Pages

2020/01/27

Urkiolatik Otxandiora Mendilagun koadrila


Urkiola-Otxandio. Mendilagun irteera. 

Urtarrilak 25, zapatua.


Goizeko 8:30rako Durangoko Madalena geltokian normalean baino jende despistatu gehiago zebilen motxila soinean. Berbalagunak ziren; begiradek noiz topo egingo zain, eta beste berbalagun batzuekin elkartu nahian. 18 pertsonako taldea berehala osatu genuen, aurkezpenak egiten hasi, eta 8:40eko autobusera igo ginen. Logurarik ez, ilusioa zen nagusi jendearen aurpegian. Pozik abiatu ginen Urkiolara.

9:10 ingururako Urkiolan jaitsi ginen. Taldea batu, denok geundela ziurtatu, eta ttipi-ttapa Otxandiorako bideari ekin genion. Kartelean genion bezala, urkiolako baso eta zuhaitzek euskaraz entzun gintuzten, ondo entzun ere! Berba eta berba, isildu gabe, pausoz pauso, konturatu orduko Olaetara heldu ginen. Bertan egin genuen lehenengo geldialdia. 

Salda beroa hartu, eta berriz ekin genion bideari. Ttipi-ttapa, berba eta berba, Otxandiora heldu ginen. Historia handiko eta harrizko etxe ederrez osatutako herri bizia da Otxandio. Berbalagun batzuek bazekiten Otxandion gerra garaian gertatutakoaren berri. Orduan Otxandiarrek bizitako krudelkeriak ekarri genituen gogora. 1936ko uztailaren 22an, herria jaietan murgilduta zegoela, bonbardeatu zuten faxistek herria gupidarik gabe. Hildako 57 herritarren oroimenez egindako plaka ikusi genuen. 

Gerra garaiko istorioak gordetzeaz gain, bada plazan pertsonaia berezi bat: Vulcano, burdinaren eta suaren jainkoa. XIX. mendearen hasieran, Otxandion 60 sutegi eta burdinola bat zeuden, burdin kantitate handia kontsumitzen zutenak. Burdinolek itzelezko garrantzia izan zuten herrian. 



Urkiola eta inguruak hobeto ezagutu, gure herriko historia ikasi, lagun berriak egin, eta poteoan ibiltzeko denbora ere izan genuen. Amaiera bikaina eman genion Mendilaguni. 13:30eko autobusean bueltatu ginen Durangora, eta hurrengorako planak eginez agurtu genuen elkar.

Eskerrik asko, Berbalagun! Itzelak zarete!

No comments: