2013/01/28

LASTER. Xaboigintza-tailerra

Eguenean, hilak 31, xaboia egiten ikasteko aukera paregabea izango dute Berbaroren txokora hurbiltzen diren guztiek. Arratsaldeko 6etan hasita, Alluitz Naturako lagunek, xaboi naturalak zelan egin azaltzeaz gain, partaideei xaboia egiten ere lagunduko diete. 

Lehenengo xaboiok ikastaroan egin ondoren, etxean, nork bere kabuz, xaboia egiteko besteko jakinduria eta abilezia lortuko ote dute partaideek? Hori jakiteko, ikastaroan parte hartu behar!

Ikastaroa egiteko interesik duenak, 639 400 786 telefonora deitu edo sms-a bidali beharko du, partaideen kopurua mugatua da eta.

Animatu eta erdu!

2013/01/23

Euskaltasunaz eta euskalgintzaz berba egiteko kafe-tertulia

Herri-Ola egitasmoaren barruan EUSKALTASUNAZ eta EUSKALGINTZAZ berba egiteko kafe-tertulia antolatu dogu:
EGUNA:urtarrilak 31, eguena.
ORDUA:18:30
LEKUA: Bolalekua
IRAUPENA: 90 min.

HIRU GALDERA OROKOR egingo dira taldetan lantzeko:
- Zein izan behar da euskalgintzaren bidea Otxandion?
- Zelan bizi duzu euskalduntasuna herrian?
- Zelan lagundu belaunaldiz belaunaldiko transmisioa herrian?

Tertuliaren helburua da HERRI-OLA egitasmoa ezagutzea eta euskaltasunaz berba eginez etorkizunerako baliagarri izango diran jendearen iritziak batzea.

Otxandioko euskararen berreskurapen prozesuagaz interesatua dagoan edozein pertsonak parte hartu leike.

Etorri eta emon zure iritzia!

EUSKARA BATZORDEA

2013/01/22

Korrika 18. Ikasleen jaia Usurbilen


Datorren larunbatean, urtarrilak 26, Korrika omenaldi jaia izango da Usurbilen. Oraingo edizio honetan euskara ikasleak izango dira Korrikak omenduko dituenak, eta omenaldi jairako egun osoko egitaraua dago prestatuta: bertsoak, sagardoa, kopaua, kale animazioa, erromeria, kontzertua... 

Beraz, larunbatean Usurbil aldera joan eta egun pasa ederra egin nahi  baduzu, pasa zaitez AEK-ko euskaltegietatik, bertan aurkituko baitituzu sarrerak salgai 10 €ren truke (autobusa barne).

Anima zaitezte eta erdu Usurbilera!

2013/01/18

Kultur lehiaketa




Argazkian Belen Arrazola durangarra duzue, ikasturte honetako kultur lehiaketako irabazlea. Ikusi ahal duzuenez, argazkian sari eta guzti azaltzen da: liburu-sorta ederra eskuetan duela.

Belenek ez ezik, beste makinatxo batek ere asmatu dituzue galdera guztien erantzunak, baina saria ezin banatu, eta azkenean zozketa egin behar! Hala ere, gainontzekook horregatik ez etsi, hurrengoan zorte hobea izango duzue eta.

Zorionak, Belen. Gozatu saria.

2013/01/16

ORAINTSU. Otxandioko Berbalagunen urte amaiera.


Amaiaera bikaina eman diote Otxandioko Berbalagunek 2012 urteari. Horretarako, abenduaren 16an, herriko kanpandorreari bisita egin zioten baserritarren eguna zela aprobetxatuta. Herriko punturik altuenetik Otxandioz eta inguruez gozatzeko aukera izan zuten.

Hori gutxi balitz, abenduaren 26an, bost izarreko Berbalagun saioa izan zuten: ardo dastaketa. Berbalaguneko kide eta ardo kontuetan aditua den Amaiak gidatuta, hainbat ardoz gozatzeko aukera izan zuten.

Hori da hori urtea amaitzeko modua! Espero dugu hasi ere, berdin antzean egingo zutela.