Pages

2009/10/23


Durangaldean euskaraz

berbalagun bidez

“Zahar eta barri berbetan gabiz”

Euskara Praktikatu Durangaldean
Zabalik da Berbalagun-mintzapraktika programetan parte hartu nahi dutenek izena emateko epea


Euskara praktikatu nahi baduzu orain ez dago aitzakiarik, Durangaldeko berbalagun egitasmoak berriro martxan daude, doakoak dira, zure partehartzea da behar den gauza bakarra, astean behin elkartu, ekintzetan parte hartu, zure esku dago aukeratzea.
“Zahar eta barri, berbetan gabiz”. Hauxe da berbalagun egitasmoaren xede nagusia Durangaldean.

Aurten Durangaldeko euskararen eragileok inoiz baino indartsuago den berbalagun programak martxan jarriko ditugu hainbat herritan, parte hartzera dei egiten duen kanpaina berriaren “Eskuko atzamarrak ere ez dira igualak” lemapean.

Durangoko, Elorrioko, Zaldibarko, Berrizko eta Abadiñoko Euskara Zerbitzuak, Herrietako euskara elkarteak(Berbaro,..), Durangaldeko AEK, Durangoko Udal Euskaltegia eta hizkuntza eskola dira egitasmo honen sustatzaileak.

Durango, Berriz, Elorrio eta Zaldibarren berbalagun egitasmoan izena emoteko kanpaina martxan dago jada eta eskualdeko beste herrietara ere zabaltzeko erronka beregain hartu du AEK-k, Abadiñon azarotik aurrera zabalduko da izen ematea. Izan ere, eskualdeko udalerrietan bertako erakunde eta eragileak, bai Durangaldeko AEK-k, Udalek, Euskara Elkarteek eta Durangoko Udal Euskaltegiak zein Hizkuntza Eskola euskararen erabilera kalean sustatzeko lanetan ari dira aspaldi, buru belarri ari dira zahar eta barri euskaraz berbetan aritzeko helburuarekin. Euskararen normalkuntza prozesuan denon ahalegina eta ekarpenak beharrezkoak baitira. Alde horretatik laster Durangoko amankomunazgoa osatzen duten beste udalerrien inplikazioa ere lortzea espero dugu.

Euskararen erabilpenerako egitasmoa da berbalagun, euskaldun zahar eta berriak harremanetan jartzen dituen proiektua, edozeinek har dezake parte, berdin dio euskaldun zaharra, euskaltegiko ikasle ohia edo euskaltegiko ikaslea bada. Berdin dio zein den bere jatorria, adina, lanbidea edo zeintzuk bere zaletasunak.


berbalagunen helburuak, Durangaldeko herrietan erabilera esparruak zabaltzea, euskaldunok elkar ezagutzea eta euskara ikasten ari diren edo ibili diren ikasleek praktikatzeko aukera gehiago izatea dira. Horretarako ekimen nagusi bi antolatuko dira; berbataldeak eta euskararen agenda.

*Berbataldeak: Taldeen edota bikoteen topaketak dira. Adina, zaletasunak, eta disponibilitatea kontuan hartuta laupabost laguneko taldeak osatuko dira. Euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartuta, talde bakoitzak arduradun bat aukeratuko du eta denon artean erabakiko dute noiz, non eta zertarako bildu. Arruntena astean behin taberna batean biltzea da, baina aukera asko daude: kontzertuetara joan, antzezlanak ikusi, ikastaroak egin eta jakina, mendizaleen taldea ere ez da faltako.

*Euskararen Agenda: Durangaldeko euskaldunon beharrei begira berbalagun proiektuan parte hartzen duten edo elkarlanean ari diren eragile desberdinek ahalegina egin dute euskarazko kultur eskaintza zabal eta duina egiteko. Bertan; ikastaroak, txangoak, ikuskizunak, kontzertuak, errezitaldiak, bertso saioak, diaporamak, eztabaida foroak, hitzaldiak, erakusketak. Agendan hilero Durangaldean euskaraz antolatzen diren ekintzen berri ematen da eta informazioa berbalagunei zein euskaltegietako ikasleei helerazten zaie(e-postaz, zuzenean,..).


Horretaz gain, Durangaldeko berbalagun bloga daukagu; argazkiak, azken berriak eta partaideen iritziak zabaltzeko, hauxe da gure helbidea: http://durangaldea.blogspot.com.

Hemendik aurrera Durangaldeko euskaldunon sarea indartuz joango da, euskara ikasten ari direnek berba egiteko aukera gehiago izango dituzte eta euskara kalera aterako dugu. Badakigu lan handia dagoela oraindik egiteko, baina gogotsu ari gara euskararen alde.

Azkenik, sintoma hauek baldin badituzu:


euskaraz ziurtasunik ez eta lotsatzen bazara; euskara jakin bai baina erabili ez; euskara erabili gura baina norekin ez; euskararen gaineko ardura edota ondo jakin eta beste batzuei laguntzeko prest bazaude, erantzuna honako hau da:


egin zaitez Berbalagun!.


Harremanetarako:
durangaldea@aek.org edo 639400786




No comments: