Pages

2011/03/25

KORRIKA 17. "Izan, egin, eragin. EHE" dokumentalaren aurkezpena

Asteartean, hilak 29, iluntzeko 8etan Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz dokumentalaren aurkezpena izango da Plateruena kafe-antzokian. Korrika Kulturaleko ekitaldi hau Euskal Herrian Euskaraz euskararen aldeko taldeak ekoiztutako dokumentala da.

Dokumental hunkigarri honetan hainbat EHEko kide eta euskaltzalek hogeitaka urtetan izandako bizipenak, hausnarketak eta iritziak batzen dira, beti ere euskara ardatz, hizpide eta irizpide hartuta. "Ez daude bi ur tanta berdin, baina denek dute euskaraz biziko den herriaren alde izan, egin eta eragiteko konpromisoa".

*Aurkezpenera joaterik ez baduzu:

2011/03/17

ORAINTSU. Sagardotegian

Autobus bete berbalagun izan ginen joan den hilean Aginagako Urdaira sagardotegian. Sagardotegira bidean, Getarian, egin genuen "derrigorrezko" geldialdia. Bertan, giro onean, "nahitaezko" poteoari ekin genion, trikitixaren aireek alaituta. Getariako txakolina dastatu eta gero autobusean sartu eta sagardotegirantz abiatu ginen.

Sagardotegian aurtengo Gipuzkoako sagardoa edan ahal izan genuen, baita sagardotegikoa ohikoa den menua jan ere. Afaldu ondoren kupelik kupel eta dantzarik dantza ibili ginen sagardotegian zehar (beno, egia esanda, batzuk ondoren, bitartean eta orduko ibili ziren).

Bada, dena den, sagardotegitik bueltan, eusko labeldun gutiziak dastatzearekin ase ez edo konforme ez, eta lo egitera joan baino lehen, kebab izeneko janari turkiarrari "eraso" egin zionik. Ezta, Endika?

2011/03/15

KORRIKA 17. Euskalaketa

Barikuan, hilak 18, gaueko 8,30etan Plateruena kafe-antzokian Euskalaketa bakarrizketa-lehiaketa izango dugu ikusteko eta entzuteko moduan.

Korrika Kultural barruan antolatutako ekitaldi honetako lehiakide bakoitzak lan bi egin beharko ditu. Lehenengo lana aurrez prestatutako gai libreko bakarrizketa bat izango da; bigarrena, berriz, euskalakari hitza gai hartuta garatu beharreko bakarrizketa izango da.

Apirilaren 17an Donostian finala izango duen euskalaketa lehiaketa honen lehenengo kanporaketa da Durangon barikuan egingo den kanporaketa hau.