Pages

2020/12/09

HITANOLAGUN EGITASMOA ABIAN DA IURRETAN

 

Hitanoa ikasteko eta praktikatzeko aukera paregabea Iurretan urtarriletik aurrera.

Iurretan hika hitz egiten duten herritarrek eta Durangaldeko Berbalagunek elkarlanean sortutako egitasmoa da. 

Urtarrilean ikastaro labur bat egingo dugu, eta jarraian, mintzapraktika egiten hasiko gara. Gainontzeko Berbalagun taldeak lez, astero elkartuko gara mintzapraktika egiteko, kasu honetan, Hitanolagun izango gara. 

Hika berbetan ikasteko edo hizkera hobetzeko interesa badekon/k, animau hadi!

Deitu edo idatzi telefono honetara: 639 400 786

Dohainik da!

 


 

2020/10/30

BERBALAGUN ONLINE

 PRAKTIKATU ONLINE ERE BAI

COVID-19ak konplikatu ditu herritarron arteko kontaktuak, horregatik, euskaraz online praktikatzeko aukera berriro zabaldu nahi dugu.

ZER EGIN BEHAR DA PARTE HARTZEKO?
1. Behean dagoen loturan aukeratu modalitatea: AURREZ AURRE, ONLINE, ala BIETARA.
2. Markatu nahiago d(it)uzun egun(ak) eta ordutegia(k)

Parte hartzea DOHAINIK da 👌, gainera, izena ematen dutenen artean 10 SARI-KUTXA 🎁 zozketatuko ditugu.

Animatu eta eman izena > http://emanizena.praktikatu.eus/

 


 

2020/09/15

Ikasturte berriari ekiteko prest?

Durangaldeko Berbalagun berriro martxan da. Pandemiaren eragina heldu da Berbalagunera, baina ez gaitu mututuko, ez noski!

Gaurtik aurrera taldeak eratzen hasiko gara. Talde txikiak sortuko ditugu, eta segurtasun neurriak beteta elkartuko gara. Elkar zaintzeko unea da; maite duguna zaintzeko unea da; euskara zaintzeko unea da.

Gogoan izan gure egitasmoa doakoa dela, debalde, dohainik. Ez duzue aitzakiarik, beraz. Konpromiso bakarra da ordu bete astean, lagun giro atseginean, euskaraz praktikatu eta bizitzea

Ez galdu aukera hau. Izena emateko, KLIKATU



2020/06/08

Durangaldeko kultur lehiaketa eta Esaera zaharren argazki lehiaketako irabazleak

Durangaldeko Kultur lehiaketa eta Esaera zaharren argazki lehiaketako irabazleak baditugu!
 
Konfinamenduak eragindako gorabeherak direla eta, saria atzeratu eta moldatu egin behar izan dugu.
 
Pozik hartu dute Jasone eta Ainarak saria: liburutan gastatzeko 100 euroko txartela, eskualdeko edozein liburu dendatan.
 
Zorionak bioi eta eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi.
 
 
 

2020/04/24

ESAERA ZAHARREN ARGAZKI LEHIAKETAKO IRABAZLEA

Badaukagu lehiaketako irabazlea.

Epaimahaia argazkilari eta berbalagun bik osatu dute. Ez da erabaki erraza izan, baina heldu gara adostasunera.

Ainara Ibañez da irabazlea. ZORIONAK! 

Egoera normaltasunera bueltatzean izango duzu sariaz gozatzeko aukera. Gogoratu saria aukeratu behar duzula: bi pertsonentzako bazkaria Plateruena Kafe Antzokian edo lau pertsonentzako sarrerak euskarazko edozein emanaldi ikusteko eskualdeko aretoetan.

Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi.




2020/03/27

Esaera zaharren argazki lehiaketara argazkiak.

Birusak ez gaitu mututuko, ezta irudimena suntsituko ere. Parte hartu ezaera zaharren argazki lehaketan.

Zer egin behar da parte hartzeko?


1. Aukeratu esaera edo atsotitz bat, hemen batzuk:
Nahiago baduzu, zeurea asmatu, baina euskaraz.

2. Eman bizia esaerari argazki batekin, eta bidali.

3. Bidali hona: durangaldea@aek.eus edo 639 400 786 (whatsapp) Jasotzeko azken eguna, apirilaren 20a.

Etxean egon arren, irudimena landu eta ondo pasatuko duzu! Zeren zain zaude?

Hona hemen orain arte jasotako argazkiak



























Atsotitzak eguneratzen


Batzuei itxialdiak bere barruko bertsolaria ateratzeko balio izan diote. Hala, egunotan whatsappeko kontaktuen artean bueltaka dabiltza hamaika esaera edo atsotitz. Etxeko pareten artean ez da irudimenik falta.

Esaera zaharren argazki lehiaketarako aproposak diren atsotitz edo esaerak dauzkazue hemen.

Zer egin behar da lehiaketan parte hartzeko?

1. Aukeratu esaera edo atsotiz bat. 
   Behean dituzue eguneratutako mordoxka bat.
   Hemen beste hainbeste: https://labur.eus/wvQGc

2. Zer datorkizu burura esaera horrekin? Eman bizia argazki batekin: egoera, pertsona, objektu... jarri irudimena martxan!

3. Bidali guri: durangaldea@aek.eus edo 639 400 786 (whatsapp)




2020/03/24

ESAERA ZAHARREN ARGAZKI LEHIAKETA


Etxeko itxialdiari aurre egiteko proposamena: 
ESAERA ZAHARREN ARGAZKI LEHIAKETA.

Euskal Herrian oso errotuta egon dira urteetan zehar esaera zaharrak. Hizkuntzari bizitasuna eta umorea ematen diote, bertsoen antzera.
Zenbat ezagutzen dituzu? Gehiago ezagutu nahi?
Esaera zaharrak ikasi eta irudimena lantzeko argazki lehiaketa proposatzen dizugu.

Zer egin behar da lehiaketan parte hartzeko?

1. Aukeratu esaera bat.
Hona hemen proposamen batzuk: https://labur.eus/wvQGc
Egunotan whatsappean bueltaka dabiltzan esaerak ere aproposak izan daitezke (beheko argazkia). 
Zuk aukeratu bat, hori bai, euskaraz!

2. Jarri irudimena martxan.
Aukeratutako esaerarekin erlazionatzen duzun egoera, pertsona, objektua... imajinatu.

3. Atera argazkia.

4. Bidali helbide honetara esaera eta guzti:
 durangaldea@aek.eus edo 639 400 786 (whatsapp)

SARIA AUKERATU: Plateruena Kafe Antzokian bi lagunentzako bazkaria (menu berezia) // Elorrio, Durango, Berriz eta Abadiñoko antzokietan euskarazko antzerki edo zinema ikusteko lau sarrera, zuk aukeratu!

Argazkiak aurkezteko epea: apirilaren 20ra arte.

Koronabirusari hortzak eta euskarari bihotzak!




2020/03/17

Koronabirusari hortzak eta euskarari bihotzak!

Kaixo, Berbalagun!

Zer moduz doa etxeko egonaldi behartua? 

Bakan batzuk oraindik lanera joaten jarraituko duzue; besteok, aldiz, telelana egiten ari gara; eta, oro har, guztiok imajinazioa erabiliz etxean entretenitzeko aukera bila.

Berbalagun egitasmoa euskaraz praktikatzeko programa baino gehiago da; harreman sarea da. Eta nola elikatu sarea? Bada, hauxe gure proposamena:

  1. Whatsapp taldeak bideo-hitzorduak egiteko erabiliko ditugu; mintzapraktika on-line bidez bideratuko dugu, ea nola moldatzen garen. Momentuz ohiko hitzorduak mantenduko ditugu. Etxean ere euskaraz PRAKTIKATU eta BIZI daiteke. 
  2. Kultur Lehiaketa. Oraindik ez duzu bete galdetegia? Zeren zain zaude ba? Martxoaren 30era arte luzatu dugu epea. Saria: liburu elektroniko bat. Hona hemen galdetegia betetzeko linka: https://labur.eus/xRZ5m
  3. Egunean behin. Mugikorrerako euskal aplikazio bat da; tribial estiloko galdera-erantzunen joko bat. Deskargatu mugikorrean playstoretik eta sartu Berbalagunen taldean (beheko kartelean xehetasun gehiago). Astero parte hartzaile guztien artean zozketa egingo dugu. Sariak egoera normaltasunera bueltatu eta gero banatuko ditugu.
  4. Berbalagunen asebetetzea neurtzeko galdetegia. Gure lana baloratu eta hobetzen laguntzeko zuen premian gaude. Bost minutu nahikoa duzu galdetegi hau betetzeko: https://labur.eus/Dazys
  5. Ekintzak atzeratuta, ez bertan behera utzita. Martxorako aurreikusitako ekintzak atzeratu egin behar izan ditugu. Agenda berrantolatzen ari gara. Adi, Berbalagun! Maiatza eta ekaina bete-beteta datorkigu: sukaldaritza ikastaroak, mendilagun irteerak, tuppersex, hainbat idazleren irakurketak, berbalagunen bazkaria...

    Berbalagun guztiok osatzen dugu. Horregatik, berrogeialdi hau pasatzeko, eta gerorako proposamenak, kritikak eta ideiak baldin badituzu, bidali helbide honetara: durangaldea@aek.eus edo 639400786 telefonora. 

    Besarkada handi bat Berbalagun guztioi!

    Zaindu dezagun elkar.




    2020/02/29

    4. Mendilagun: Urkiolatik Arrazolara

    URKIOLA-ARRAZOLA

    OTSAILAK 29

    Laugarren Mendilagun irteera izan da gaurkoa. Eguraldiaren iragarpenak begiratuz pasatu dugu astea, eta euriaren beldurrez esnatu gara Mendilagunak. Anbotoko Mariri eskatutako desioek balio izan digutela dirudi; euririk ez baitu egin. Anbotoren magaletan ibilaldi magikoa egin dugu, ta ze gustura, gainera!

    Gaurko hitzordua Durangoko Madalena autobus geltokian jarria genuen, goizeko 8:40eko autobusa hartzeko. Gehienak, jadanik, ezagunak izan arren, beste mendi irteeratara ere etorri direlako, jende berria ere animatu da gaurkoan. 18 laguneko koadrila elkartu gara autobus geltokian: Durangarrak, Elorriarrak, Axpetarrak, Zorrotzarrak eta Ermutarrak. 9:00etarako heldu gara Urkiolara. Motxilak soinean jarri, botetako lokarriak lotuta daudela ziurtatu, eta hasi gara mendian gora.


    Urkiolamendira heltzeko aldapa pentsa baino maldatsuagoa izan da. Berehala bukatuko zelakoan, bada ez, gorputza bizi-bizi, esnatzeko balio izan digu hasierako aldapatzarrak. Eta heldu gara bideko lehen tontorrera, Urkiolamendira. Mendi ederrez inguratuta egin dugu lehen geldialdia.


    Haize bortitza zebilen, eta euriaren beldur, ezin denbora luzez geratu. Ur pixka bat edan, eta berehala ekin diogu bideari. Hortik aurrera, aldapa gutxi izan dugu, eta txor-txor aritu gara, mingainari lana emanez. Lagun zahar eta berriak; ezagunak eta ezezagunak; Urkiolamendi igo orduko, denok ginen koadrila bereko Mendilagun. Bidexkatik inguruko landarediari begiratuz, atentzioa eman digu Nartzisoak ikusteak. Lore hori ederrak normalean baino lehenago loratu direla dirudi. Hala, bideari jarraituz, Zabalandira heldu gara.


    Zabalandi, izenak ondo adierazten duen lez, landa zabaleko ingurua da. Eurite handirik egin ez duen arren, hango landak berde-berde daude. Ezkerraldean Anboto utzita, guk aurrera jarraitu dugu; Andastora.


    Ikuspegi horretatik beste itxura bat hartu du Anbotok, triangelu forma. Zorrotzarrak sato eta guzti etorri dira, eta Obelixen edari magikoaren antzera, indar berritu gaitu ardoak. Ibilaldiko bigarren tontorra igo dugu, Andasto. Ordurako Arrazolan zain geneukan hamaiketakoarekin pentsatuz ekin diogu beherako bideari.


    Anboto atzean utzi dugu, eta erromatarren galtzadatik jaitsi gara. Euririk egin ez duen arren, harriak labainkor zeuden, eta kontu handiarekin jaitsi behar izan dugu aldapa. Nahiz eta tentuz ibili, Mendilagun kide bat erori, eta eskumuturra puskatu du. Ordurako ia Arrazolan geunden, eta gaitz erdi.

    Geldialdi eta azken orduko ezustekoa gora behera, pentsa baino beranduago heldu gara Arrazolara, 13:00ean. Arrazolako herritarrek herriko elkarteko ateak zabaldu dizkigute, eta hamaiketako eder batekin bukatu dugu goiz-pasa zoragarri hau.
    Gure baso eta zuhaitzek euskaraz hitz egiten dute. Agian, horregatik uztartzen dute hain ondo euskarak eta mendiak.

    Etxean, kalean, lanean eta mendian, bizi euskaraz!

    2020/02/08

    Durangotik Axpera Mendilagun irteera

    3. MENDILAGUN

    DURANGO-AXPE
    OTSAILAK 8

    Hirugarren Mendilagun irteera izan da gaurkoa. Azken asteotan jende askoren belarrietara heldu da Mendilagunen oihartzuna. Hala, Durangadeko mugak gainditu, eta sare sozialen laguntzaz, urrunera heldu da. Gaur 21 lagun elkartu gara; Durango, Elorrio, Arrazola,  Axpe, Zornotza, Donostia, Leioa eta Zorrotzarrak. Herri eta adin desberdineko jendea; elkartzen gaituena, mendia eta euskara.
    Hitzordua, 9:30ean Ibaizabal ikastolan. Eta esandako ordurako gehienok bertan egon gara. Batzuk aurreko mendilagunen txangoetara joandakoak, eta ez da aurkezpenik behar izan. Haatik, aurpegi berriak ere egon dira tartean. Aurkezpenak egin eta berandu baino lehen, Lourdes berbalagun mendizalearen gidaritzapean abiatu gara aldapa gora; ez nekerik, ezta logurarik ere. Aldapari aurre eginez, berba eta berba, isildu gabe ekin diogu bideari. Hasieran asfaltoa, eta gero mendi bidean sartu gara.

    "Aldapan gora pausorik pauso" eta hitz eta pitz. Hasieran aipatu dugu ez dela izerdilagun, berbalagun baizik. Hala ere, aldapan gora laster hasi gara berotzen eta izerdi patsetan jartzen. Momentuz euri arrastorik ez zeruan. Aldapa ez zela bukatuko zirudienean heldu gara Mendiolako paisaietara. Pare-parean ikusi ditugu; Anboto, Alluitz eta Axtxiki.


    Arnasa sakon hartu, ura edan eta taldeko argazkia ateratzera. Pareko haitz pusken panorama zoragarria. Baina zeruan laino ilunak pilatzen hasia zeuden, eta berehala berriz jarri gara martxan. Ttipi-ttapa, Larringaneko haize-errotara heldu gara. Beste geldialditxo eta argazki bat, Haize-errota eta mugarra mendia atzean ditugula.


    Mendiola igaro, eta pausoz-pauso Sagastara heldu gara; paisaia biziz eta baserri ederrez osatutako Abadiñoko auzoak. Mendiko haitz puskak eskuekin uki genitzakeela sentitu dugu. Ordurako lehen euri tantak sentitzen hasi gara, eta ezin geldialdi luzerik egin. Martxan jarraitu dugu, eta laster agertu zaigu Axpe herria parean. 12:40an heldu gara herriko plazara. Eta ohikoa dugun lez, tragotxo batekin eman diogu bukaera mendilaguni. Adiorik ez, hurrengo Mendilagun irteeran elkartuko baikara berriz.
    Mendilagun koadrila handituz doa. Zuk ere mendia eta euskara maite badituzu, zatoz gurekin. Eskualdea hurbilagotik ezagutzeko aukera izango duzu lagun giro paregabean.

    2020/02/02

    BADATOR berriz ere MENDILAGUN!

    Ez daukagu deskantsurik; zuekin zapatu goiz pasa egiteko gogotsu gaude. Pasa den astean Urkiolan barrena ibili ginen, eta oraingoan beste altxor batzuk ezagutuko ditugu; Durangotik Axpera joango gara oinez.

    Lagun artean goiz pasa atsegina igaro nahi baduzu, ez izan zalantzarik, eta lagundu Durangaldeko euskaldunon sarea zabaltzen.

     

     

    2020/01/31

    Agroekologia tailerra Arrazola


    Pasa den asteazkenean Arrazolako paraje ederretan elkartu ginen 15 berbalagun; durangarrak, berriztarrak, elorriarrak eta abadiñarrak. Bertan dago Amillena taberna.Vanesak, Lurrek eta Josek egin ziguten harrera, eta hasieratik etxean legez sentitu ginen. 

    Agroekologia kontzeptu zabala den arren, erraz azaldu eta ulertu genuen zertan datzan. Gure aiton-amonek egiten zutena, finean; sasoian sasoikoa eta gertukoa kontsumitu.

    Vanesak mahai bete barazki ekarri zizkigun. Batzuk, ezagunak; eta, beste batzuk, ezezagunak: tipula, baratxuria, azalorea, aza, lonbarda, pach choi eta aza txikia, besteak beste. Izurtzatik eskuratzen dituzte barazkiak, mota guztietako barazkiak. Mozteko taulak eta labanak esku artean, barazkiak mozteari ekin genion. Moztu bitartean, agroekologia zerekin lotzen dugun hausnartu genuen: zero kilometro, ekologikoa, zero zabor, merkatu txikiak, transgenikorik ez, laborantza naturala... Erosketak egitean hartu beharreko erabaki politikoez ere jardun ginen. 

    Barazkiak moztuta, sukaldean sartzeko unea heldu zen. Hiruko taldeetan elkartu, eta barazkiak wokean egiten hasi ginen. Bitartean, arroza jarri genuen egosten, Nafarroako arroza. 

    Batzuk sukaldean, eta beste batzuk kanpoan barriketan. Herri desberdinetako berbalagunak elkartu ginen, eta lagun berriak egiteko ere balio izan zigun tailerrak. 

    Bat-batean Vanesak afaria prest zegoela oihukatu zigun. Mahaia jarri eta agudo hartu genuen tokia, ordurako tripak orroka baitzebiltzan. Plater dotoreak, osasuntsuak eta zaporetsuak prestatu genituen. Jaten hasi, eta orduan, lehenengo isilunea mahaian.

    Eskerrik asko Amillenako neskei. Asko ikasi eta disfrutatu genuen zuekin.



    2020/01/27

    Urkiolatik Otxandiora Mendilagun koadrila


    Urkiola-Otxandio. Mendilagun irteera. 

    Urtarrilak 25, zapatua.


    Goizeko 8:30rako Durangoko Madalena geltokian normalean baino jende despistatu gehiago zebilen motxila soinean. Berbalagunak ziren; begiradek noiz topo egingo zain, eta beste berbalagun batzuekin elkartu nahian. 18 pertsonako taldea berehala osatu genuen, aurkezpenak egiten hasi, eta 8:40eko autobusera igo ginen. Logurarik ez, ilusioa zen nagusi jendearen aurpegian. Pozik abiatu ginen Urkiolara.

    9:10 ingururako Urkiolan jaitsi ginen. Taldea batu, denok geundela ziurtatu, eta ttipi-ttapa Otxandiorako bideari ekin genion. Kartelean genion bezala, urkiolako baso eta zuhaitzek euskaraz entzun gintuzten, ondo entzun ere! Berba eta berba, isildu gabe, pausoz pauso, konturatu orduko Olaetara heldu ginen. Bertan egin genuen lehenengo geldialdia. 

    Salda beroa hartu, eta berriz ekin genion bideari. Ttipi-ttapa, berba eta berba, Otxandiora heldu ginen. Historia handiko eta harrizko etxe ederrez osatutako herri bizia da Otxandio. Berbalagun batzuek bazekiten Otxandion gerra garaian gertatutakoaren berri. Orduan Otxandiarrek bizitako krudelkeriak ekarri genituen gogora. 1936ko uztailaren 22an, herria jaietan murgilduta zegoela, bonbardeatu zuten faxistek herria gupidarik gabe. Hildako 57 herritarren oroimenez egindako plaka ikusi genuen. 

    Gerra garaiko istorioak gordetzeaz gain, bada plazan pertsonaia berezi bat: Vulcano, burdinaren eta suaren jainkoa. XIX. mendearen hasieran, Otxandion 60 sutegi eta burdinola bat zeuden, burdin kantitate handia kontsumitzen zutenak. Burdinolek itzelezko garrantzia izan zuten herrian. 



    Urkiola eta inguruak hobeto ezagutu, gure herriko historia ikasi, lagun berriak egin, eta poteoan ibiltzeko denbora ere izan genuen. Amaiera bikaina eman genion Mendilaguni. 13:30eko autobusean bueltatu ginen Durangora, eta hurrengorako planak eginez agurtu genuen elkar.

    Eskerrik asko, Berbalagun! Itzelak zarete!

    2020/01/16

    MENDIA eta SUKALDEA


    Kalera irten, eta parean aurkitzen duzun edozeini denbora libreaz gozatzeko gustuei buruz galdetuz gero, badakigu zein izango den askoren erantzuna: mendia eta jana. Erantzun horrekin identifikatuta sentitzen bazara, toki onean zaude.

    Ez dago beste ezer esaterik. ADI beheko karteleei, eta eman izena bizkor eta konplexurik gabe.  




    2020/01/15

    2020an ZATOZ BERBALAGUNERA!


    Euskara praktikatzeak hamaika abantaila dakartza Durangaldera.

    2020ari 2019ari opa genion berdina opa diogu Berbalgunok: lotsa eta konplexuak alde batera utzi, eta euskaraz bizi ahal izateko bideak eraiki. Gure herrietako kaleak euskararen kolorez margotu nahi ditugu. 

    Familian, lanean, lagun artean, parrandan, zineman, sukaldean, irakurtzen, guztia euskaraz, noski!


    Bakarrik amets soila da, baina elkarrekin lor dezakegu. 
    Zatoz Berbalagunera. Aukera asko dituzu:
    • Astero elkartzen diren Berbalagun taldeak
    • Mendilagun
    • Irakurzale klubak Durangon eta Berrizen
    • Kanpo-ekintzak: sukaldaritza tailerrak, irteerak, ikuskizunak...
    • Praktikatu txartelarekin %50eko deskontua izango duzu Elorrioko Arriola Antzokian eta Durangoko San Agustin Kultur-gunean euskarazko emanaldietan. 
     Zeren zain zaude? Deitu edo bidali whatssapa: 639 400 786.