: gehienek berbataldeetatik koordinatzaileari orria entregatuz, 30 batek Anboto astekariaren bitartez, eta banaka batzuek blog honen bitartez. Beraz, partehartze polita egon dela esan dezakegu. 

Nerea Mandaluniz, argazkiko berbalaguna, izan da aurtengo Kultur Lehiaketako irabazlea. Abadiñar honek Anboto astekarian argitaratutako galdetegia bete zuen, eta ez edozelan bete; izan ere, lehiaketako hamasei galderentzako erantzun zuzenak aukeratu zituen. Liburu-sorta, beraz, Zelaietara doa aurten.

Zorionak, bada, Nerea! Eta ea liburuak gustatzen zaizkizun!


* Lehiaketako erantzunak:
1. Zein da Durangoko mendirik garaiena? (a) Pagasarri.
2. Durangaldean eztegu berba erabiltzen da; baina zer esan nahi du? (c) ezkontza.
3. Zein herritako armarrian ikus daitezke lehoiak? (c) Elorrioko armarrian.
4. Zelan esaten zaio erbinudeari Durangaldean? (a) ogigaztaia.
5. Zaldibarko bainuetxea 1846. urtekoa da; baina nork eraiki zuen? (b) Peñafloridako konteak.
6. Zein zarata egiten du tiroak? (b) danba.
7. Zein da Amanita Phalloides perretxikoaren izen arrunta? (a) hiltzaile berdea.
8. Iurretako Kofradien Eguna Laixiarren ospatzen da, baina noiz? (a) iraileko  bigarren domekan.
9. Zertan dabil jendea, drogan dihardunean? (a) borrokan.
10. Zein da Durangoko elizarik zaharrena? (c) Tabirako San Pedro.
11. Zer da itsuskia? (a) erratza.
12. Zein da Berrizko markesaren benetako titulua? (a) Berrizko markesa.
13. Txantxurrika bagabiltza, zelan gabiltza? (c) hanka baten gainean.
14. Noiz erosi zuen Durangoko Merindadeak Astolako Etxea? (a) 1576an.
15. "Abadearen lapikoa, txikia baina..." (b) gozoa.
16. Zein da Berbalagunen aurtengo kanpainaren leloa? (a) "euskara atsegin dut".