Pages

2010/12/09

LASTER. Ardo-dastaketa ikastaroa


Adi! Adi, Zaldibarko eta Abadiñoko berbalagunok! Zeuontzat bereziki ardo-dastaketa tallerra antolatu baitugu, ardoari buruz apur bat gehiago ikas eta jakin dezazuen. Astelehenean, hilak 13, arratsaldeko 7etan Goierriko txokoan izango duzue zaldibartarrok txanda; abadiñarrok, ordea, asteartean, hilak 14, arratsaldeko 7etan Matienako Errota Kultur Etxean.

Ikastaroan ardoek dauzkaten ezaugarriak antzematen eta bereizten, baita klimak eta lurrak ardoaren osaketan daukaten eragina ere erakutsiko digu Ana Larrañaga adituak.

Beraz, badakizue lagunok. Ardoa dastatu eta berari buruz zeozer gehiago ikasi nahi baduzue, dei ezazue lehenbailehen Berbalagun-en telefonora, izen-ematea dohainik da, baina erreserba aldez aurretik egin behar baita.

2010/12/08

EGUNOKAZ. Xabier Lete hil da

s
Pasa den larunbatean Donostia ospitalean zendu zen Xabier Lete, 66 urte zituela, urteetako gaixotasun larri baten ondorioz.

Xabier Lete oiartzundarrak eragin handia izan du euskal kantagintza modernoan. Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen musikari hau. Baina idazlea ere -idazle ekina, izan ere- izan da Xabier Lete eta, horregatik, kantari askok bere hitzak erabili dituzte. Euren artean, Lourdes Iriondorekin eta Antton Valverderekin, batez ere, elkarlan estuan ibilia da Xabier Lete. Bertso zaharrak berreskuratzen ere lan handia egin zuen Letek.

Xabier Letek sortutako poema eta abesti asko oso ezagunak dira, Ez dut amets haundirik, Izarren hautsa, Itsasoan urak haundi, Haizea dator ifarraldetik eta Xalbadorren heriotzean, esaterako.

2010/12/01

LASTER. Euskal Liburu eta Disko Azoka


Zapatuan zabalduko ditu Gerediaga Elkarteak Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokako ateak. Aurtengo edizioa 45. edizioa da eta, urteroko moduan, nobedadez josita dator aurten ere. Ondotxo dakizuenez, Euskal Herrian ekoiztutako musika eta literaturaren erakusleiho erraldoia izateaz gain, leku guztietako euskaldunen topagunea da Durangoko Azoka.

Aurtengo Argizaiola saria Imanol Urbieta musikari eta idazle emankorrak jasoko du; Imanol Urbieta pedagogoa eta musikaria da eta oso ezaguna, batez ere, umeentzako abesti ospetsu askoren egilea delako. Bestalde, aipatu ere egin behar da aurtengo Liburu eta Disko Azokaren gaia "erotismoa" dela eta herrialde gonbidatua Kurdistan.

Giro sanoan eta euskaldunean murgilduta ibiltzeko nahiko aitzakia ederra eskaintzen digu berez Liburu eta Disko Azokaren gertakizun garrantzitsu honek; baina hau gutxi balitz, Esne Beltza, Gatibu, Ken Zazpi eta Bide Ertzean musika-taldeen kontzertuak izango ditugu Plateruena Kafe Antzokian entzuteko eta ikusteko moduan.

Zapatura arte, lagunak!