Pages

2020/02/29

4. Mendilagun: Urkiolatik Arrazolara

URKIOLA-ARRAZOLA

OTSAILAK 29

Laugarren Mendilagun irteera izan da gaurkoa. Eguraldiaren iragarpenak begiratuz pasatu dugu astea, eta euriaren beldurrez esnatu gara Mendilagunak. Anbotoko Mariri eskatutako desioek balio izan digutela dirudi; euririk ez baitu egin. Anbotoren magaletan ibilaldi magikoa egin dugu, ta ze gustura, gainera!

Gaurko hitzordua Durangoko Madalena autobus geltokian jarria genuen, goizeko 8:40eko autobusa hartzeko. Gehienak, jadanik, ezagunak izan arren, beste mendi irteeratara ere etorri direlako, jende berria ere animatu da gaurkoan. 18 laguneko koadrila elkartu gara autobus geltokian: Durangarrak, Elorriarrak, Axpetarrak, Zorrotzarrak eta Ermutarrak. 9:00etarako heldu gara Urkiolara. Motxilak soinean jarri, botetako lokarriak lotuta daudela ziurtatu, eta hasi gara mendian gora.


Urkiolamendira heltzeko aldapa pentsa baino maldatsuagoa izan da. Berehala bukatuko zelakoan, bada ez, gorputza bizi-bizi, esnatzeko balio izan digu hasierako aldapatzarrak. Eta heldu gara bideko lehen tontorrera, Urkiolamendira. Mendi ederrez inguratuta egin dugu lehen geldialdia.


Haize bortitza zebilen, eta euriaren beldur, ezin denbora luzez geratu. Ur pixka bat edan, eta berehala ekin diogu bideari. Hortik aurrera, aldapa gutxi izan dugu, eta txor-txor aritu gara, mingainari lana emanez. Lagun zahar eta berriak; ezagunak eta ezezagunak; Urkiolamendi igo orduko, denok ginen koadrila bereko Mendilagun. Bidexkatik inguruko landarediari begiratuz, atentzioa eman digu Nartzisoak ikusteak. Lore hori ederrak normalean baino lehenago loratu direla dirudi. Hala, bideari jarraituz, Zabalandira heldu gara.


Zabalandi, izenak ondo adierazten duen lez, landa zabaleko ingurua da. Eurite handirik egin ez duen arren, hango landak berde-berde daude. Ezkerraldean Anboto utzita, guk aurrera jarraitu dugu; Andastora.


Ikuspegi horretatik beste itxura bat hartu du Anbotok, triangelu forma. Zorrotzarrak sato eta guzti etorri dira, eta Obelixen edari magikoaren antzera, indar berritu gaitu ardoak. Ibilaldiko bigarren tontorra igo dugu, Andasto. Ordurako Arrazolan zain geneukan hamaiketakoarekin pentsatuz ekin diogu beherako bideari.


Anboto atzean utzi dugu, eta erromatarren galtzadatik jaitsi gara. Euririk egin ez duen arren, harriak labainkor zeuden, eta kontu handiarekin jaitsi behar izan dugu aldapa. Nahiz eta tentuz ibili, Mendilagun kide bat erori, eta eskumuturra puskatu du. Ordurako ia Arrazolan geunden, eta gaitz erdi.

Geldialdi eta azken orduko ezustekoa gora behera, pentsa baino beranduago heldu gara Arrazolara, 13:00ean. Arrazolako herritarrek herriko elkarteko ateak zabaldu dizkigute, eta hamaiketako eder batekin bukatu dugu goiz-pasa zoragarri hau.
Gure baso eta zuhaitzek euskaraz hitz egiten dute. Agian, horregatik uztartzen dute hain ondo euskarak eta mendiak.

Etxean, kalean, lanean eta mendian, bizi euskaraz!

2020/02/08

Durangotik Axpera Mendilagun irteera

3. MENDILAGUN

DURANGO-AXPE
OTSAILAK 8

Hirugarren Mendilagun irteera izan da gaurkoa. Azken asteotan jende askoren belarrietara heldu da Mendilagunen oihartzuna. Hala, Durangadeko mugak gainditu, eta sare sozialen laguntzaz, urrunera heldu da. Gaur 21 lagun elkartu gara; Durango, Elorrio, Arrazola,  Axpe, Zornotza, Donostia, Leioa eta Zorrotzarrak. Herri eta adin desberdineko jendea; elkartzen gaituena, mendia eta euskara.
Hitzordua, 9:30ean Ibaizabal ikastolan. Eta esandako ordurako gehienok bertan egon gara. Batzuk aurreko mendilagunen txangoetara joandakoak, eta ez da aurkezpenik behar izan. Haatik, aurpegi berriak ere egon dira tartean. Aurkezpenak egin eta berandu baino lehen, Lourdes berbalagun mendizalearen gidaritzapean abiatu gara aldapa gora; ez nekerik, ezta logurarik ere. Aldapari aurre eginez, berba eta berba, isildu gabe ekin diogu bideari. Hasieran asfaltoa, eta gero mendi bidean sartu gara.

"Aldapan gora pausorik pauso" eta hitz eta pitz. Hasieran aipatu dugu ez dela izerdilagun, berbalagun baizik. Hala ere, aldapan gora laster hasi gara berotzen eta izerdi patsetan jartzen. Momentuz euri arrastorik ez zeruan. Aldapa ez zela bukatuko zirudienean heldu gara Mendiolako paisaietara. Pare-parean ikusi ditugu; Anboto, Alluitz eta Axtxiki.


Arnasa sakon hartu, ura edan eta taldeko argazkia ateratzera. Pareko haitz pusken panorama zoragarria. Baina zeruan laino ilunak pilatzen hasia zeuden, eta berehala berriz jarri gara martxan. Ttipi-ttapa, Larringaneko haize-errotara heldu gara. Beste geldialditxo eta argazki bat, Haize-errota eta mugarra mendia atzean ditugula.


Mendiola igaro, eta pausoz-pauso Sagastara heldu gara; paisaia biziz eta baserri ederrez osatutako AbadiƱoko auzoak. Mendiko haitz puskak eskuekin uki genitzakeela sentitu dugu. Ordurako lehen euri tantak sentitzen hasi gara, eta ezin geldialdi luzerik egin. Martxan jarraitu dugu, eta laster agertu zaigu Axpe herria parean. 12:40an heldu gara herriko plazara. Eta ohikoa dugun lez, tragotxo batekin eman diogu bukaera mendilaguni. Adiorik ez, hurrengo Mendilagun irteeran elkartuko baikara berriz.
Mendilagun koadrila handituz doa. Zuk ere mendia eta euskara maite badituzu, zatoz gurekin. Eskualdea hurbilagotik ezagutzeko aukera izango duzu lagun giro paregabean.

2020/02/02

BADATOR berriz ere MENDILAGUN!

Ez daukagu deskantsurik; zuekin zapatu goiz pasa egiteko gogotsu gaude. Pasa den astean Urkiolan barrena ibili ginen, eta oraingoan beste altxor batzuk ezagutuko ditugu; Durangotik Axpera joango gara oinez.

Lagun artean goiz pasa atsegina igaro nahi baduzu, ez izan zalantzarik, eta lagundu Durangaldeko euskaldunon sarea zabaltzen.