Pages

2010/12/01

LASTER. Euskal Liburu eta Disko Azoka


Zapatuan zabalduko ditu Gerediaga Elkarteak Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokako ateak. Aurtengo edizioa 45. edizioa da eta, urteroko moduan, nobedadez josita dator aurten ere. Ondotxo dakizuenez, Euskal Herrian ekoiztutako musika eta literaturaren erakusleiho erraldoia izateaz gain, leku guztietako euskaldunen topagunea da Durangoko Azoka.

Aurtengo Argizaiola saria Imanol Urbieta musikari eta idazle emankorrak jasoko du; Imanol Urbieta pedagogoa eta musikaria da eta oso ezaguna, batez ere, umeentzako abesti ospetsu askoren egilea delako. Bestalde, aipatu ere egin behar da aurtengo Liburu eta Disko Azokaren gaia "erotismoa" dela eta herrialde gonbidatua Kurdistan.

Giro sanoan eta euskaldunean murgilduta ibiltzeko nahiko aitzakia ederra eskaintzen digu berez Liburu eta Disko Azokaren gertakizun garrantzitsu honek; baina hau gutxi balitz, Esne Beltza, Gatibu, Ken Zazpi eta Bide Ertzean musika-taldeen kontzertuak izango ditugu Plateruena Kafe Antzokian entzuteko eta ikusteko moduan.

Zapatura arte, lagunak!

No comments: