Agroekologia tailerra Arrazola
Pasa den asteazkenean Arrazolako paraje ederretan
elkartu ginen 15 berbalagun; durangarrak, berriztarrak, elorriarrak
eta abadiƱarrak. Bertan dago Amillena taberna.Vanesak, Lurrek eta
Josek egin ziguten harrera, eta hasieratik etxean legez sentitu
ginen.
Agroekologia kontzeptu zabala den arren, erraz
azaldu eta ulertu genuen zertan datzan. Gure aiton-amonek egiten
zutena, finean; sasoian sasoikoa eta gertukoa kontsumitu.
Vanesak mahai bete barazki ekarri zizkigun.
Batzuk, ezagunak; eta, beste batzuk, ezezagunak: tipula, baratxuria,
azalorea, aza, lonbarda, pach choi eta aza txikia, besteak beste.
Izurtzatik eskuratzen dituzte barazkiak, mota guztietako barazkiak.
Mozteko taulak eta labanak esku artean, barazkiak mozteari ekin
genion. Moztu bitartean, agroekologia zerekin lotzen dugun hausnartu
genuen: zero kilometro, ekologikoa, zero zabor, merkatu txikiak,
transgenikorik ez, laborantza naturala... Erosketak egitean hartu
beharreko erabaki politikoez ere jardun ginen.
Barazkiak moztuta, sukaldean sartzeko unea heldu
zen. Hiruko taldeetan elkartu, eta barazkiak wokean egiten hasi
ginen. Bitartean, arroza jarri genuen egosten, Nafarroako arroza.
Batzuk sukaldean, eta beste batzuk kanpoan
barriketan. Herri desberdinetako berbalagunak elkartu ginen, eta
lagun berriak egiteko ere balio izan zigun tailerrak.
Bat-batean Vanesak afaria prest zegoela oihukatu
zigun. Mahaia jarri eta agudo hartu genuen tokia, ordurako tripak
orroka baitzebiltzan. Plater dotoreak, osasuntsuak eta zaporetsuak
prestatu genituen. Jaten hasi, eta orduan, lehenengo isilunea
mahaian.
Eskerrik asko Amillenako neskei. Asko ikasi eta
disfrutatu genuen zuekin.
No comments:
Post a Comment