Pages

2010/05/20

DURANGALDEKO MENUAK ABADIÑO

Bidaiei buruzko programa Abadiñon

Herrialde exotikoak eta bidaiatzeko moduak

Guztira, erakusketa bat eta zortzi hitzaldi izango dira maiatza eta ekainean Errota eta Txanportako kultura-etxeetan

Familiakoekin batera Europan barrena bizikletan ibilaldi bat egitea, Irango exotismoa eta merke bidaiatzeko trikimailu batzuk…, horra hor Abadiñoko Udalak maiatz eta ekainean Txanporta eta Errotako kultura-etxeetan antolatu duen bidaiei buruzko programako hitzaldi batzuen ardatza.

Bidaiatu TAN TAN TAN! (Bidaiatu egueneTAN zazpieTAN Kultur EtxeeTAN)". Horren bidez, bidaietan izandako hainbat bizipenen berri eman nahi zaie herritarrei, beste lur batzuk ezagutu ditzaten eta munduan barrena egin nahi dituzten ibilaldiak hobeto hautatu ditzaten. Guztira, zortzi hitzaldi eta proiekzio izango dira. Horien bidez, Abadiñoko herritarrek eta Euskal Herriko beste toki batzuetako bidaiariek beste lurralde batzuetan izandako bizipenen berri emango dute.

Programa maiatzaren 6an hasiko da: Donostiako familia bateko kideek –Mikel Bringas-ek, Rosa Lizasok eta Eki eta Lur seme-alabek– Europako hainbat herrialdetatik bizikletaz egindako ibilaldia kontatuko dute. Maiatzaren 13an, Asier Aranzabal eta Mila Gallastegi zornotzarrek klixeetatik ateratzen den herri batean izandako bizipenak azalduko dizkigute: Irango bizipenak.

Maiatzaren 20an, Mertxe Bilbao bilbotarrak gomendioak emango ditu munduan barrena diru gutxirekin ibili ahal izateko; eta, hurrengo ostegunean, Maite Blanco elorriarrak eta Aitor Huici iruindarrak Txinan izandako bizipenak kontatuko dituzte.

Ekaineko saioak ekainaren 3an hasiko dira, eta, horrenbestez, Bruselako Alice Goffart-ek eta Andoni Rodelgo eibartarrak mundu osoan barrena hiru urtez bizikletan egindako bidaiaren berri emango dute.

Astebete geroago, Eneko Espino gasteiztarrak eta Oscar Martinez abadiñarrak Maliri buruz hitz egingo dute; eta, ekainaren 17an, Amaia Ardanza abadiñarrak Indian eta Nepalen izandako bizipenak azalduko ditu. Azkenik, maiatzaren 24an, Amaia Huarte abadiñarrak bere herritik Norvegiaraino furgonetaz egindako ibilaldia kontatuko du.
Ekainean, Udalak erakusketa bat antolatuko du, parte-hartzaile guztien bidaietako argazkiak bilduta.

Informazio gehiago nahi izanez gero klikatu hemen.

No comments: