Pages

2018/11/20

Mintzodromoa Durangon

Kaixo, berbalagun:

Hasi dugu ikasturte berria. Urte berezia datorkigu: euskaraldia, korrika eta nola ez, gu geu berbalagunok mihia euskaraz bustitzen jarraitzeko prest.
Azaroaren 23an hasi eta abenduaren 3a arte ehundaka berbalagunek eramango dugu soinean gure ahobizi eta belarriprest txapa.
Ahobizi nahiz belarriprest, euskaratik euskarara aritu nahi dugu aurten ere.
Euskaraldiko 6.egunean, azaroaren 28an Mintzodromoa egingo dugu.
Zatoz txapa eta guzti, eta izan ezazu belarria prest eta ahoa bizi-bizi.



2018/06/21

BOLO TXAPELKETA ETA IKASTURTE BUKAERAKO JAIA

Giro ezin hobean ospatu genuen ikasturte bukaera. Berbalagun mordoa biltzeaz gain hainbat herritar ere hurbildu ziren atzo Berrizera. Bolo txapelketa bizia izan genuen. Denok ere gogotsu, baina azkenean, Ángelek eta Tatianak eraman zuten saria. Ángelek, bolo jokalari onenaren saria eraman zuen, eta Tatianak, estilo onenaren saria.
Sariak banatu eta gero, jana eta edanaren bueltan ospatu genuen ikasturte bukaera.
Ikasturte edarra izan da.
Atzo, beste behin ere, Durangaldean euskara bizi bizi dagoela erakutsi ziguten. Ehundaka pertsona ari dira euskara ikasten, eta beste hainbeste astero elkartzen dira praktikatu eta hobetzeko.
Eskerrik asko guztioi.
Euskarak batzen gaituelako. Segi dezagun euskara maitatzen eta gozatzen!






2018/06/08

BOLO TXAPELKETA

Ikasturte bukaera ospatzeko plana proposatzen dizuegu. Ekainaren 19an, asteartea, Berrizko bolatokian elkartuko gara. Bolotan jokatu eta luntxa egingo dugu  Ganekoetxen.
Lagun artean eta giro onean ikasturte bukaera ospatzeko plan bikaina!


2018/06/07

ARGAZKI LEHIAKETAKO IRABAZLEA

Heldu da momentua, heldu da eguna irabazlea zein den esateko.
Argazkilari eta berbalagun baten arteko erabakia izan da,eta kostata hartutako erabakia.
Bittor Uriarte (Durango) da irabazlea. ZORIONAK BITTOR!
Eta Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi. Jarraitu txoko guztietan euskaraz bizitzen!

Atxondoko bailaran zehar ibilbide batean murgilduta nagoenean ANBOTO aurrez aurre ikustean sentitzen dudan lilura eta pasioa deskribaezina da. Neguan edurtuta dagoenean edota udan argi izpien distirarekin beti da ederra bere inguruan gozatzea eta erlaxatzea.


2018/06/06

ARGAZKI LEHIAKETAKO AZKEN ARGAZKIAK

Hemen dituzue Durangaldeko argazki lehiaketara aurkeztutako azken argazkiak. Gogoratu, txapelketan parte hartzeko epea agortuta dagoela
Bihar goizean iragarriko dugu irabazlearen izena. Argazkia eta testua, modu berdinean baloratuko dira, biak dira garrantzitsuak.
Zorte on opa dizuet parte hartutako guztioi.

 
Durangaldeko txokorik gogokoena?
Duda barik Atxondotik- Topera dagoen oinez-bidea.
Bertatik Anbotoren edertasuna, osotasunean ikusteko aukera ematen digulako.
Egunero, bueltatxo bat emotea zorte galanta dela pentsatzen dugulako.
Gure herria, eta bertako ingurua, maite dugulako.
 
 
 
 
Durangaldeko nire txokorik gustukoena hauxe da. Mendi gailurrez inguratuta, orduak konturatu gabe joaten zaizkit itsasoari begira. Birikak garbitzeko aukera aparta eskaintzen du toki honek. Eta ordenagailu edo mugikorren pantailak begietan sortzen diguten nekeaz atseden hartzeko baita. 
Urtaro guztietan dauka gainera bere xarma. Ez naiz nekatzen behin eta berriz hona etortzeaz.

2018/05/30

LEHIAKETARAKO ARGAZKI GEHIAGO

Argazkiak aurkezteko epea bihar bukatzen da, eta badirudi jendeak azken momentura arte itxoin duela. Hemen dituzue, bidali dizkiguten beste argazki batzuk.
Argazkilari profesional eta berbalagunak izango ditugu epaimahai.
Eta saridunaren izena datorren ostegunean jarriko dugu blog honetan. 


Dudarik gabe, Durangaldeko paisaiak aberastasun paregabea dauka. Gure ibaiak, ibarrak, mendiak, eta landak, basoak, fauna eta flora, baserriak, klima berezia... uste dut merezitako balioa behar duela. Argazki honetako txoko hau, horren adibide on bat da. Besaidetik Udalaitzera doan bidea Anboto atzealdean dugula... naturaren sentsazioa erabatekoa da. Hain paisaia ederra eta etxetik hain hurbil...





Nire argazkia Axpeko plaza ezaguna da. Plaza erdi-erdian dago eta bertatik bista ikusgarri zein ederrak ikus daitezke. Handik Anbotoko mendia ikusten da.Haren alboan jatetxe ospetsu bat dago, Etxebarri. Bertan jaten dutenek oso garestia dela esaten dute baina janariak merezi duela. Ez dago honelako beste lekurik edo txokorik!






 Intxorta tontorra (735m) Elgeta eta Elorrio artean kokatzen da, bakean sentitzen naiz han. Intxortan beti dabil haizea, batzuetan leun eta gozo eta bestetan bortitz eta busti. Bakarrik joatea gustatzen zait belarretan jarri eta egotera, horrela Intxorta sentitu egiten da. Nahi izanez gero mendiko oinetakoak jantzi, ogi koxkorra eta txorizo muturra sartu motxilatxoan eta han duzue zain. Ondo hartuko zaituztete!


Elorrio historiaz beteta dago. Bere jauregi eta kaleek Landa ingurune zoragarria egiten dute.  Argiñetako nekropolitik herriaren ikuspegi ederrak dauzkagu, nire herrialdeko oroitzapenak ekartzen dizkit. Mendiko ibilbideak naturaren artean daude. Herri honek ezagutzea merezi du.
Hau da nire etxetik hurbil dagoen paisaiarik ederrena. Eguraldia ona denean edo deskonektatzea nahi dudanean, gehien gustatzen zaidan lekua da. Beti hona etortzen naiz naturaren koloreak ikustera sasoi honetan oso bitxiak dira eta. Alde batetik, landareen berde ederra eta bestetik zeruaren urdina. Zerua hodei zuri-zuriekin betea dago mendiaren ondoan. Nahiz eta euria egin eta zerua laino grisekin bete, leku honek ez du bere edertasuna galtzen.

2018/05/29

Durangaldeko txokorik ederrena ARGAZKI LEHIAKETA

Hemen dituzue jasotako argazki batzuk. Gogoratu, argazkiak jasotzeko epea ostiralean, Ekainaren 1ean, bukatzen dela.
Oraindik garaiz zabiltzate zuen txoko gustukora joan eta klik batzuk egiteko. Idatzi hitz batzuk (30-40 hitz) zergatik duzuen gustuko azaltzen eta bidali.



 Atxondoko bailaran zehar ibilbide batean murgilduta nagoenean ANBOTO aurrez aurre ikustean sentitzen dudan lilura eta pasioa deskribaezina da. Neguan edurtuta dagoenean edota udan argi izpien distirarekin beti da ederra bere inguruan gozatzea eta erlaxatzea.






 

Arrazolatik hasi eta Anbotora bidean dagoen pagadia eta bertatik igarotzen den erreka magikoak dira. Edozein momentutan galtzagorriak, Lamiak edota Mari bera agertuko direla pentsatzen dut.




Nik Durangoko txoko hau dur gustuko nire etxeko sukaldetik ikusten diren bistak direlako. Argazkian, mendiak eta atletismo pista agertzen dira, eta hauek gehien gustuko ditudan gauzetatik batzuk dira. Nire ustez gainera, Durangoko lekurik eta orokorrean bistarik politenak dira eta  horregatik aukeratu dut txoko hau.
 

Bizitzak astintzen nauenean, Iruatxeta Goiko orratzera joaten naiz, bere aurrean jesartzen naiz eta isilean bere energiaz bustitzen naiz. Bere indarrak harritzen nau baita adoretasunak eta bakarlekuaren edertasunak ere. Han egoten naizenean, ezer ez da berdin, dena urrun geratzen da. Horregatik, bera da nire txoko xarmangarria. 

2018/05/24

AUSTRALIA BIDAIA KONTAKETA ZALDIBARREN

Izaro eta Urdin Elorriarrek Australian, bizikleta eta bere 3 urteko semearekin egindako bidaia kontatuko digute. Diaporama, hau da, argazki eta audioz uztartuta, bidaian izandako bizipenak kontatuko dizkigute.


2018/05/21

FOCACCIA ETA PIZZA SUKALDARITZA TAILERRA ELORRION

Oraingoan italiarrentzat oso bereziak diren 2 errezeta egiten ikasiko dugu: Focaccia eta Pizza. Focaccia, italiarren oso ogi berezi bezain tipikoa da, eta ezin goxoagoa. Eta pizza, dagoeneko gure jateko ohituretan oso sartuta daukagun elikagaia.
Tailerraren bukaeran, prestatutakoa lagun giroan dastatzeko aukera izango dugu.

2018/05/17

EUSKAL KANTUGINTZA HITZALDI-MUSIKATUA

Euskal Herriko historian zehar, musikaz eta magiaz beteriko bidaia hunkigarria egin genuen atzo, Mikel Markez eta Eñaut Elorrietaren eskutik.

Bidaia honetan, hamarkadaz hamarkada, egoera soziopolitikoa islatzen zuten irudiekin gure buruak behin eta berriz atzera egin zuen. Gure herriaren historian garai gogorrak izan arren, urte emankorrak eta sormen handikoak izan ziren. 60. hamarkadan sortu zen, adibidez, Ez Dok Amairu eta eztanda eragin zuen euskal musikagintzan. Haren errautsetatik hainbat egitasmo sortu ziren gerora: Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Benito Lertxundi...
Egoera politikoa aldatu ahala, kantagintza berria ere aldatzen joan zen. Gaur eguneko garaietara iritsi arte, baina nondik gatozen ahaztu gabe.
Musika entzuteko eta partekatzeko erabilitako gailuen errepasoa ere egin zuten: ahotsa, binilozko diskoa, kaseteak, CDak eta gailu elektronikoak.

Guzti hau eta askoz gehiago azaldu ziguten hitzez eta kantuz Mikel eta Eñautek.
Txoriak txori, Xalbadorren heriotza, Lau teilatu eta Baga biga higa bezalako kantu mitikoak entzuteko aukera izan genuen, han batu ginen denon gozamenerako.
 
Bideoan duzue emanaldiaren bukaeran abestu zuten Baga Biga Higa abestia, eta argazki batzuk.
















2018/05/11

DURANGALDEKO TXOKORIK EDERRENA ARGAZKI LEHIAKETA

Zein da zure durangaldeko txokorik gustukoena? Atera argazki-kamera edota mugikorra, eta hasi argazkiak ateratzen. Idatzi hitz batzuk zergatik duzun gustuko azaltzen eta bidali.



2018/05/10

EUSKAL KANTUGINTZA HITZALDI-MUSIKATUA

Datorren asteazkenean, Maiatzak 16, Mikel Markez eta Eñaut Elorrietarekin batera, euskal kantugintzaren historia errepasatuko dugu. Hitzez, kantuz, musikaz eta sentimenduz betea.
PLAZA MUGATUAK!
Deitu edo idatzi telefono honetara: 639 400 786


2018/05/09

GAZTANDEGIRA BISITA

Giro ezin hobea izan genuen atzo Sagasta auzoan, Aitor Urienek duen gaztandegian. Gazta egiteko ezinbestekoa den artaldea ezagutu genuen. Eta, hain gazta goxoa egiteko sekretua ezagutu genuen, Euskara!


2018/04/26

GAZTANDEGIRA BISITA

Aitor Urien, Abadiñoko artzain gazteak, Sagasta auzoan duen gaztandegia erakutsiko digu Maiatzaren 8an. Idiazabal gazta ederra nola egiten duen azaldu eta probatzeko aukera ere izango dugu.



2018/04/17

SUKALDARITZA TAILERRA DURANGON

Atzo, Apirilak 16, sukaldaritza tailerra eskaini ziguten Saltsanekoek. Gastronomia disfrutatzen, sentitzen eta bizitzen ikasi genuen, eta nola ez, BETI EUSKARAZ! Euskara izan zen gure osagai magikoa, platerak hain goxo ateratzeko sekretua.

GOGORATU! Ostegun honetan, Apirilak 19, Musikaterapia ikastaroa izango dela Elorrioko Iturri kultur etxean. Kasu honetan ere, euskara izango da protagonista nagusia. Lagun arteko giro bikainean ostegun arratsaldea igarotzeko plan ezin hobea!
PLAZA MUGATUAK! Idatzi edo deitu telefono honetara: 639 400 786


2018/04/11

MUSIKATERAPIA IKASTAROA ELORRION

Musikaren bidez egiten den terapia da musikaterapia. Gizabanakoaren ongizate fisikoa edo emozionala lortzea da terapia honen helburua; komunikazio bideak irekitzea, emozioak liberatzea, pertsonak lasaitzea. Azken batean sentimenduak askatzea.



2018/03/15

Udaberri usainarekin dator KANTU BAZKARIA

Euskaltzale,

Udaberria eta oporrak gainean ditugu jada. Eta aukera ezin hobea lagun artean kantatzen ospatzeko.

Gauza jakina da, euskara eta kantua, kantua eta euskara, bikote sinbiotikoa direla. Euskarak kantua behar du bizitzeko,eta kantuak euskara behar du gure ezpainak eta bihotzak euskararen melodiaz dantzan jartzeko.

Kantua, euskara, eta lagun arte giro bikaina izango dira datorren larunbateko kantu bazkariko protagonistak. Egun magikoa, inolaz ere!

Txartelak Durango, Elorrio eta Zornotzako AEK euskaltegietan salgai.
Bizkor ibili, azken egunak!

KANTATZEN DUEN HERRIA EZ DA INOIZ HILKO!


2018/03/09

KANTU BAZKARIA

Martxoak 24, larunbata, kantu bazkaria egingo dugu Plateruena Kafe antzokian. Bertara, Arantxa eta Pantxok betiko kantuak ekarriko dituzte. Berbalagun, euskara ikasle eta euskaltzale oro kantuaren inguruan biltzeko aukera ezin hobea.


2018/03/07

barreterapia

Atzo, barreterapiaren bitartez, euskaraz barre egitea oraindik ederragoa dela ikasi genuen. Barrearen hizkuntza internazionalaren bueltan, euskarak eta bizi pozak batu gintuen. Momentu ederrak!


2018/03/05

Benito Lertxundiri buruzko hitzaldia

Imanol Artola Arretxek (Amezketa,1989), Benito Lertxundiren kantagintza eta euskal nazioaren eraikuntza parekatu ditu. Gehiago jakin nahi izan ezkero, Martxoaren 15ean Berrizko Kultur etxera hurbildu zaitezte.




2018/03/01

UDABERRIKO EKINTZAK

Adi euskaltzale! 
Euskara sustatu, praktikatu eta ongi pasatzeko aukera ezin hobeak udaberrian.



2018/02/21

BARRETERAPIA IKASTAROA

Aupa lagunok!

Aisialdian ere euskaraz aritzeko eta ondo pasatzeko aukera ezin hobea.
Martxoaren 6an BARRETERAPIA ikastaroa egongo da Abadiñon, Txanporta kultur etxean.

Animatu zaitezte!


2018/02/15

kultur lehiaketa

Kultur lehiaketaren irabazlea: 
 Leire Gomez Jurado (Matiena)!

Zorionak Leire! Eta, eskerrik asko parte hartu duzuen guzti guztioi, aurten 400 partaidetik gora izan zarete!

2018/01/30

REFLEXOLOGIA

Otsailaren 15ean (Berrizen) eta otsailaren 21ean (Zaldibarren) reflexologia saioak antolatu ditugu. Aukeratu hoberen datorkizun data eta eman izena, plaza mugatuak daude eta.


2018/01/16

Internet: sarean seguru!

 INTERNET: sarean seguru!


Gero eta gauza gehiago egiten ditugu sarean; erosketak, sare -sozialetan parte hartu, iritziak eman, argazkiak igo... hainbat web orrialdetan gure datu pertsonalak ematen ditugu. Baina ba al dakigu egiten duguna egokiena den?

Horretaz guztiaz hitz egingo digute Tapuntuko lagunek, bi saio antolatu ditugu, aukeratu hoberen datorkizuna eta eman izena. Ikastaroak gehienez, 2 orduko luzera izango du.
 



2018/01/09

Buruko masaje ikastaroa

Buruko masaje ikastaroa Iurretako kultur etxean
urtarrilaren 17an, asteazkena, arratsaldeko 18:00etan.
Eman izena plaza mugatuak baitaude!