Pages

2011/01/13

BERBALAGUNAK. Estelle

Argazkiko eskiatzailea Estelle Guillaume da. Estelle Suitzako mendietan, bere jaioterriko mendietan. Ederto aprobetxatu ditu, bai, Estellek Gabonetako oporrak. Bai, baiezkoan nago. Eta enbidia apur bat ematen du, ezta?

Estelle Durangoko berbalaguna da. 2004. urtean Durangora etorri zen gaztelania hobeto ikasi nahi zuelako eta, gaztelania ez ezik, euskara ere lantzen hasi zen. Berbalagun-en, berbalagunkide guztion moduan, euskara lanzen saiatzen da. Gainera, bizkaiera apur bat ere ikasi omen du berbataldean.

Estellek kontatu digunez, ama Erresuma Batukoa da eta aita Suitzakoa; eta bizi, Ginebra ondoan bizi izan da urteetan, baita Beirut-en ere. Alemaniara ere alemaniera hobetzera joana da. BAINA Estelleri bere ama-hizkuntza zein den (diren) kontatzea ahaztu zaio eta guk orain jakinmina daukagu (frantzesa ote? ala inglesa? ala biak? ala besteren bat, akaso?). Beno, Estelle, argitu egin beharko diguzu afera hau, bakean lo egin dezagun.

Zein zaletasun dituen kontatzea ere ahaztu zaio gure Estelleri, baina, bera apurtxo bat ezagututa, antzematen erraza dela esan genezake: hizkuntzak, bidaiak, eskiatzea... eta irakurtzea, agian?

2011/01/10

BERRIRO ERE ZUEKIN

Gabonetako oporraldia amaitu da eta zuekin gaude berriro ere, gorputza eta arima bizkortuta. Aurrerantzean, orain arteko moduan, berbalagunok osatzen dugun "familia handia" izango du blog xume honek hizpide, oinarri eta ardatz.

Beno, lagunok, gero arte. Eta baten batek esaten duen moduan: "Honekin edo harekin, baina egin".

2010/12/20

BERBATALDEAK. Sariaz gozatzen

Ezkerretik eskumara, aurrealdean jarrita, Nerea, Angel, Eva, Ismael eta Ana daude; atzean Jose dago; eta zutik -eskuman- Jose Inazio. Berbalagun hauek maiatzean berbalagun guztien artean egin zen kultur-lehiaketa irabazi zuten eta azaroaren 27an saria disfrutatzera, hau da, Plateruena Kafe Antzokira bazkaltzera joan ziren. Jose Inaziok diƱoskunez, Laurak eta Josefinak osatzen dute berbataldea, baina ez zuten afarira joaterik izan.

Angelek eta Jose Inaziok menuaren xehetasunak eman gura izan dizkigute, baina ez batak ez besteak, ez dute menua zehatz-mehatz gogoratzen. Dena den, bapo bazkaldu zutela eta zerbitzaria (singularrean) oso jatorra zela baieztatu digu Angelek. Jakin ahal izan dugunez, Kafe Antzokiko ospakizun hau ez da berbatalde honek aurten egin duen ospakizun bakarra, beste afari bi gehiago ere egin baitituzte, dagoeneko.