Pages

2010/12/14

LASTER. Gabonetako afaria


Barikuan, hilak 17, Berbaroren txokoan euskara-ikasleok eta berbalagunok sasoi honetan ohikoa den afaria egingo dugu. Aurtengoa kantu-afaria izango da eta denok izango dugu abesteko nahi beste aukera. Trikitixa ere izango dugu lagun afalaurreko poteoa bitartean.

Trikiti-poteoa egin, jateko gozoa dastatu eta euskal kantei ekiteaz gain, bestelako helburu batzuk ere betetzen ditu Gabonetako afari honek; berbalagunok eta euskara-ikasleok elkar ezagutzea eta harremanetan jartzea, besteak beste.

Beraz, ez iezaiozu ezetzik esan, ikaskide edo berbalagunkide hori, urteari amaiera ona emateko daukazun eskaintza honi. Dei ezazu lehenbailehen Berbalagun-en telefonora eta eman ezazu izena.

2010/12/10

BERBATALDEAK. Igerilekuan

"Ez daukagu beti zertan tabernan geratu; beste nonbaiten ere bil gaitezke... eta datorren astean igerilekuan batzen bagara...?" Esan eta egin. Horrelaxe egin zuten Durangoko berbataldekide hauek. Eta gure lagunen aurpegi irribarretsuak ikusita, bete-betean asmatu zutela pentsa dezakegu. Bai horixe!

Igerilekuko ur beroak eragindako lurrunez inguratuta ageri da gure "sirena-taldea" argazkian. Maite taldekidea ere bertan egon zen, baina berari argazkilari-beharrak egitea egokitu zitzaionez... bada, lasai, Maite, beste baten harrapatuko zaitugu eta.