2019/12/16

GOIZ PASA ZORAGARRIA MENDILAGUNEKIN

Eguraldi ederra lagun genuela goiz pasa zoragarria egin genuen mendilagunok pasa den larunbatean.

Iurretatik abiatu ginen. Garaiko bidea hartu, eta berehala hasi ginen txamarra eta jertseak kentzen. Huntza taldearen abesti famatuak dioen lez, "aldapan gora pausorik pauso". Lehenengo geldialdia San Juan baselizan egin genuen. Ermitaren ondoan IX. eta X. mendeetako hilobiak daude. Berbalagun batzuek bazekiten garai horietako historia apur bat, eta badirudi erromatarrak ere ez zirela urrun ibili.


Fruta pixka bat jan eta ekin genion berriz ibiltzeari. Mendi bideak alde batera utzi, eta laster heldu ginen Garaira eramango gintuen errepidera. Bat-batean, gure aurrean agertu zen Garai herria. Zeru urdina goian, eta Garai herria zelai berdez inguratuta behean.



Ez ginen denbora luzez Garain geratu. Tabernan tragotxo bat hartzeko gogoa izan genuen, baina gogoei eutsi, eta Gerediagarako bideari ekin genion. Bidean, ibai ertzean, antzinako errota batekin egin genuen topo. Errotaren ondoan zaharberritze prozesuan zegoen baserri bat ikusi genuen, ederra benetan. Eta izkina batetik non agertu zitzaigun Xeberri. Baserria beste garai batean papergintza enpresa omen zen. Adi-adi entzun genituen bere istorioak, eta gehiegi luzatu baino lehen, berriz jarri ginen martxan, eta berehala, presa eder batekin egin genuen topo.


Berbalagunen aterkipean jarraitu genuen bidea. Berba eta berba, konturatu orduko Gerediagara heldu ginen. Toki hura oso garrantzitsua omen zen erdi aroan, izan ere Durangoko Merinaldeko jaun eta andreak bertan batzen ziren.  Gu ere ez ginela gutxiago izango, eta hantxe jarri ginen eskualdeko jaun eta andre bezala.


Ibilbidea zirkularra zenez, Iurretara heltzea baino ez zitzaigun falta. Baina horrelako egun bat ezin bukatu topa egin gabe. Bakoitzak bere bidea hartu baino lehen, eguna ondo bukatzeko topa egin genuen, eta hurrengora arte batekin agurtu ginen.

Eskerrik asko eta zorionak parte hartu zenuten guztioi. Datorren urterako beste plan mordoxka daukagu gordeta.

No comments: