URKIOLA-ARRAZOLA
OTSAILAK 29Laugarren Mendilagun irteera izan da gaurkoa. Eguraldiaren iragarpenak begiratuz pasatu dugu astea, eta euriaren beldurrez esnatu gara Mendilagunak. Anbotoko Mariri eskatutako desioek balio izan digutela dirudi; euririk ez baitu egin. Anbotoren magaletan ibilaldi magikoa egin dugu, ta ze gustura, gainera!
Gaurko hitzordua Durangoko Madalena autobus geltokian jarria genuen, goizeko 8:40eko autobusa hartzeko. Gehienak, jadanik, ezagunak izan arren, beste mendi irteeratara ere etorri direlako, jende berria ere animatu da gaurkoan. 18 laguneko koadrila elkartu gara autobus geltokian: Durangarrak, Elorriarrak, Axpetarrak, Zorrotzarrak eta Ermutarrak. 9:00etarako heldu gara Urkiolara. Motxilak soinean jarri, botetako lokarriak lotuta daudela ziurtatu, eta hasi gara mendian gora.
Urkiolamendira heltzeko aldapa pentsa baino maldatsuagoa izan da. Berehala bukatuko zelakoan, bada ez, gorputza bizi-bizi, esnatzeko balio izan digu hasierako aldapatzarrak. Eta heldu gara bideko lehen tontorrera, Urkiolamendira. Mendi ederrez inguratuta egin dugu lehen geldialdia.
Haize bortitza zebilen, eta euriaren beldur, ezin denbora luzez geratu. Ur pixka bat edan, eta berehala ekin diogu bideari. Hortik aurrera, aldapa gutxi izan dugu, eta txor-txor aritu gara, mingainari lana emanez. Lagun zahar eta berriak; ezagunak eta ezezagunak; Urkiolamendi igo orduko, denok ginen koadrila bereko Mendilagun. Bidexkatik inguruko landarediari begiratuz, atentzioa eman digu Nartzisoak ikusteak. Lore hori ederrak normalean baino lehenago loratu direla dirudi. Hala, bideari jarraituz, Zabalandira heldu gara.
Zabalandi, izenak ondo adierazten duen lez, landa zabaleko ingurua da. Eurite handirik egin ez duen arren, hango landak berde-berde daude. Ezkerraldean Anboto utzita, guk aurrera jarraitu dugu; Andastora.
Ikuspegi horretatik beste itxura bat hartu du Anbotok, triangelu forma. Zorrotzarrak sato eta guzti etorri dira, eta Obelixen edari magikoaren antzera, indar berritu gaitu ardoak. Ibilaldiko bigarren tontorra igo dugu, Andasto. Ordurako Arrazolan zain geneukan hamaiketakoarekin pentsatuz ekin diogu beherako bideari.
Anboto atzean utzi dugu, eta erromatarren galtzadatik jaitsi gara. Euririk egin ez duen arren, harriak labainkor zeuden, eta kontu handiarekin jaitsi behar izan dugu aldapa. Nahiz eta tentuz ibili, Mendilagun kide bat erori, eta eskumuturra puskatu du. Ordurako ia Arrazolan geunden, eta gaitz erdi.
Geldialdi eta azken orduko ezustekoa gora behera, pentsa baino beranduago heldu gara Arrazolara, 13:00ean. Arrazolako herritarrek herriko elkarteko ateak zabaldu dizkigute, eta hamaiketako eder batekin bukatu dugu goiz-pasa zoragarri hau.
Gure baso eta zuhaitzek euskaraz hitz egiten dute. Agian, horregatik uztartzen dute hain ondo euskarak eta mendiak.
No comments:
Post a Comment