Pages

2011/06/28

Errepasoa egiteko sasoia. Berbalagunak

Iurreta
10 berbalagun 2 taldetan


Elorrio
30 berbalagun 6 taldetan


Berriz
21 berbalagun 3 taldetan


Durango
99 berbalagun 12 taldetan


Abadiño
20 berbalagun 4 taldetan


Zaldibar
19 lagun 3 taldetan

2011/06/23

Errepasoa egiteko sasoia. Ekitaldiak

Osteratxo bat Himalayan barna ikus-entzunezkoa
Joseba eta Estiren eskutik
azaroaren 25ean Pinondo Etxean.
Muntaia bitxia.


Ardo-dastaketa ikastaroa
Ana Larrañagaren eskutik
abenduaren 13an Zaldibarko Goierriko txokoan.
Berbalagunez josita.


Ardo-dastaketa ikastaroa
Ana Larrañagaren eskutik
abenduaren 14an Matienako Errota kultur etxean.
Partaide beste aditu!


Gabonetako afaria
abenduaren 17an Berbaroren txokoan.
Kantu kantari.


Sagardotegira irteera
otsailaren 26an Aginagako Urdaira sagardotegira.
Txotx!


1000 milla ikus-entzunezkoa
Urdin eta Izaroren eskutik
martxoaren 31n Iurretako Ibarretxe kultur etxean.
Bidaiarien barne-barnetik emandako saioa.


Talogintza tailerra
Nieves Aranoa gidari
apirilaren 12an Elorrioko Alkartu txokoan.
Ikasi, egin eta jan!


RAM memoria argazki-erakusketa
Zaloa Fuertes argazkilariak aurkeztuta
ekainaren 1ean Zelaietako mediatekan.
Polita eta hunkigarria.


Alaskatik Ushuaiara bizikletaz bidaia-diaporama
Endika Fernandez-en eskutik
ekainaren 9an Zaldibarko liburutegi "zaharrean"
Interesgarria bezain sentimentala.


Ikasturte amaierako jaia
Erromeria.com-ekin
ekainaren 11n Plateruena kafe-antzokian.
Giro atseginez.


"Erdi aroko Durango eta Kurutzesantu museoa" bisita gidatua
ekainaren 14an.
Arratsaldeko saioa, hobea.

2011/06/16

Euskaldunon dena ospatu beharra!

Begi bat zabalik eta bestea zabaltzeko pronto da uda; berbalagunon aurtengo jardunaldia, alderantziz, begi bat itxita eta bestea ixteko gertu. Bai, lagunok, elkar agurtzeko sasoia ailegatu zaigu berbalagunoi. Baina lasai, lagunok, udak ere begiak itxiko ditu eta udazkena keinuka izango baitugu zain berbalagunok, datorren ikasturteari hasiera emateko.

Eta, jakina, ez dago euskaldun izaterik, behin elkar agurtzeko sasoia helduta, ospakizunik egiten ez bada. Eta horixe da, hain zuzen, gure berbalagunak garai honetan egiten dabiltzana: Ospatu! Ospatu eta... ospatu! Edozelan, baina ospatu! Beno, edozelan... edozelan... Gehienetan janaria tarteko dela egiten dugu euskaldunok ospakizuna. Hamaiketakoa, bazkaria, afaria, askaria edo pintxo-poteoa; edozein erak balio du ospakizunetarako, baina janaria eta edaria lagun, hori bai!

Zelaietako berbalagunek, esaterako, ez dute ospatzeko aukera hau galdu nahi izan eta atzo Soloa jatetxera joan ziren bazkaltzera. Argazkian antzeman daitekeenez, gainera, ez du ematen oso despedida tristea izan zutenik. Ez horixe!

2011/06/14

Durango ezagutuz

Gaur Durangoko berbalagunok herria hobeto ezagutzeko aukera paregabea izan dugu Turismo Bulegoarekin batera antolatu dugun "Erdi Aroko Durango eta Kurutzesantu museoa" ibilbideari esker. Bisitaldi bi izan dira gaurkoak: goizeko 10etan, bata; eta arratsaldeko 6etan, bestea.

Jon eta Uxue bisita-gidariek Durango uriaren sorreraren eta garapenaren berri eman eta hainbat eraikin historikoren gaineko ezaugarri eta berezitasunak azaldu dizkigute. Argazkian ikusgai dagoen Uribarriko Andra Mari basilikari buruz, esaterako, makinatxo bat kontu eta bitxikeria kontatu digute Jonek eta Uxuek.

Turisten moduan ederto baten ibili gara gaur makinatxo bat durangar. Eta herritik irten ere egin barik!

2011/06/07

LASTER. Euskara-ikasleen eta berbalagunen jaia

Zapatuan euskara-ikasleek eta berbalagunok ikasturte amaierako jaia ospatuko dugu. Ordu batean poteotxoa egingo dugu Goienkaletik Plateruena kafe antzokira, trikitixak girotuta. Ordu bi eta erdietan bazkaria izango da Plateruenan bertan, eta bazkalostean Erromeria.com arituko da bere musika eta kantuak lau haizetara zabaltzen.

Plan hoberik egongo da, egon; asko, gainera; baina hauxe ere ez da makala, ezta?

2011/06/05

LASTER. Alaskatik Ushuaiara bizikletaz

Ostegunean, hilak 9, arratsaldeko 7,30etan, Zaldibarko liburutegi "zaharrean" "Alaskatik Ushuaiara bizikletaz" bidaia-diaporamaz gozatzeko aukera izango dugu.

Berbalagun-ek antolatutako ekitaldi honetan Endika Fernandez ermuarrak Ameriketan zehar bizikletaz egin zuen abentura-bidaian izandako bizipenak kontatuko dizkigu, musikaz eta irudiz lagunduta.

Bidaiaren datu solte batzuk ematearren:
- Anchorage (Alaska) - Ushuaia (Argentina)
- 2005eko maiatzetik 2006ko ekainera
- 22.115 km. bizikletaz
- 176.584 m. aldapan gora

Beno, ez dugu uste ekitaldia erakargarria dela ziurtatzeko informazio gehiago ematea beharrezkoa denik, ezta? Eta zuek?

2011/06/04

LASTER. Bolo-txapelketa

Asteazkenean, arratsaldeko 7etan, Berrizko Ganekoetxe pareko bolatokian bolo-txapelketa izango da, Berrizko AEK-k antolatuta. Ekitaldia lehiaketak ez ezik, lehiaketaren ondoko luntxak ere osatuko du.

Bertaratutakoen artean taldeak egin eta txapelketaren epailea izendatu ondoren, bolo-txapelketari ekingo diote parte hartzaileek. Parte hartzaile bakoitzak botaldi bi egin ahal izango ditu eta helburua zutik dauden "txirloak" lurreratzea izango da. Azkenean, puntu guztiak batu eta puntu gehien lortu dituen taldeak luntxa doan izango du, gainontzeko partaide guztiek euren lepo hartuko baitute luntxaren ordainketa.

Bolo-txapelketaren antolatzaileek txapelketa honetan edozein euskara-ikaslek, berbalagunek edo euskaltzalek parte har dezakeela adierazi digute, parte-hartzea zabala izan dadin nahi dute eta.