Pages

2011/02/21

LASTER. Sagardotegira

Zapatuan, hilak 26, berbalagunok Aginagako Urdaira sagardotegira joango gara. Euskaltegiek, euskara-taldeek eta oro har, euskaldunok sagardotegietara joateko dugun aspaldiko ohitura "bere" egin du Berbalagunek ere; izan ere, aurten Berbalagunek sagardotegira antolatu duen txangoa Berbalagunen zortzigarren txangoa da.

Bazkaldu ondoren -arratsaldeko 4retan- irtengo du Durangaldetik sagardotegira eroango gaituen autobusak. Bidean, ohi denez, geldialditxo bat egingo dugu Getarian kafetxoa hartu eta paseadatxoa egiteko.

Eta sagardotegian, badakizue lagunok: bakailao-tortilla, bakailao frijitua piperrekin eta txuleta. Eta intxaurrak, gazta eta irasagarra. Eta trikitixa. Eta... eta... eta TXOTX! (jakina!)

2011/02/15

LASTER. Jon Sarasua, Amets Arzallusek elkarrizketatua

Ostegunean, hilak 17, iluntzeko 8etan Durangoko Plateruena kafe-antzokian Amets Arzallus bertsolari ospetsuak Jon Sarasua bertsolari ohia eta soziologoa elkarrizketatuko du. Elkarrizketa-saio hau Plateruena kafe-antzokiak antolatutako Berbertan ekimeneko bigarren elkarrizketa-saioa da.

Euskal kultura geure esku.

2011/02/07

LASTER. Benito Lertxundi, Pako Aristik elkarrizketatua


Ostegunean, hilak 10, iluntzeko 8etan Durangoko Plateruena kafe-antzokian Pako Aristi idazleak Benito Lertxundi musikaria elkarrizketatuko du. Irekia izango ei da elkarrizketatzea, non entzuleek ere parte hartzeko aukera izango duten.

Elkarrizketa-saio hau Plateruena kafe-antzokiak antolatutako Berbertan elkarrizketa-zikloko lehenengoa da. Berbertan ekimenak elkarrizketatzaile zorrotzak eta zeresan handiko elkarrizketatuak batu nahi ditu, euskal kultura ardatz izanik.

Kultura eta euskara, bizirik eta zuzenean, toki zabal eta erosoan, kafeaz edo garagardoaz lagunduta. Ez dago gehiago eskatzerik, lagunok!

2011/02/04

Berbalagun. Formulak ondo funtzionatzen du

Atzo aurkeztu zituen Aztiker soziolinguistika-klusterrak Mintzapraktika egitasmoen eraginkortasuna neurtzeko ikerketaren emaitzak Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan. Eusko Jaurlaritzaren enkarguz egindako ikerketa hau Topagunea eta AEKrekin batera egin du Aztikerrek.

2004-2005 ikasturtetik 2008-2009 ikasturte artean jasotako datuak aztertuta, mintzapraktika, zalantza barik, eraginkorra dela ondorioztatu dute Aztiker taldeko teknikariek. Izan ere, parte-hartzaileen %95ek mintzapraktikari esker euskara maila hobetu duela dio. Gainera, euskara lehen baino gehiago erabiltzen duela baieztatu du %90ek eta lagun euskaldunekin euskaraz gehiago egiten duela %76k.

Horrez gain, Mintzapraktika egitasmoen parte-hartzaile kopuruaren hazkundea nabarmentzekoa da, 2004-05 ikasturtean 1.041 lagun izatetik ikasturte honetan 4.000 lagun inguru izatera heldu gara eta. Horrelako hazkundea izaten duten ekimenak oso gutxi direla eta masa-fenomeno baten aurrean egon gaitezkeela azaldu dute ikerketaren arduradunek.

ikus txostena

2011/02/03

Berbalagun-ek Iurreta lagun

Azaroan udalarekin elkarlanean hasi eta abian jartzeko lanak egin ondoren, martxan hasi da Iurretan Berbalagun egitasmoa. Euskaraz elkarren artean, elkarren ondoan eta elkarri egiteko asmoz batu dira lehenengoz aste honetan Iurretako berbalagun berriak.

Euskara hobetu eta lotsa barik kalean erabiltzeko aukera ematen duen Berbalagun gureak hazia jarri du, beraz, Iurretan ere. Hazia erne, garatu eta loratu artean, egitasmoa eta euskara zaintzen jarraituko dugu guk. Egon seguru!

Aitte San Migel Ijorretako
zeru altuko loria
agure zaharrak jantzan ikusi-ta
harek eitten jok barria.